Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak (Ehige) atzo aurkeztu zuen prentsaurrean 2022ko ekainaren 5ean Bastidan ospatuko duten Euskal Eskola Publikoaren 29. Jaia. Bastidako eskola publikoko ordezkariez gain, bertan egon ziren ere Arabako Errioxako ikastetxe publikoetako ordezkariak, familiak zein zuzendaritza-taldeak. Izan ere, guztiak parte har-tzen ari dira Jaiaren antolakun-tzan, bertatik azaldu zutenez.

Hala, eta ildo beretik jarraituz, “2019ko azaroan prentsaurrea egin genuen Bastidako eskolan gaur batzen gaituen helburu berberarekin. Orduan ez genuen imajinatzen zenbat aldatuko zen gure bizitza hilabete gutxi batzuetan. Argi geneukan Arabako Errioxak merezi zuela Euskal Eskola Publikoaren festa handi bat, eta hirugarrenean asmatu dugu: 2022ko ekainaren 5ean ospatuko dugu Bastidan Euskal Eskola Publikoaren 29. Jaia”, azaldu zuten antolatzaileek. “Ohikoa den bezala, festa eta aldarrikapena batuko ditugu Bastidan ekainaren 5ean. Ikastetxe publikoen eguneroko lana balioan ipintzeaz gain, beharrezkoak ditugun baliabideak exijituko dizkiogu Administrazioari, ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza eman ahal izateko”, gaineratu zuten.

Aurtengo Jaiaren jarduerak ez dira mugatuko ekainaren 5era. Ekainaren 4rako programa prestatzen ari dira, asteburua Arabako Errioxara hurbildu nahi direnentzat. Horretaz gain, jardunaldi pedagogiko bat egingo dute maiatzean irakasle eta gurasoekin, eta abestia aurkeztuko dute Aste Santuetako oporren ondoren.

Hazitik gora da Euskal Eskola Publikoaren 29. Jaiaren leloa. “Beronen bidez Arabako Errioxako ikastetxe publikoak balorean ipini nahi ditugu, bizitzen ari diren transformazio prozesuak aitortuz eta gizarteratuz. Hiriburutik urrun egon arren eta Errioxako mugan, gainontzeko ikastetxe publikoak bezala elementu ezinbestekoak dira herritar guztiei kalitatezko irakaskun-tza euskalduna eskaintzeko. Euren tamaina txikia ere abantaila bat da ikasle bakoitzaren beharretara hobeto egokitzeko. Horretaz gain, sarean egiten dute lan, praktika onak konpartituz elkarrengandik ikasten”, ondorioztatu zuten.