GASTEIZ - Astebete baino gutxiago falta da Iruña-Veleiako aztarnategian ustez grafito batzuk faltsifikatzeagatik egingo den epaiketa. Grafito horiek historikotzat jo ziren bere garaian, euskararen agerpena zenbait mendetan aurreratzen zutelako. Epaiketa hamar saiotan egingo dute, zehazki, astelehenetik ostegunera, otsailaren 18ra arte. Hamar egun horietan hiru akusatuek agerraldia egin beharko dute, baita ikerketako eta Arabako Foru Aldundiko kideek ere. Arabako Foru Aldundiak auzi hori sortu zuen kereila aurkeztu eta hamaika urtera iritsi da epaiketa hau.

Justizia Jauregitik atzo jakinarazi zutenez, Gasteizko Zigor arloko 1 zenbakiko Epaitegian izango da epaiketa, eta epaitegi honetarako hamar saio daude aurreikusita. Lehen eguna otsailaren 3an izango da, eta astelehenean bertan, akusatuta dauen hiru inplikatuek gertatutakoaren beraien bertsioa eskainiko diote epaileari, beraien artean Eliseo Gil aztarnategiko zuzendari ohia.

Arabako Fiskaltzak bost urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du Gilentzat, ondare historikoaren gaineko delitua eta agiri pribatuan faltsutze delitua egotzita, baita 7.200 euroko isuna ere eskatu du berarentzat. Bestalde, Arabako Foru Aldundiak, aztarnategiaren jabeak, kasu honetan ere akusazioa egiten duenak, zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri nahi dio Gileri, kalte eta iruzur delituak egotzita. Hau da, kasu honetan bi urte gehiagoko kartzela zigorra eskatzen dute Gilentzat. Aldiz, haren defentsak beraren absoluzioa eskatu eta lortu nahi du. Gilekin batera, bere langile bat eta laguntzaile bat ere egongo dira beraien burua defendatzeko asmotan, zehazki, Oscar Escribano Sanz eta Ruben Manuel Cerdan.

Akusatuak epaitegira eramaten dituzten aurkikuntzak 2005ean eta 2006an aurkitu zituzten, Lurmen enpresaren kudeaketarekin, Gilek administratzailea zenaren enpresaren kudeaketarekin, hain zuzen ere. Antza, III., IV. eta V. mendeetako zeramikaz idatzitako grafitoak dira, 2006ko ekainean jendaurrean aurkeztu zirenean historikotzat jo zirenak, besteak beste, III. mendera aurreratzen zutelako euskararen agerpena eta kristautasunaren sarrera. Ordura arte ezagutzen zen lehen aztarna Donemiliagako glosetan bildutakoa zen, XI. mendekoa.

Ustez, ordea, bi akusatuk egin zituzten, edo, behintzat, hori da datorren astelehenetik hilaren 18ra bitartean epaituko dutena. Fiskalak Oscar Escribano Lurmeneko langilearentzat Gilek duen kartzela zigor eta isun bera eskatu du. Ruben Cerdan hirugarren inputatuarentzat bi urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu du, iruzur delitua eta agiri pribatuak faltsutzea egotzita.

Ministerio Publikoak eskatu du, halaber, Gilek eta bere langileak 285.600 euroko kalte-ordaina eman diezaiotela Eusko Jaurlaritzari kultur ondarean eragindako kalteengatik, eta hiru akusatuek erdi bana ordain diezaiotela Arabako Aldundiari 12.490 euro, erantzukizun zibilaren kontzeptuan.

Gainera, fiskalak bere idazkian gogorarazi nahi izan du Gilek Iruña-Veleiako aztarnategian (Iruña Oka, Araba) indusketa arkeologikoak zuzentzen zituela 1994 eta 2008 artean, eta 2005eko ekainetik 2006ko ekainera bitartean berak eta inputatuetako batek aztarnategian aurkitutako 476 piezatan "kalteak" eragin zituztela, "ustezko balio historiko-kultural bat" emateko asmoz.

