gasteiz - Gasteizko udalak aurreratu zuen atzo, euskararen egunean, 1.651 langilek daukatela 1. eta 4. arteko hizkuntza-eskakizuna. 314 lehenengo eskakizunean daude, 654 bigarrenean, 653 hirugarrenean eta 30 laugarrenean. Gainera, beste 1.288k ez dute ezer egiaztatu.
Beste alde batetik, Vitoria-Gasteizko udalean euskararen erabilera normalizatzeko planaren berri eman zuten ere atzo. Bertan, 2017ko datuak daude ageri, eta herritarrekiko komunikazioari buruz hitz egiterako orduan desberdintasuna ahozko komunikazioaren eta idatzizkoaren artean egiten dute. Herritarrekiko harremanetarako idazkiak euskaraz egotea atalean jada %100etik gertu daude datuak, baina ahozko arretaren kasuan %51n dago harrera euskaraz edo ele bietan (%70era heltzea espero dute 2022. urtean), eta %77,39an euskarazko eskaerei euskaraz emandako erantzunen kasuan. Idatzizko harremanen kasuan, aurreratu dute “sailekin eta zerbitzuekin egoera aztertuko dela jakiteko ea Gasteizko udalak bi hizkuntza ofizialen erabilera egokia bermatzen duen herritarrekin dituen idatzizko harreman mota guztietan”. Gainera, ahozko harremanetan euskara sustatze aldera, “komunikazio kanpaina jarriko da abian. Kanpaina horren barruan, besteak beste, identifikagarriak banatuko zaizkie langile elebidunei”, azaldu dute planean. - S. Cabrera