Gasteiz - Zenbait ikasle, guraso eta irakasle gerturatu ziren atzo UPV/EHUko farmazia eta letren fakultatetara haien unibertsitate etorkizuna argitzeko asmoz. Bertan, Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatearen 2020ko Unibertsitate Orientazioko Azoka ospatu zen, unibertsitatera jauzia emango duten ikasleen zalantzak argitzeko eta UPV/EHUren 2020-2021 ikasturteko graduen eskaintzari buruzko informazioa aurkitzeko ere.

Bestalde, gai hauen inguruko informazioa ere jaso zuten unibertsitate aurreko ikasleek: unibertsitatera sartzeko bideak, tasak eta bekak, unibertsitateko ostatua eta garraiobideak, kirol eta kultur jarduerak, mugikortasun programak, praktikak eta enplegua, graduondoko ikasketak, etab.

Unibertsitateak aurreratu zuenez, 82 gradu titulazio eskainiko ditu datorren ikasturtean; 102 guztira, campus batzuetan aldi berean ematen direnak kontuan hartuz gero. Azpimarratu nahi izan zuten ere sei titulazio berri izango direla: Adimen Artifizialeko Gradua, Haur Hezkuntzako Gradua (hirueleduna); eta zenbait gradu bikoitz: Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza + Ekonomia, Politika Zientzia eta Kudeaketa Publikoa + Soziologia, Ikus-entzunezko Komunikazioa + Kazetaritza eta Kazetaritza + Publizitatea eta Harreman Publikoak. Berrikuntza horiekin batera, “eskaintza akademiko zabala mantenduko da datorren urterako, graduei zein graduondokoei dagokienez, baina kontuan hartzekoak dira, batik bat, gradu bikoitzak eta prestakuntza dualeko eskaintza handituko dela”, adierazi zuten.