GASTEIZ - Beste urte batez, gaur egungo arazoei aurre egiteko helburuarekin lanean jarraitu nahi dute Judimendiko gazte asanbladakoek. Hori dela eta, Judimendiko gazte asanbladak Gora Judimendi! dinamikari ekingo diote. "Auzoko gazteon arteko saretzea, auzo boteretik jaiotako eta auzo bizitza indartzea helburu dituzten planteamenduak eta ekintzak burutzera helburu duen dinamika da", azaldu zuten atzo."

"Gaur egun, kontsumoaren logikan kokatzen den sistema honen islak maiz ikusten eta ondorioak pairatzen ditugu. Aurpegi ezberdinak, baina denak sistema kapitalista hetereopatriarkalaren azal, gure auzoak daukan kolorea kenduz. Alde batetik komertzio txikiak multinazionalen menpe geratzen, etxebizitzaren ateak gazteoi ixten eta lan prekarioen bitartez gazteon bizitzak itotzen dizkigute", azaldu zuten Judimendiko gaste asanbladatik. Eta gaineratu zuten: "Etenik ez duen zaharkitze prozesu batean murgildurik gaude, non Judimendin bizitzeko gero eta oztopo gehiago ditugun gazteok. Emakumeok, berriz, sistema honen logikan merkantzia bezala bizitzera kondenatzen gaituzte, egunerokotasunean erasoak pairatuz. Gazte espazio euskaldun eta anitzen alde egingo dugu. Bertan kapitalaren eskuetatik at dauden auzo proiektuak martxan jartzeko aukera emanez. Hortaz, Sumendi bezalako proiektuak indartzera eta babestera ekingo diogu, auzoari nortasuna eman eta itotzen gaituen auzo eredu honetan, auzokideentzako arnasgune bilakatu dena".

Ildo horretatik, inposizio ereduarekin hautsi nahi dutela azaldu zuten atzo asanbladatik, eta eredu ezberdinak sortzeko beharra nabarmendu zuten ere. " Judimendi koloretako pieza ezberdinez osatuta dago, horregatik, puzzle honen parte ez diren piezak alde batera utzi nahi ditugu. Honen aurrean, Judimendiko gazte asanbladak Gora Judimendi! dinamikari ekingo dio. Judimenditar izaeraren sentimenduaz harro sentitzea islatu nahi dugu, alegia. Horretarako, gure auzoa osatzen dituzten elkarte, eragile, kolektibo eta auzokideekin harremanetan jarriko gara, Judimendiren inguruko diagnostikoa osatzeko", nabarmendu zuten. Auzoaren gabeziei aurre egingo dietela ere adierazi zuten "eta indarguneak indarberritu". "Lehenengo lau piezak jarrita daude, orain zure txanda da!"- - E. F. D.