Zenbat adineko bizi dira gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan? Pertsona zaharragoak al daude orain lehen baino? Zenbat luzatu da bizitza? Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako azken informazioaren arabera, biztanleria ugaritu egin da, bereziki 65 urtetik gorako biztanleria.
Hala, eta ildo beretik jarraituz, txostenean azaltzen denez, 1981aren eta 2021aren artean, Euskal Autonomia Erkidegoan 51.000 biztanle gehiago daude –pixka bat gehiago–, baina, aldi horretan zehar, aldaketak ez dira beti berak izan, Eustatek eginiko eta 2022ko Panorama Demografikoan laburtutako fenomeno demografikoen analisitik ondorioztatzen denaren arabera. “Lehen aldian, 1981etik 2001era bitartekoan, 59.000 pertsona baino pixka bat gehiago galdu ziren, gehienak 90eko hamarkadan; orduan, migrazio-saldo negatiboak eta saldo begetatibo (jaiotza eta heriotzen arteko aldea) negatiboak batu ziren. 2001aren eta 2011ren artean, 91.000 pertsona baino gehiago irabazi ziren, migrazio-saldoak oso positiboak izan zirelako, eta saldo begetatiboak ere positiboak izan zirelako; beraz, hamar urte hauetan, nabarmen berreskuratu da aurreko 20 urteotan galdutakoa”, azaltzen eta gaineratzen dute: “2012an eta 2013an, biztanle kopuruak behera egin zuen, migrazio-saldo negatiboen ondorioz, baina, 2014tik aurrera, berriro hazi zen, 2020ra arte, orduan izan baitzen Euskal AEn biztanle kopuruaren maximo historikoa, ia 2.200.000koa, esklusiboki migrazio-saldoaren ondorioz, saldo begetatiboa oso negatiboa izan baitzen. 2020an, biztanle-bolumenak behera egin du berriro, zehazki 9.508 biztanle gutxiago, 2019aren aldean, covid-19aren pandemiak fenomeno demografikoetan izan dituen eraginen ondorioz. Horrek oso eragin negatiboa izan zuen saldo begetatiboan, baina ez zen migrazio-saldoarekin orekatu, zeina, positiboa izanik ere, urtebete lehenagokoaren laurdena izan baitzen”.
Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren egiturari dagokionez, nabarmentzekoa da adin-talde handien araberako banaketaren bilakaerak beherakada etengabea erakusten duela gazteenen artean. Era berean, horrek behera egiten duen bitartean, adin helduenetako populazioa handitu egiten da. Zehazki, txostenean azaltzen denez, adin-talde handien araberako banaketaren bilakaerak adin gazteenetan jaitsiera nabarmena eta etengabea izan du; adinik zaharrenetan, aldiz, igoera. 1981etik 2021era bitartean, 65 urteko eta gehiagoko biztanleria % 9tik % 23ra pasatu da; 2,5 aldiz biderkatu da. Gazteen espazioa erritmo horretan murriztu da: 1981ean hiru pertsonatik batek 20 urte baino gutxiago zituen; 2021ean, adin horietan, % 18k. Are nabarmenagoa izan da pertsona nagusienen (85 urte eta gehiago) kopuruaren igoera: 5,3 aldiz biderkatu da 40 urte hauetan eta biztanle kopuru osoaren % 4,1 dira. “Jaiotza-tasa gordina nabarmen jaitsi da azken hamar urteotan; mila pertsonako 9,7koa zen 2011n, eta 6,7koa 2020an, tasarik baxuena 1976tik –orduan ia milako 20koa zen eta Espainiakoaren gainetik zegoen–. Jaiotzei dagokienez, aldi horretan % 64ko jaitsiera egon da; alegia, 26.361 jaiotza gutxiago. 2020ko jaiotza-tasa % 4,4 baino ez da jaitsi aurreko urtearen aldean; beste urte batzuetan izan den jaitsiera baino baxuagoa izan da. Beraz, ematen du fenomeno demografiko horren portaeran covid-19aren pandemiak ez duela eraginik izan, urteko azken bi hiletan izan ezik”, zehaztu dute.
Amaitzeko, heriotza-tasari dagokionez, heriotza-kopurua % 70,1 hazi da 1980tik, “baina 2020an covid-19aren ondorioz izan zen heriotza-tasa handiagoa kontuan hartu behar da: halakorik egon izan ez balitz, hazkuntza % 48,4koa izango zatekeen”. 1976tik, gizon eta emakumeen bizi-itxaropena etengabe handitu da, eta 2019an izan zituen maila altuenak: 80,8 urte gizonetan eta 86,6 emakumeetan, Eustatetik informazioan ondorioztatu duten bezala. l
Xehetasunez
Datuak. Txostenean azaltzen denez, 1981aren eta 2021aren artean, Euskal Autonomia Erkidegoan 51.000 biztanle gehiago daude –pixka bat gehiago–, baina, aldi horretan zehar, aldaketak ez dira beti berak izan, Eustatek eginiko eta 2022ko Panorama Demografikoan laburtutako fenomeno demografikoen analisitik ondorioztatzen denaren arabera. “Lehen aldian, 1981etik 2001era bitartekoan, 59.000 pertsona baino pixka bat gehiago galdu ziren, gehienak 90eko hamarkadan; orduan, migrazio-saldo negatiboak eta saldo begetatibo (jaiotza eta heriotzen arteko aldea) negatiboak batu ziren. 2001aren eta 2011ren artean, 91.000 pertsona baino gehiago irabazi ziren, migrazio-saldoak oso positiboak izan zirelako, eta saldo begetatiboak ere positiboak izan zirelako; beraz, hamar urte hauetan, nabarmen berreskuratu da aurreko 20 urteotan galdutakoa”.
Heriotza-tasa. Heriotza-kopurua % 70,1 hazi da 1980tik, “baina covid-19aren ondorioz izan zen heriotza-tasa handiagoa kontuan hartu behar da: hazkuntza % 48,4koa izango zatekeen”.