Gasteiz - 33 begirada, beste hainbeste ahots baina hizkuntza bakarra: euskara. Gaur Oihaneder euskararen etxean Gasteizko Ahotsak egitasmoa aurkeztuko dute, euskal ahozko kultur ondarea eta euskalkia bildu eta zabaltzea helburu duena, besteak beste. "Badihardugu euskara elkartean hamaika urte daramatzagu Euskal Herriko ahotsak jasotzen: jende nagusia elkarrizketatu, eta ahozko ondarea batzen. Herri hizkerak eta memoria historikoa batzen eta zabaltzen, Ahotsak.eus webgunearen bitartez", azaltzen dute elkarte honetatik beraien webgunean. "Lan handia egiten ari gara herriz herri, euskalkiak jasotzeko. Baina euskalkien eremutik kanpo ere euskara bizirik dago. Horregatik, eta orain arteko esperientziaz baliatuz, Gasteizen proiektu berri bat bideratu dugu: Gasteizko euskararen ahotsak". Hala, hainbat gasteiztarren testigantzak jaso dituzte, Gasteizen euskara bizirik dagoela erakusteko. Oihanader euskararen etxearen laguntza eta lanari esker egin da lan hori, baita Gasteizko Udaleko euskara sailarekin elkarlanean ere. Oihanederreko kultura teknikari Iñaki Lazkanok ere hogeita hamahiru begirada horietako bat ematen dio dokumentalari bere ahots euskalduna bertan jartzeko asmoarekin. Egunkari honetan Iñaki Lazkano berak azaldu duen bezala, proiektu hau adinekoen testigantzak jasotzeko ideiarekin jaio zen, Euskal Herriko leku askotan euskaraz nola hitz egiten zen ezagutzeko. Hala ere, proiektuak alderdi berriak eta interesgarriak bildu zituen hizkuntza horren erabilerari buruzko ezagutza zabaltzeko. Baina gero proiektu gehiago egiten hasi ziren. "Adibidez, herri proiektu zehatzak, gerra zibileko kontakizunak, gazteak eta euskara,? proiektu desberdinak. Duela urte batzuk hasi ginen Gasteizko ahotsak lehen zatia egiten, eta 13 testigantza bildu genituen. Orain beste 20 testigantza bildu dira, horregatik deitzen da 33 begiradak", azaldu du Iñaki Lazkanok. Izan ere, gaur arratsaldean bertan izango duten topaketan 33 pertsona horiek gonbidatu dituzte eta, denak joaterik izango ez duten arren, horietako 20 lagun inguru elkartuko dira dokumentalaren pasarte txikiak batera ikusteko eta horren gainean duten iritziak partekatzeko, hau da, iritzi-trukea sustatzeko. Zehazki, 2015. urtean hasi ziren lanean, Crowdfoundingaren bitartez proiektua martxan jartzeko beharrezkoa zen finantziazioa lortuta. Eta 2019an jarraitu zuten, Gasteizko Udalaren Euskara Sailaren babesarekin.

Euskara ez da inoiz hilda egon, Gasteizen ere ez. Altzamenduak ere ez zuen lortu hizkuntza horren erabilera eta ezagutza erabat itzaltzea. Hala ere, hizkuntza honek bolada txarrak izan ditu, adibidez, 80ko hamarkadan, Gasteizko biztanleen ehuneko lauk bakarrik zekitenean hizkuntza. "Orain biztanleen %25ek ulertzen du euskara, eta beste %25ek hitz egiten du. Bilakaera hau oso handia da. Gainera, hain izugarria da non sozilinguistek hau ikertzen hasi diren", aitortu du Lazkanok.

Etorkizuna Hala ere, Iñaki Lazkanok aitortu duenez oraindik lana badago egiteke. Izan ere, nahiz eta %25ak ulertu, ez dute behar beste erabiltzen behintzat gazteen artean: "Gasteizko haurrek euskaraz hitz egiten dute, eta alde horretatik oso datu interesgarriak daude. Hala, haurrek gurasoekin daudenean euskaraz egiten dute, umeek gaur egun euskara transmititzen dutelako eta, gainera, askotan euskara etxean sartzen dutelako. Beste kasu politak ere ematen dira. Adibidez, bikote batek erdizka dakite euskaraz, aita edo ama, baina haurrari euskara transmititzea erabakitzen dute, horregatik haurrak eskolan euskara ikasten du, eta azkenean haur horrek familia euskalduntzen du", dio Iñakik. Baina "gazteen kontua... beste kontu bat da. Ume euskaldunak zirenak hasten dira erdalduntzen eta hori aldatu beharra dago".

Dokumentala. Gaur arratsaldean topaketa bat izango da Oihaneder euskararen etxean, Gasteizko euskararen ahotsak egitasmoaren 33 testigantzak aurkezteko eta gai horren gainean hitz egiteko. Bilera arratsaldeko zazpietan izango da.

"Gasteizko haurrek euskaraz hitz egiten dute, eta alde horretatik oso datu interesgarriak daude. Adibidez, haurrak gurasoekin daudenean euskaraz egiten dute, umeek gaur egun euskara transmititzen dutelako eta askotan euskara etxean sartzen dutelako".