GASTEIZ- Gasteizek ez zuen atzoko ospakizuna ahaztu ezta alde batera utzi; egun garrantzitsua izan zen euskaldunentzat eta baita egunez egun euskara ikasteko ahalegina egiten duten herritar guztientzat ere. Euskararen Eguna, abenduaren 3an, ehunka herritarrek ospatu zuten hirian egindako hainbat kultur ekintzen bidez Euskararen Eguna, besteak beste, ipuinak irakurri, kandelak piztu,... jarduerak hainbat izan ziren.

Lehenengo jarduera goiztiarren-tzat izan zen. Erlojuak oraindik ez zituen goizeko hamarrak markatu dozenaka lagun Oihaneder Euskararen Etxearen atarian elkartu zirenean. Gonbidatuen artean, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia zeuden. Iñaki Gurtubai, Alkateordea eta Euskara Zinegotzia ere bertaratu zen. Bertan, Arabako egileek idatzitako jatorrizko testuen irakurketa publikoa egin zuten Euskararen eguna dela eta, Alea Arabako Aldizkariak antolatutako ekitaldian. “Euskarak eta literaturak batzen gaitu gaur -atzotik-, eta Arabako Alea, aste batez, aldera utsi ditu erreportaiak eta elkarrizketak eta liburu bilduma osatu du”, azaldu zuten antolatzaileek. Hala, Iban Zalduak, Karmele Jaiok, Beñat Goitiak, Katixa Agirrek, Mikel Ayllonek, Elisa Ruedak eta Edu Zelaieta Antak idatzitako zazpi ipuin txikiren istoriara bidaiatu zuten atzo Oihanederren Etxean bildutakoek. Ordu bat gutxi gorabehera iraundu zuen ekitaldiak.

“Montanan jaio eta bizi izan zen nik Gasteizen ezagutu nuen arte. Literatura konparatuen ikasketak Montanako Unibertsitatean egin ondoren, Europa ezagutu nahi zuela erabaki omen zuen E.-k. Horretarako aitzakia on bat behar zuen, bereziki gurasoak konbentzitzeko. Gure artean bolada batez ibili izanak lortu zuela esan nahi du”, dio Edu Zelaieta Antaren ipuinako zati batek, eguneroko bat izango balitz bezala. “Astean bi aldiz gelditzen ginen E. eta biok Frantzia kaleko kafetegi batean. Ederki gogoratzen dut hari entzun niola lehen aldiz hemengo neska batzuek orrazkera estilo propioa zutela. Basque fringe delakoa. Gauzak zer diren, baina. Dozena bat urte igarota, hainbat emakume ospetsuk modan jarri omen dute. Eta E.-k bezala, ingelesez bataiatu dute estilo, ustez, berria, Interneten bolo-bolo dabilen izen globalizatuan euskal erreferentziarik ikusi ez dudan arren”, jarraitzen zuen ekitaldia hasi zuten ipuinarekin, Gorka Urtaranek irrakurrita entzule guztientzat. Ipunairen zati horrek literatura eta kafea maite zituela esanez bukatzen zuen, -“eta esango nuke bi gauza horiek ere solaskide ona egiten zutela. Irakurle onek hitz egiten ez ezik, entzuten ere badakitelako”.

