Udaletxean egin dute Oporrak bakean proiektuari esker uda Vitoria-Gasteizen eta Arabako lurralde historikoko hainbat herritan igaroko duten 22 haur sahararrei eskainitako harrera-ekitaldia. Programa horrek Gasteizko Udalaren laguntza jasotzen du duela 30 urte baino gehiagotik eta 2006tik Arabako Foru Aldundiarekin eta Saharako Haurrak Hartzen dituzten Familien Elkartea – AFANISekin batera koordinatzen dute.

Haien abegi-familiekin batera egin diete harrera udaletxean Garapenerako Lankidetzaren zinegotziak, Ana López de Uraldek; Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru-diputatuak, Jone Berriozabalek; Afaniseko presidenteordeak, Estibaliz Barriok; Gobernu ordezkariordea Araban, Mar Dabanek; Fronte Polisarioak Euskadin duen ordezkariak, Mohamed Fadel Brahim Ahamedek eta erakunde mailako beste ordezkari batzuek.

‘Oporrak bakean’ programaren helburua da haurrei atsedena eskaintzea uztailean eta abuztuan, Tindufeko (Aljeria) errefuxiatuen kanpamentuetatik ateratzeko aukera emanda (55 gradutik gorako tenperaturak jasaten dituzte han), eta laguntza medikoa, elikadura orekatua eta Arabako lurraldean zehar aisialdiko jarduerak eskaintzea. Duela 38 urte programa martxan jarri zenetik, 500 adingabe baino gehiago hartu dira Araban.

Ana López de Uralde Garapenerako Lankidetzaren zinegotziak azpimarratu duenez, “erakundeok haurren eskubideak zaindu behar ditugu, arreta eta babes berezia behar baitituzte”, eta harrera-familien “inplikazioa, konpromisoa eta borondatea” nabarmendu ditu, “horiek gabe ezinezkoa izango bailitzateke haur horiek gure lurraldean egotea eta edozein adingabek merezi duen moduko uda izatea”.

22 adingabeak ekaineko azken asteburuan iritsi ziren eta abuztu amaierara arte egongo dira Araban. Beren egonaldian zehar, jarduera ludikoak eta elkarbizitzakoak egin ahal izango dituzte Gasteizen, eta Sobronera irteera bat egingo dute, besteak beste.