Arabako jaiek informazio gune bat izango dute berriz ere aurtengo udan, bigarrenez jarraian, LGTBI+ komunitatearen eskubideez eta LGTBI+fobiaren aurkako borrokaz sentsibilizatzeko eta haien eskubideak defendatu eta sustatzeko, bai eta diskriminaziozko edo indarkeriazko gertakarien eraginpeko biktimei eta pertsonei arreta emateko ere.

Arabako Aldundiak informatu duenez, Ikusgune Behatokiak informazio karpa ibiltari bat jarriko du, LGTBI+ komunitatearen eskubideen defentsan informazioa emateko eta erasoaren edo diskriminazioaren biktimei arreta emateko.

Jone Berriozabal Arabako foru diputatuak eskatu du jaietan ere "ez dadila egon sexu orientazioari, identitateari eta genero adierazpenari lotutako inolako diskriminazio, bazterketa eta indarkeria motarik".

Informazio karpa hainbat jaitan jarriko da, hala nola Arabako Errioxako Mahats Bilketaren Jaian, zeina Moredan ospatuko baita, edo Pobesen egiten den Arabako Babarrun Pikartaren Azokan, bai eta herriko festatan ere, hala nola Laudion, Agurainen, Gatzaga Buradonen edo Amurrion. Hain zuzen ere, Ikusguneren karpa azken herri horretan dago gaur, jaietan baitaude.

Informazio guneak kartelak, eskumuturrekoak, txapak eta liburuxkak zabaltzeko balioko du, LGTBI+ komunitatea ikusarazteko. Gainera, LGTBI+fobia gertakarien biktimei laguntzeko baliabideen erreferentzia gunea izango da.

Aldundiak jakinarazi du baliabide nagusia 633 309 653 telefonoa dela, hara deituz ematen baita Ikusgune Behatokiari gertakarien berri emateko lehen urratsa, bai eta webgunearen bidez linean jakinarazita ere. Informazio hori jasotzen duen kartela herrietako denda, taberna eta iragarki tauletan jarriko da. Helburu nagusia da jakitea nora joan, nora deitu edo zer egin, baldin eta diskriminaziorik, irainik, mehatxurik edo indarkeriarik gertatzen bada.