GASTEIZ- Erakundeak eta herritarrak gero eta gehiago kezkatzen dituen gaia da ingurumena. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak herritarren kontzientziazio handiagoa lortzeko lan egiten du eta 850.000 euro baino gehiagoko laguntza emango du, Arabako 31 proiektu hainbat udalerritan banatuta. Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko mailan, Eusko Jaurlaritzak 3,2 milioi euroko laguntza banatuko du hainbat udalerritan 142 ingurumen proiektu egikaritzeko.

Eltziego hegoaldeko biodibertsitatea kontserbatzea Ebro ibaian jarduketak eginez, Gasteizko udalerrian iraungitako flora mehatxatua berriro sartu edo Gaubeako Paisaiaren Ekintza Planaren eremuan habitat naturalak eta konektibitate ekologikoa hobetzeko ekintzak egitea. Horiek aurrera eramango diren eta diruz lagundu diren proiektu ezberdinetatik hiru baino ez dira baina askoz gehiago daude. Pixka bat gehiago zehaztuz diru-laguntzak jaso dituzten udalak hauek dira, besteak beste: Zuia (675 euro), Legutio (250 euro), Amurrio (4.600 euro), Laudio (6.863,50), Alegria (80.000,00) eta Gaubeako 50.000 euro baino gehiago, Gaubeako paisaiaren ekintza-planaren eremuan habitat naturalak eta konektibitate ekologikoa hobetzeko ekintzetarako.

Euskal Autonomia Erkidegoko mailan, proiektu horietan, ibilgailu elektrikoak eskuratuko dira (6 proiektu); aldirietako aparkalekuak eraikiko dira (4 proiektu); bidegorriak edo mugikortasun sortzaileen konexioa lehenesten duten bidegorri konexioak eraikiko dira (10 proiektu); klima aldaketara egokitzeko ekintza planak sortuko dira (5 proiektu) eta horren ondorioak murrizteko egokitzapen neurriak garatuko dira (4 proiektu). 29 proiektu horiek garatu ondoren, urtean 1.133 tona CO2, 3.883 kg NOx eta partikulen 415 kg gutxituko dira; horrez gain, 7,37 km bidegorri eraikiko dira, 261 aparkamendu plaza sortuko dira udalerri barneetako trafikoa ekiditeko eta klima aldaketara egokitzeko 5 ekintza plan sortuko dira. Ondare naturala kontserbatzeko dirulaguntza lerroan aniztasun ekologikoa eta geoaniztasuna kontserbatzeko, eraberritzeko edo hobetzeko 29 proiektu daude, eta 711.381 euro jasoko dituzte. Hala, aurreko deialdian lerro horri emandako baliabideak %40 gehitu dira.

Guztira, Natura Sarea 2000ko 14 espazioetan gauzatuko dira dirulaguntza jasoko duten proiektuak; horietatik 8 Gipuzkoan daude, 5 Araban eta 1 Bizkaian. Gainerako proiektuetan, hiri inguruko, baso eremuetako edo inpaktu ezberdinak sufritu dituzten nekazaritza guneetako ingurumena berreskuratuko da, ondare naturalerako interesekoak diren leku bihur daitezen. Horrez gain, bioaniztasuna hobetzeko ekintzak ere gauzatuko dituzte paisaiari eta ondare kulturalari balioa emateko proiektuetan. "Dirulaguntza jasoko duten proiektuetan zuzenean sustatuko da intereseko habitata duten 200 hektarea ingururen kontserbazioa, eraberritzea edo hobekuntza, eta horien artean nabarmentzekoak dira baso naturalak, nagusiki hariztiak, pagadiak eta artadiak; horietan nagusiki masa hobetuko da edo espezie aloktonoek okupatutako eremuak berreskuratuko dira", azaldu dute Eusko Jaurlaritzatik. Deialdian gainera, laguntza ekonomikoa eman da lursailen 12 hektarea erosteko, eta horietan, ingurumena berreskuratzeko jarduketak gauzatuko dira. Era berean, desagertzeko arriskuan dauden fauna eta flora espezieak kontserbatzeko eta berreskuratzeko proiektuak nabarmendu behar dira. Azpimarratu egin behar dira kiropteroentzako (saguzarrak), anfibioentzako eta narrastientzako egokiak diren habitatei laguntzeko ekintzak. Espezie horietako asko Mehatxatutako Espezieen Euskal Katalogoan daude, eta bereziki zaurgarriak dira klima aldaketarekiko. "Horrez gain, garrantzitsuak dira baita ere basoko hegaztiak edo hildako egurra jaten duten intsektuak. Ibaiak eta ibaiertzak ere kontuan hartu dira, eta landaredia lehengoratzeko dirulaguntzak emateaz gain, laguntzak eman dira baita ere Ega-Berron, Nerbioi-Ibaizabal eta Kadagua-Ametzaga ibaietako 20 kilometrotan hondakin solidoak garbitzeko". Bestalde, deialdi honetan ere, 600.000 euroko aurrekontua eman da kutsatutako lurzoruentzat eta jasangarritasunerako hezkuntza kapituluan, laguntzen 365.000 euroren bidez 371 ikastetxeetako 187.000 ikaslerekin lan egingo da.