GASTEIZ -Gasteizko tranbian txartelik gabe bidaiatzea 50 euro arteko isunarekin zigortuta dago. Bidaiariak garraiatzeko Euskotrenek duen zerbitzu publikoaren arabera, mila aldiz baino gehiagotan harrapatu dituzte bidaia ordaindu ez duten bidaiariak, askotan pertsona berrerorleak, doan bidaiatzeko ordaintzen ez dutenak behin baino gehiagotan. Izan ere, Euskotrenek egunkari honi emandako datuen arabera, 2019an 1.335 isun jarri zuten Gasteizko tranbian doan joategatik.
Datu hori handitzen ari da aurreko urteekin alderatuz gero. Zehazki, 2018an 1.174 zehapen jarri ziren, eta 2017an, 1.221. Hala ere, garraio zerbitzu publiko honek azpimarratu nahi izan du ez direla isunak bidaia ez ordaintzeagatik, baizik eta bidairen prezioa gehiegarri batekin, garaiz ordaindu ez izanagatik. Hau da, beren bidaia ordaindu gabe in fraganti harrapatutako bidaiariek, momentuan 20 euro edo hurrengo zazpi egunetan 50 euro ordain ditzakete, dirua garaiz ordaindu ez izanagatik zor baten gisa: “Gaur egun, garraio titulurik gabeko bidaiari bat harrapatzen badugu, iruzurraren aurkako agenteak gutxienez 20 euro kobratuko dizkio unean bertan ordaindu nahi badu, edo 50 euro momentuan ordaindu nahi ez badu”, azaltzen du egunkari honetan Amaia Altube Euskotreneko aholkularitza juridikoko kideak. Eta gaineratzen du: “Gutxienez 50 euro kobratuz gero, bidaiariak zazpi eguneko epea du hori ordaintzeko. Horretarako, pertzepzioan agertzen den kodea sartuko du geltokietako edozein makina automatikotan, eta, makinak markatzen dizkion pausoei jarraituz, ordainketa egin ahal izango du; horrela, zorra kitatuta geratuko litzateke”. Bidaiariak zazpi egunera ordaintzen ez badu, Euskotreneko Aholkularitza Juridikoak Eusko Jaurlaritzari bidaltzen dio pertzepzioa, eta handik izapidetuko liokete dagokion administrazio-salaketa. Iaz, Jaurlaritzak 140 salaketa inguru tramitatu behar izan zituen ez ordaintzeagatik. Gainera, Eusko Trenetik Amaia Altubek ziurtatu duenez, bidaiari bat ez badago ados ordaindu beharreko gutxieneko pertzepzioarekin, erreklamazio bat jar dezake, “ikusten badugu enpresaren akats bat dela gutxieneko pertzepzioa baliogabetuko genuke”. Hala ere, gutxieneko ordainsaria zuzena baldin bada, epea zazpi egun luzatzen zaio, erreklamazioari erantzuten zaionetik kontatzen hasita ordainketa egin ahal izan dezan.
Balorazio ona “2019an zortzi milioi bidaiari baino gehiago izan ditugu Gasteizko tranbian. Ez dut uste datuak txarrak direnik, ezta ordaintzen ez duten pertsonak nabarmen igotzen ari direnik ere; bidaiarien kopurua igotzen goaz, eta, aldi berean, salaketa administratiboak eta ez-ordaintzeak ere igotzen ari gara, baina nik uste dut ehunekoari eusten goazela”, uste du Altubek. Ildo beretik, Amaia Altubek adierazi du datuek ez dutela islatzen herritarrek, oro har, ordaindu gabe tranbia erabiltzen dutenik, normalean, bidaiariek arauak betetzen dituztelako. Gainera, dioenez, “beti berberak direlaren sentsazioa daukat”.
Gasteizen hamaika dira tranbiaren iruzurraren aurkako funtzioak egiten dituzten langileak. Bidaiariek txartela ordaintzen dutela zaintzeaz gain, informazio lanak egiten dituzte, bidaiariei laguntzen diete eta, gainera, txoferrak ere badira. Askotan, ordea, herritarrek, “bereziki beraien txartela ordaintzen ez duten pertsonek”, operadore horiek egiten duten iruzurraren aurkako lanari baino ez diote erreparatzen: “Ikusten ez den izugarrizko lana egiten dute langile horiek. Batzuetan gertatu izan zaigu alzheimerra duen jendea desorientatu egiten dela, adibidez, eta tranbian ikusten dira nora doazen jakin gabe. Edo seme-alabak tranbian sartzen dituzten gurasoen kasuak ere ematen dira txartela balioztatzen duten bitartean, eta tranbian sartu nahi direnean ateak ixten zaizkie haurrak barruak geldituz.
Horrelakoetan, operazio-agenteak lan ikaragarria egiten du, adingabeari laguntzen dio, kabinan sartzen du udaltzaingoari deitzen dion bitartean. Gainera haurra lasaitzen du eta ahal duen guztian laguntzen dio... baina herritarrek, oro har, ez dakite eta ez dute baloratzen egiten dituzten funtzio guztiak”, dio.
Erasoak Nork ordaintzen duen eta nork ez kontrolatzea, ez da lana erraza. Batez ere, ordaintzen ez dutenei aurre egitea. Amaia Altubek azaltzen duenez, normalean, txartela ordaindu ez duen jendeak ez du erresistentziarik eskaini ohi 20 euro edo 50 euro horiek ordaintzeko, diru hori gainean eramaten ez badu. Hala ere, “zoritxarrez”, kasu batzuetan bidaiariak gaizki erantzuten du era bortitz batetan, iruzurraren aurkako agentearen aurka eta langilea iraindu eta mehatxatu ere egiten du, “bere lana ondo egiteagatik”. Kasu horietan, oro har, Udaltzaingoari edo Ertzaintzari deitzen zaio, eta langileak berak erabaki behar du jasotako irain eta mehatxuengatik bidaiaria salatu edo ez. “Gure langileek bidaiaria salatzea erabakitzen badute, guk beti behar duten guztian babesa ematen diegu. Are gehiago, jakina, gastu juridiko guztiak gure kontura doaz, eta ahal dugun guztian laguntzen diegu gauza horiek gertatzen jarrai ez dezaten”, azaldu du Amaia Aholkularitza Juridikotik. Izan ere, iaz Gasteizko tranbian ere iruzurraren aurkako agenteetako bati eraso fisikoa egin zioten, eta biktimak berak salatu zuen kasu hori. “Oso gogorra da horrelakoak gertatzea. Denok errespetatu beharko genuke langile guztien lana, eta normala da garraio publikoa erabiltzeagatik ordaindu egin behar dela ulertzea. Zorionez, herritarrak oso zibikoak dira, eta ez da ohikoa guri aurre egitea, baina ez zen kasu bakar bat ere eman beharko”, nabarmentzen du.
Izan ere, Altubek zehazten duenez, errespetu hori bidaiarien artean ere hasi beharko litzateke, lekuak errespetatuz. Adibidez, haurtxoen gurdietarako eta gurpildun aulkietarako berezia. Espazio erreserbatuak dira, eta, oro har, errespetatu egiten dira, baina ez beti. “Operazio eragileek egiten duten lana konplikatua da, bezeroen eta langileen arteko lehen aurpregia da. Lan zoragarria egiten dute”.
Zenbakia
2018an 1.174 isun jarri zituen Euskotrenek tranbiaren bidaia ez ordaintzeagatik eta doan bidaitzeagatik.
2017an, berriz, Euskotrenek 1.221 isun jarri zituen Gasteizen, txartela ordaindu gabe eta balioztatu gabe bidaiatzeagatik.