gasteiz - Oihaneder Euskararen Etxea Gasteizen bai! kanpainaren aurkezpenaren agertoki bihurtu zen atzo, merkataritzari, ostalaritzari eta euskarari baietz esateko balioko den iniziatiba. Ekimenak arlo hauetan -merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan- euskararen presentzia eta erabilera sustatzea du xede.

Euskararen zinegotzia den Iñaki Gurtubaik azaldu zuen udalak argi daukala “merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan euskeraren presentzia eta erabilera indartuta hiriaren egunerokotasunean indartsu eragin izango duela hizkuntza-ohiturak aldatu eta sendotu eta euskara hiritarren ardatzean jartzeko apustu indartsuagoa egiteko”. Horregatik, Gasteizen bai! kanpainaren edizio berri bat sustatzea erabaki dute, lehenengoa 2017. urtean ospatu baitzen.

Aurtengoan, kanpainak bi atal nagusi izango ditu. Batetik, komunikazio kanpaina berezi bat egingo dela azaldu zuten, Gasteizko herritarrak euskaraz erostera animatzeko. “Karteletan, gainera, hiriko merkatari eta ostalariak ditugu protagonista”, adierazi zuen Gurtubaik.

Atzo bertan hasi ziren maiatzaren 5era arte luzatuko diren ekitaldiak sare sozialetako lehiaketaren abiaraztearekin. Otsailaren 6an, Gorbeia kalean, kale antzerkia egongo da 19.30etan eta martxoaren 7an, Boulevard merkataritza gunean umeentzako ikuskizuna 17.30etan. Hurrengo ekintza apirilean izango da, 3an. Egun horretan, hiriko ostalaritza, zerbitzu eta merkataritzako hiru negoziori aitortza egingo zaie, arratsaldeko 18.30etan. Azkenik, maiatzaren 5ean lehiaketaren sari banaketa ospatuko da Oihaneder Euskararen etxean.

Bestetik, Bai Euskarari elkarteko zuzendaria den Rober Gutierrezek azaldu zuen merkatariekin lanketa zuzena ere egingo dela. Aenkomerrek eta Bai Euskarari elkarteak bat egin dute ekimenarekin “euskara aukera on bat delako gure negozioak, ostalaritza eta merkataritza bereizteko”, azaldu zuen Edurne Parrok, Aenkomerreko zuzendariak. - S.C.