Datorren igandean, Angostoko Santutegiaren ingurua izango da aurten 31. edizioa beteko duen nekazaritza eta abeltzaintzako azoka tradizionalaren lekuko.
Azokak Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren, Vital Kutxa Fundazioaren, Añanako Kuadrillaren, Gaubeako Udalaren, Villañaneko Administrazio Batzarraren eta Guraso Pasiotarren Komunitatearen laguntza ere badu, eta bere helburu nagusia Añanako eskualdean eta inguruan kontsumo-produktuak lantzen, hazten eta egiten dituzten nekazari, abeltzain eta artisauen lana herritarrei ezagutaraztea da.
Topaketa tradizional hori 1992an berreskuratu zen, ahanzturan iraun zuen bosturtekoaren ondoren, eta geroztik enklabe berean egin da, Angostoko Santutegiko zelaietan.
Azokaren abeltzaintza-izaera eta artisautza eta tokiko produktuak ikusarazteko asmoz, bertaratzen direnek abere autoktonoengana (behiak, zaldiak, ardiak eta ahuntzak) hurbildu ahal izango dute, eta barazkiak, lekaleak, gaztak, marmeladak, zukuak, eztia, hestebeteak eta haragiak, olioa, txakolina eta antzekoak erakusteko eta saltzeko postuetan ibili ahal izango dira. Horrez gain, zeramika, forja, zura eta beste hainbat material lantzen dituzten artisauak ezagutu ahal izango dituzte.
Bestalde, Añanako ADRk hainbat jarduera antolatu ditu, pertsona guztiek jaiegun bat izan dezaten: Haurrentzako sukaldaritza tailerra bertako produktuekin (Lurra, papera eta Salcedoko guraizeak), Orienting jarduera, adin guztietarako egurrezko joko handiak eta artzain-txakurren erakustaldia.
13:30etan Lumagorri oilasko pintxoa dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek Euskal Ogiarekin.
Guraso Pasiotarren komunitateak hainbat elizkizun ospatuko ditu Angostoko Andre Mariaren Santutegian eta goiz osoan zehar Gesaltza Añanako txarangak azoka girotuko eta alaituko du.