Itzulpen saria Gorka Urtaranek, Ramiro Gonzalezek eta hainbat euskal kazetarik irakurri zituzten ipuin irakurketa amaitu zutenean, atsedenaldi txiki baten ondoren, 12.00etan, Oihaneder Euskararen Etxean ere, sariak banatzeko unea iritsi zen. Hala, Euskararen Nazioarteko Egunean, haur literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenentzako Vitoria-Gasteiz saria banatu zen Oihaneder Euskararen Etxean egindako ekitaldian. Aurtengo irabazleak, sarien 15. edizioan, Joana Pochelu eta Aiora Jaka itzultzaileak izan ziren, Clotilde Perrinen Perrinen ‘À l’intérieur des méchants’ -‘Gaiztoak’- liburuaren itzulpenagatik. Gasteizko alkate Gorka Urtaranek diploma eman zion Joana Pocheluri. Aiora Jakak ezin izan zuen Gasteizera bertaratu, kanpoan baitzegoen lanean. Clotilde Perrinen ‘À l’intérieur des méchants’ -‘Gaiztoak’- liburuaren itzulpenagatik lortu zuten saria eta 9.000 euro eskuratuko dituzte itzultzaileek. Hizkuntza-aberastasuna eta itzulpenaren doitasuna nabarmendu zituen epaimahaiak, eta itzulpen landua zela esan zuten, “ahozko literaturaren esamolde aberats eta egoki txertatuz hornitua”. Alkateak itzultzaileek egiten duten lana aldarrikatu nahi izan zuen ere. “Euskaraz irakurtzeko aukera ematen diguzue euskaldunoi. Gainera, kultur bitartekari lanetan ere aritzen zarete. Beste kulturekin lotzen gaituzue. Beste hizkuntzekin, kulturekin eta sentimenduekin”, esan zuen Gorka Urtaranek. Gainera, Pocheluk “iparraldeko eta hegoaldeko” euskaldun txikiek ‘Gaiztoak’ ondo ulertzeko esfortzua azpimarratu zuen, baita Aiora Jakarekin egindako elkarlana ere. Honez gain, Oihanederren ere Tor magoaz gozatzeko aukera egon zen, eta ondoren, Teantro lagunek kalejira antzeztua eskaini zuten enparantzaraino. Azkenik, Euskararen egunari amaiera emateko Geu Elkarteak ekintza berezi bat prestatu zuen. Izan ere, 800 kandelarekin osatutako mosaiko erraldoia sortu zuten Andre Maria Zuriaren Enparantzara bertaratu ziren guztien artean. Aipatutako mosaiko horren leloa Euskaraldia izan zen, eta Euskararen Nazioarteko Egunari amaiera eman zior. Hala ere, gaur ere euskararen eguna da, izan ere, nahiz eta egutegiak egun berezirik ez jarri, “euskararen eguna urteko egun guztietan ospatu behar da”.

Ospakizunak. Gasteizek Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizuna bizi izan zuen atzo. Horregatik, hainbat ekitaldi ezberdin egin ziren. Lehen ekitaldietako bat goizeko hamarretan egin zuten Oihaneder Euskararen Etxean. Kasu honetan, Arabako egileek idatzitako jatorrizko testuen irakurketa publikoa egin zuten. Euskararen Nazioarteko Eguna zela-eta, Alea Arabako Aldizkariak antolatu zuen ekitaldia.

Partaideak. Irakurketa publiko horri Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Iñaki Gurtubai Alkateordea eta Euskara zinegotzia eta Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia ere gehitu zitzaizkion.

Testuak. Atzo irakurri ziren ipuinak Iban Zalduak, Karmele Jaiok, Beñat Goitiak, Katixa Agirrek, Mikel Ayllonek, Aritz Martinez de Lunak, Elisa Ruedak eta Edu Zelaieta Antak idatzi zituzten. Ilustrazioak Jon Gilek egin zituen.

Izenburuak. Gurea, zurea, gurea Aritz Martinez de Lunaren ipuina da. Eskola Segregazioa, Iban Zalduak idatzita, Hitzen distira, Karmele Jaiona, Iluntze bat Gasteizen, Beñat Goitiarena, Txoriei beha, Katixa Agirre-rena, Biharamunean Mikel Ayllon-erena, Eguna egunekoentzat eta gaua gaukoentzat, Elisa Rueda-rena eta Hezur-haragizko iniziala, Edu Zelaietarenak irakurri ziren Oihanederren.

Sariak. Euskararen Nazioarteko Egunean, haur literaturaren alorrean euskarara egindako itzulpenik hoberenentzako Vitoria-Gasteiz saria banatu zen, Oihaneder Euskararen Etxean egindako ekitaldian. Aurtengo irabazleak, sarien 15. edizioan, Joana Pochelu eta Aiora Jaka itzultzaileak izan ziren, Clotilde Perrinen - A l’intérirus des méchants -Gaiztoak- liburuaren itzulpenagatik.

“Euskaraz irakurtzeko aukera ematen diguzue euskaldunoi. Gainera, kultur bitartekari lanetan ere aritzen zarete. Beste kultur bitartekari lanetan ere aritzen zarete. Beste kulturekin lotzen gaituzue. Beste hizkuntzekin, kulturekin eta sentimenduekin”.

“Euskarak eta literaturak batzen gaitu gaur -atzotik-, eta Arabako Alea, aste batez, aldera utzi ditu erreportaiak eta elkarrizketak eta esku artean duzuen bilduma liburua osatu du”.