Vital Fundazioa erakusketa-zentroak Quiroga-Monte funtsetako zenbait pieza aurkeztu zituen atzo, Europa mailan jostailuen bilduma ezagunenetako bat. 100 urte, 100 jostailu izenarekin, 1870 eta 1970 urte bitarteko fabrikatzaile garrantzitsuenen pieza aukeraketa egongo da ikusgai martxoaren 29ra arte. "Aldaketa sozialak isladatzen dituzte jostailu eta panpin hauek", azaldu zuen Jose Antonio Quirogak, bildumaren egileak.

Duela zenbait urte hasi ziren bere emaztea, Covadonga Monte, eta bera panpinak eta jostailuak batzen. Erakusketa honetan badaude zenbait pieza lehenengoz aurkezten dituztenak. Zaharrena 1880. urteko karrusel bat da. "Pertsonai guztiak banan-banan daude margotuta eta hauek ere mugitzen dira", adierazi zuen Quirogak.

Vital Fundazioaren zuzendaria den Arantxa Ibañez de Opacuak, atzo ospatu zen aurkezpenean, erakusketaren garrantzia azaldu zuen: "Gabonetan ohikoa denez, Vital Fundazioak publiko guztientzako, bereziki familiartekoentzako, erakusketa bat programatu du, belaunaldi ezberdinek elkarrekin goza dezaten. Oraingo honetan, 100 urte, 100 jostailu erakusketaren eskutik, bisitatzen duten guztiek jostailua jaoitzen ikusi zuen gizartearen entretenimendu moduen testigantza gisa ikustea nahi dugu".

Izan ere, jostailuek haien sorkuntzatik aldaketa sozio-ekonomikoei, teknikoei, kulturalei eta politikoei egon dira lotuta, eta hala kontatu zuen bildumagileak: "Edonork ezin zuen Mariquita Perez, edo Gisela panpin bat eduki. Lehenengo aleak 107 pezetakoak ziren dendetan, eta langile baten hileko soldata 150 pezeta ingurukoa zen garai horretan".

Erosahalmenaz aparte, 1870 eta 1970 urteen arteko panpin eta jostailuetan matxismoa ere ikus daiteke. Covadongak eta Jose Antoniok horren adibide batzuk aurkeztu zituzten. Lehenengoa hormetara begiratuz antzeman zitekeen. Argazki batzuk zeuden ume eta jostailuekin. Duela zenbait urte, ohitura zen errege magoen egunean, umeak haien jostailu berriekin fotografiatzea. Mutilak motorrekin eta autoekin agertzen ziren neskek panpinekin eta sukaldetxoekin jolasten zuten bitartean. "1940ko errege magoen gutunetan ere ohar gaitezke honetaz. Mutilen gutun-azala gorria zen eta neskena arrosa. Hauek irekitzean, mutil baten irudia agertzen zen kotxeekin, ontziekin eta baloiekin, eta neska panpinekin eta etxeekin", aurkeztu zuen Quirogak.

gasteiz jostailuen munduan Martxoaren 29ra arte zabalik egongo den erakusketa honetan badaude Euskal Herrian ekoiztutako jostailuak, gehienak latorrizkoak. "Garai horretan latorria oso erabilia zen honetarako, plastikoa heldu zen arte", gogoratu zuten bildumagileek. Gasteiz ere irudikatuta dago erakusketan zenbait elementuen bidez. Campsako bi kamioi sortzeko latorrizko xafla litografiatu bat dago, Gasteizen ekoiztua, baita anbulantzia bat ere. Xafla horiek, atzo azaldu zutenez, batzuetan birziklatzen ziren eskasiari aurre egiteko. Horregatik, kamioien eta autoen barrualdean sardina eta antxoen publizitatea agertzen da noizbehinka.

"Gasteizen sortutako beste jostailu bat ere badaukagu, 1950. urtean eginda. Esteban Sanchiz Buenok ekoiztutako mahai gaineko futbolin bat da, latorrizkoa, egurrezkoa eta paperezkoa", azaldu zuen Quirogak, mahai gaineko futbolinaren sorkuntza gogoratzen zuen bitartean: "Espainiako batek asmatu zuen, 1937. urtean, Gerra Zibilean".

Alakanteko zenbait herrik beti izan dira famatuak ekoizten zituzten jostailu eta panpinengatik. Adibidez, erakusketa honetan Mariquita Perez bat dago benetako argazkiak ateratzen dituen reflex kamera batekin.

Iraganetik bidaiatu nahi dutenek hemen aurkituko dute haien txartela. Gainera, helburuetako bat ikusleek sartu, erakusketa ikusi eta irtetean haiek erabiltzen zituzten panpin eta jostailuak gogoratzea da, hauek dakarten oroitzapenak berreskuratzeko. Izan ere, Madelman, Nancy, Geyperman edo Scalextric marketako panpinak eta jostailuak ikusiko dituzte.

Astelehenetik larunbatera 18.00etatik 20.30etara arte eta igande eta jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara arte eta 18.00etatik 20.30etara arte egongo da zabalik Posta Kalean Vital Fundazioak duen egoitzan. Bertan, Jose Antonio Quirogak eta Covadonga Montek aurreratu zuten jendea bere haurtzarora bueltatuko dela. "Panpinek eta jostailuek pertsonen bizitzan eta etorkizunean eragiteko ahalmena daukate", amaitu zuten bildumagileek.

Ordutegia. Martxoaren 29ra arte egongo da erakusketa ikusgai. Astelehenetik larunbatera 18.00etatik 20.30etara arte eta igande eta jaiegunetan 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.30etara arte egongo da zabalik.

Non. Posta kaleko Vital Fundazioaren erakusketa-zentroan dago. Gainera, sarrerak doan dira egun eta ordutegi guztietan jostailu eta panpinak ikusteko.