Ba al du eraginik obesitateak haurdunaldian? Eragin al diezaioke horrek umekiari eta haurraren garapenari? Zer alderditan? Gai hori oso garrantzitsua eta erabakigarria da haurdun geratzeko asmoa duten emakumeentzat, eta, bereziki, helburu hori duten eta, gainera, obesitatea pairatzen duten emakumeentzat. Testuinguru horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) azterketa berri bat egin du, aipatutako gai horietan sakontzeko.

"Jende gehienak uste du ezen, fetua amaren barnean hazten denez, ama izango dela haurraren etorkizuneko osasunari eragingo dion faktore garrantzitsuena, eta hori nagusituko dela, zalantzarik gabe, gainerako faktore posible guztien gainetik. Uste hori oso zabalduta dago gizartean, eta ikerketa asko amak haurdunaldian zehar dituen ezaugarri eta portaeretan oinarritzen dira", azpimarratzen dute EHUtik. Kasu horietako bat Communications Biology aldizkarian argitaratu da berriki. Lan horrek aztertu du “nolako eragina duen amak haurdunaldiaren hasieran duen gorputz-masaren indizeak plazentaren profil molekularretan, eta, zehazkiago, plazentako DNAren metilazioan (karbono batez eta hiru hidrogenoz osatutako talde baten adizioa DNA molekularen posizio jakin batean)”, Nora Fernández Jiménez EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak eta Genetika, Antropologia Fisiko eta Fisiologia saileko ikertzaileak azaldu duenez. “Plazentako DNAren metilazioari buruz gaur arte egin den azterketarik handiena da, Europako, Ipar Amerikako eta Australiako amez eta seme-alabez osatutako 2.631 bikoterekin egina”, erantsi du Fernández Jiménezek.

“Lan honetan, DNAren metilazioan aldaketak hautematen diren 27 leku identifikatu ditugu, guztiak ere plazentaren espezifikoak diruditenak”, adierazi du Fernándezek. Komeni da gogoan izatea plazenta "ezinbesteko organoa dela fetuaren hazkunde eta garapenerako, ama fetuarekin konektatzen duen organoa delako eta haren bidez elikatzen delako fetua. Identifikatutako leku horietako asko obesitatearekin lotutako geneetatik hurbil daude, eta minbiziaren eta oxidazio-estresaren bide metabolikoz aberastuta daude. Horrek ez du esan nahi obesitate-arazoak dituzten amengandik jaiotako haurrek minbizia izango dutenik, baina egia da plazentak tumore baten antzeko jokabidea duela, oso bizkor hazten baita, eta horrek pentsarazten digu obesitateak baduela eraginik plazentaren funtzionamenduan eta fetuaren hazkundean”, erantsi du Nora Fernándezek.

Emaitza horiek guztiek iradokitzen dute plazentako DNAren metilazioa izan litekeela amaren obesitatea eta haurtzaroko osasun metabolikoaren arazoak lotzen dituen mekanismoetako bat, nahiz eta Fernándezek ohartarazi duen ikerketa gehiago egin beharko direla aurkikuntza horiek berresteko. Gainera, Fernándezek azpimarratu duenez, “gure ikerketaren emaitzak zilegiak izan arren, ez lirateke erabili behar amaren erruaren mantra justifikatzeko; izan ere, oso zaila da kuantifikatzea zenbaterainoko eragina duten amek eta haien ezaugarri eta portaerek fetuaren eta jaioberriaren inguruko beste faktore batzuen aldean (hala nola amen gurasoak edo bikotekideak, familiak, gizartea bera eta ingurumena), faktore horiek inoiz ez baitira hain sakonki ikertu”.