Hala, idazki berean zehazten denez, biek marraztu zuten pieza horien azalera, "haien gainean ustezko ezohiko idazkunak egiteko, benetako erromatarren eta berantiarren piezak modu itzulezinean hondatuz", azpimarratu du.

"Manipulazioa" Testuinguru horretan sartzen da hirugarren akusatua. Fiskaltzaren arabera, "manipulatutako piezei ustezko fidagarritasun zientifikoa emateko helburuarekin eta Gileri eta haren langileari ez zegokien ondare onura lortzeko asmoz, hirugarren inputatuarekin hitzartu ziren, eta hark faltsuki adierazi zuen fisikari nuklearra zela, inoiz egin ez ziren analitiketan oinarritutako piezen inguruko hiru txosten egiteko".

Txostenak Arabako Foru Aldundira bidali ziren eta 12.500 euro ordaindu zituzten, baina "salbuespenezko grafitoak" deiturikoen benetakotasun faltaren susmoa ikusita, 2008ko urtarrilean Aldundiak aholku batzorde zientifiko bat sortu zuen, egiazkoak ez zirela zehaztuz, eta 2009ko martxoan kereila aurkeztu zuen.

Fiskaltzak gogorarazi duenez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak uste du ondareari eragindako kalteak 600 eurokoak direla kaltetutako 476 pieza arkeologiko bakoitzeko, hau da, 285.600 eurokoak.

Arabako Aldundiak, berriz, zazpi urte eta sei hilabetera igo ditu Gilen aurkako zigorrak; Lurmeneko langilearentzat, berriz, hiru urte eta bederatzi hilabeteko espetxe zigorra eskatu du, kalte delitu jarraitua egotzita.

Hirugarren inputatuarentzat, Gilen kolaboratzailea fisikari nuklearra dela esan zuenarentzat, foru erakundeak hiru urte eta bederatzi hilabeteko kartzela zigorra eskatu du, iruzur delitua egotzita. Horrez gain, Gilek eta Lurmeneko langileak 286.600 euroko kalte-ordaina ematea eskatu du Fiskalak; akusatu nagusiarentzat eta haren laguntzailearentzat, berriz, beste 15.580 euro.

Xehetasunez

Egutegia. Astebete baino gutxiago falta da Iruña-Veleiako aztarnategian ustez grafito batzuk faltsifikatzeagatik egingo den epaiketa. Epaiketa otsailaren 3an izango da, goizeko bederatzi eta erdietan, Arabako Justizia Jauregian. Hamar saiotan egingo dute, astelehenetik ostegunera, hilaren 18ra arte.

Eskaerak. Arabako Fiskaltak bost urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu du Gilentzat, ondare historikoaren gaineko delitua eta beste iruzur bat egitea leporatuta agiri pribatuan faltsutze delitua egotzita, baita 7.200 euroko isuna ere. Bestalde, Arabako Foru Aldundiak, aztarnategiaren jabeak, kasu honetan ere akusazioa egiten duenak, zazpi urte eta erdiko kartzela-zigorra ezarri nahi dio Gileri, kalte eta iruzur delituak egotzita. Aldiz, haren defentsak beraren absoluzioa eskatu eta lortu nahi du. Gilekin batera, bere langile bat eta laguntzaile bat ere egongo dira beraien burua defendatuz.

Esaldiak

Fiskala: "Hirugarren inputatuarekin batzartu ziren" "Manipulatutako piezei ustezko fidagarritasun zientifikoa emateko helburuarekin eta Gileri eta haren langileari ez zegokien ondare onura lortzeko asmoz, hirugarren inputatuarekin hitzartu ziren, eta hark faltsuki adierazi zuen fisikari nuklearra zela, inoiz egin ez ziren analitiketan oinarritutako piezen inguruko hiru txosten egiteko".

Urteak

11

Arabako Foru Aldundiak auzi hori sortu zuen kereila aurkeztu eta hamaika urtera iritsi da epaiketa hori.