Eusko Jaurlaritzak indarrean du Gorroto arrazista, xenofobo, antigitano eta LGTBIfobikoko gertakarien aurrean tokian-tokian jarduteko gida.

Batez ere tokiko erakundeei zuzenduta dagoen gida horren helburua da tresna erabilgarria izatea udalerrietan gerta daitezkeen gorroto-gertakariei aurre egiteko eta, aldi berean, sentsibilizazio- eta prebentzio-prozesuak ezartzeko. Azken helburua da era horretako egintza batek biktimarengan eta bizikidetza komunitarioan izan dituen ondorioei erantzun egokia eta proportzionatua ematea.

Gida horrek diskriminazioari erasoetatik haratago heltzen dio, funtsezko kontzeptuei, jarduteko printzipioei eta ekintza zehatzen proposamenei buruzko informazioa emanez, ikuspegi intersekzionaletik, pertsona guztien giza eskubideen errespetuan oinarrituta. Dokumentuak, gainera, kolektibo edo talde jakin batzuen berezitasuna ikusarazi nahi du, ikuspegi hirukoitz bat eskainiz: migratzailea, ijitoa eta LGTBI.

"Horrelako egoeren aurrean nola jokatu behar den ez jakiteak zaurgarritasunaren eta arretarik ezaren pertzepzio orokorra indartzen du, baita estigmatizazioa ere, eta hori saihestu egin nahi da", azpimarratu dute Eusko Jaurlaritzatik.

Gidan bertan adierazten dira herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzu eta baliabideetako batzuk, baliagarriak izan daitezkeenak gorroto arrazista, xenofobo, antigitano eta LGTBIfobikoko gertakarien aurrean.  

Integraziorako eta kulturen arteko bizikidetzarako euskal zerbitzua, Eusko Jaurlaritzari atxikitako zerbitzu publikoa da, eta, besteak beste, atzerritartasunari buruzko doako aholkularitza juridikoa ematen du, eta prestakuntza-, aholkularitza-, sentsibilizazio- eta informazio-lanak egiten ditu. Eragileei gertakariaren balorazioan eta gizarte-bitartekaritzako lanetan aholku emateko zeregina du.

Lesbiana, gay, trans, bisexual eta intersexualei (LGTBI) eta haien inguruneari informazioa eta arreta emateko euskal zerbitzua da. Eusko Jaurlaritzari atxikitako zerbitzu publikoa da, eta LGTBIfobia ezabatzea eta LGTBI pertsonen eskubide eta askatasunak erabat baliatzeko egon daitezkeen oztopoak kentzea du helburu.

Eraberean sarea

Tratu-berdintasunaren aldeko eta diskriminazioaren aurkako euskal sarea da, Eusko Jaurlaritzak bultzatua, eta hainbat gizarte-erakundek parte hartzen dute bertan begirada hirukoitzarekin (migratzailea, ijitoa eta LGTBI). Maila eta modu guztietako diskriminazioaren biktimei arreta, laguntza pertsonala eta laguntza juridikoa ematen die. Lehentasunezko bideratze-tresna gisa proposatzen da, indarkeria fisikoak esku hartzen ez duenean. Bereizketa horren oinarria da sarea batez ere sentsibilizazio-, prestakuntza- eta prebentzio-lanerako eratu dela, eta ez hainbeste alderdi judizial errepresiogilerako, nahiz eta ez dagoen baztertuta kasu estrategiko eta larrienetarako.

Biktimari Laguntzeko Zerbitzua. Eusko Jaurlaritzaren mendeko zerbitzu publikoa, borondatezkoa eta doakoa da, legelarien, gizarte-langileen eta psikologoen diziplina anitzeko taldeek osatuta, eta biktimei sistema judizialarekin dituzten harremanetan laguntzea du helburu. Ertzaintzarekin batera proposatzen da bideratzeko lehentasunezko tresna gisa, indarkeria fisikoaren moduko delituen kasuan, adibidez.