gasteiz - Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalaren (UHUN) Gasteizko ikastegiak kurtso berriari ongietorria eman zion atzo. Kurtsoa urriaren zazpian hasi bazen ere, atzo irekiera ofiziala ospatu zuten.
Ekitaldi honetara, aldundiaren, udaletxearen eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak gerturatu ziren. Patronatuko lehendakaria, Ramiro Gonzalez, ere mintzatu zen bertan.
Matrikula epea, gainera, azaroaren zazpira arte mantenduko da zabalik, nahi duenak interneten bidez izena eman ahal izateko eta gradu eskaintza ezagutzeko.
Aurten, 28 gradu eta 11 gradu konbinatu egongo dira, baita 72 master inguru ere. Graduen kasuan, ez dago nobedaderik, baina masterretan hiru berri sartu dira. Hauek datuen ingeniaritza eta zientzia, gizartean esku-hartze psikologikoa eta zibersegurtasuna landuko dute, “ezinbestekoak diren gaiak”, dio Teresa Imizcoz, UHUNeko Gasteizko Ikastegi Elkartuaren zuzendariak.
Hala ere, UHUNak ez ditu soilik graduak, masterrak eta doktoregoak eskaintzen. Hizkuntzak ere ikas daitezke. Aurten, ingelesa, frantsesa eta euskara irakatsiko dira. Ordutegiak eta informazio guztia ikusgai daude haien web orrialdean.
UHUNak berezitasun bat ere badauka, bere etengabeko prestakuntza programak. Haien artean, adimen emozionala lantzen duenak oso harrera ona dauka gizartean. “Duela hiru urte sortu genuen eskola hau, eta aurten ere, mindfulness, emozioak kontrolatzeko eta gatazkak era positiboan konpontzeko kurtsoak egongo dira, baita gurasoentzat bideratutako formakuntza bat ere, haien seme-alabekin lantzeko”, azaldu du Imizcozek.
Mindfulness kurtsoa pasa den urtean eskaini zuten lehenengoz, eta hirutan errepikatu behar izan zuten, tokiak beti betetzen zirelako. Haien helburua, UHUNeko Gasteizko Ikastegi Elkartuen zuzendariak dioenez, “gizarteak, formakuntzaz gain, adimen emozionala lantzeko aukera eskaintzen duen unibertsitatea hemen aurkitzea da”.
emozioen garrantzia Unibertsitate honetako kideentzat, oso garrantzitsua da emozioak menderatzen ikastea. “Hauek menperatzen baditugu eta garapen emozional osasungarria lantzen badugu, gauzak hobeto egin ahalko ditugu, langile, senide edo hiritar gisa. Uste dugu ekarpen hau egin diezaiokegula gizarteari”, erantsi du zuzendariak.
Desio bat ere badauka urte honetarako. “Gure lana balditza egokietan egitea, ikasleei kalitatezko zerbitzu bat eskaintzen jarraitzeko”, adierazi du, ikasleek esfortzu handia egiten dutela gogoratuz.