GASTEIZ - 1976ko Martxoaren 3an Gasteizen gertatutako hilketak gogoratzeko, Martxoak 3 elkarteak lanean jarraitzen du. Izan ere, azken urteetan ekintza ezberdinak bultzatu ditu ikastetxeekin: hitzaldiak, proiekzioak eta 2014an sortutako unitate didaktikoak, inflexio-puntu bat sortu zutenak. 2016tik eskaintza handitu egin da, Martxoaren 3ko Memorial elkarreragilea sortu zenetik, hain zuzen ere.
“Dinamika arrakastatsu honekin jarraitu nahi dugu”, azaldu dute elkartekoek. Horregatik, bisita berriak egin nahi dituzte, Gasteizen gertatutako istorioa gazteenek ere hobeto ezagutzeko helburuarekin. Bisita hauek hiru hizkuntzetan egin daitezke, euskara, gaztelera edo ingelesez, eta interesatuta dagoen edozein taldek egin dezake, baldintza bakar bat betez gero: 8 eta 35 pertsonen arteko talde bat izan behar da. Bisita dohainik da eta artista ezberdinek (Txaro Arrázola, Marta Gil, Verónica Werckmeister, Sandra Santos eta Irantzu Lekue) egindako artelanak ikusi daitezke bertan. Gainera, ibilbide hau audiogida baten laguntzaz egiten da eta bertan Juan Ibarrondok idatzitako kontakizun bat entzuten da, Zaramagan gertatutako borrokak eta hilketan hobeto ulertzeko giro “ezin hobea” sortuz. Bisitak bi ordu inguru irauten du eta San Frantziskoko elizaren barruan du bukaera, non hileta azaltzen duen bideo bat ikus daitekeen.
Web orria Martxoak 3 elkartea - Asociación Víctimas 3 de Marzo-k web-orri espezifiko bat jarri du martxan, eskaerak eta erreserbak errazteko helburuarekin. Bestalde, antolatzaileek azaldu dutenez, “ ikastetxeekin jarri gara kontaktuan bost mila pertsona baino gehiagok parte hartu duten iniziatibarekin jarraitzeko, honek ibilbide handia baitu oraindik Gasteizen zein beste lekuetan”.
Datuak, behintzat, ez dira txarrak: 2016an 3.032 pertsonek hartu zuten parte, 2017an 876k, 2018an 469k eta, 2019an (ekainera arte), 649 pertsonek. Guztira, beraz, 5.026 pertsona ibili dira Zaramaga auzoko memoria-lekuetatik (fabrika, merkatua, eliza?), 1976ko bizilagunen lan- eta bizi-baldintzak gogora ekarriz.