gasteiz - Neiker Tecnaliak nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzarako soluzioak bilatzen ditu, eta bide horretan azken belaunaldiko ekipamendu bat instalatu berri du Arkautin, ardien metano isurketak neurtzeko. Lehendakariak arnasketa ganbera hauek eta Neikeren instalazioak bisitatzen ibili zen atzo, 2020. urtean antolatu zuten lehen ekitaldian. Iñigo Urkulluk azaldu zuenez, "hau da 2020. urtean antolatu dugun lehen ekitaldia. Lehen sektorearekin hasi nahi izan dugu urte berria, sektore honek ikerketarekin eta berrikuntzarekin duen lotura azpimarratuz". Berarekin Arantxa Tapia, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburua; Estibaliz Hernaez, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordea; Bittor Oroz, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea; Alberto Fernández, Teknologia eta Estrategiako zuzendaria; Ricardo Bueno, Basque Research and Technology aliantzaren zuzendaria, eta Leire Barañano, Neikereko zuzendari nagusia ibili ziren bisitan.

Ganaduaren metano emisioak neurtzeko modu berri hau in vitro edo in vivo metodoak baino "zehatzagoa" dela diote teknikariek, eta hau lortzeko gela hermetikoak, tenperatura eta hezetasun kontrolatuko giroa eta ekipamendu berezia behar direla ere.

"Neiker nekazaritzako, abeltzaintzako eta basogintzako sektorearen berrikuntzara bideratutako teknologia zentroa da. Zientzia, teknologia eta berrikuntzaren sarean parte hartzen du, baita Basque Research and Technology aliantzan ere", gogoratu zuen Urkulluk bere hitzaldian. Izan ere, azpiegitura honekin Neiker aurrera pausoak ematen ari da elikagaien efizientzia eta produktibitatearen hobekuntza eta jasangarritasuna lortzeko, arnasketa ganberen bidez lortutako informazioa oso baliagarria baita emisio gutxiago sortuko duten elikadurako jarraibideak diseinatu ahal izateko.

" Gertutik ezagutu dugu ehungintzako laborategia, eta gaixotasun berriei eta klima aldaketak ekarriko dituen baldintza berriei aurre egiteko lan egiten da hemen. Ganbera metabolikoa ere ezagutu dugu", laburbildu zuen lehendakariak bisita amaitzean, langileei eta bertaratu ziren guztiei eskerrak emanez.

Neikereko iturriek adierazi zutenez, "Trantsizio Ekologikoko ministerioaren eta Ihoberen estatistiken arabera, metano isurketak berotegi efektuko gasen isurketa totalen %5 eta %6 dira estatuan eta Euskadin, hurrenez hurren". Ikerketa honen helburua eta metano isurketak murriztearena, beraz, hausnarkarien elikaduraren efizientzia %10 eta %20 artean hobetzea da. Honek ere abeltzainen elikadura kostuak murriztuko lituzke, baita nekazaritzako lurraren beharra ere.

basoen hobekuntza "Neikerek puntako instalazioak ditu, ikusi dugun bezala, lehiakortasuna hobetzearen eta klima aldaketa arintzearen zerbitzura", balioztatu zuen lehendakariak bere hitzaldiaren amaieran. Atzo egin zuten bisitan ez zituzten soilik arnasketa ganberak ikusi. Neikerek ikertzen dituen beste eremu batzuetan ere murgildu ziren. Adibidez, basoen hobekuntzara zuzenduta dagoen ikerketa ezagutu zuten, landare ehunen hazkuntzako laborategian.

Bertan, teknologia berezi bat erabiltzen ari da -enbriogenesi somatikoa, alegia- klima aldaketak ekarriko dituen baldintza berriekiko erresistenteak izango diren zuhaitzak lortu ahal izateko, baita basoko espezieak hobetzeko eta nahi diren ezaugarriak dituzten aleak eskala handian erreproduzitzeko. Teknologia hau estres egoeretara egokituta egon daitezkeen eliteko enbrioiak lortzean datza, eta aldi berean horien oinarrian dagoen ehun enbriogenikoa kontserbatu nahi da.

"Neikerek pinus radiataren enbriogenesi somatikoan egin duen lanari esker, nazioarteko erreferente bihurtu da gaiari buruzko ezagutzari dagokionez, eta bertako ikertzaileek egurraren multinazional handien aholkulari tekniko gisa lan egin dute", aurreratu zuen Neikerek.

kalikolza proiektua Beste alde batetik, Neiker beste proiektu batean parte hartzen egon da, Kalikolza proiektua izenekoa. Kerexarak burututa, ganaduaren dieta tokiko koltzarekin osatzeak zenbait faktore hobetzen dituela ondorioztatu dute. "Bi urte baino gehiago ikertzen aritu ondoren -2017. urtetik-, Kalikolza proiektuak erakutsi du tokiko koltza haziaren deribatuak animalien elikaduran sartzeak nabarmen hobetzen duela gantz azidoen profila", azaldu zuten prentsa ohar baten bidez.

Ikerketaren bidez ondorioztatu dute batez ere PUFAren gantza (gantz azido poliasegabeak) eta omega 3rena, bai ardi esnean eta bere deribatuetan, baita haragi produktuetan ere hobekuntzak sortzen dituela. Neikeren ikerketekin eta proiektuekin jarraituko dute, nekazaritzarako, abeltzaintzarako, ingurumenerako eta basogintzarako konponbideak eman ahal izateko. Gaur egun 300 bezero eta 190 profesional ditu Neikerek, eta beste zenbait erakunde eta enpresekin dabil elkarlanean bere esperientziak eta ikerketa ildoak partekatzeko.

Lehendakariak Neiker bisitatu zuen atzo, bere ikerketak ezagutzeko, baita metano emisioak neurtzeko instalazioak ere.

Metanoa. Lehendakariak Neikerek Arkautin instalatu duen azken belaunaldiko ekipamendua bisitatu zuen, ardien metano isurketak neurtzeko.

Basoak. Neikeren beste ikerketa ildoa basoen hobekuntzarena da. Horregatik, Urkulluk landare ehunen hazkuntzako laborategia ikusi zuen.

%6

Trantsizio Ekologikoko ministerioaren eta Ihoberen estatistiken arabera, metano isurketak berotegi efektuko gasen isurketa totalen %5 eta %6 dira estatuan eta Euskadin, hurrenez hurren.