GASTEIZ- UPV/EHUk Euskara Institutuko zuzendaria aldatzen du. Pello Salabururin ordez Euskal Filologiako katedradun Miren Azkarate izango da.
“Poza, ohorea eta erronka, sentimendu horiek guztiak batera ditut barruan izendapena jaso ostean”, aitortu zuen atzo Miren Azkaratek. “Poza eta ohorea, nola ez, Pello Salaburu ordezkatzeko nigan pentsatu izanagatik. Baina baita erronka ere, eta ez nolanahikoa”. Zentzu honetan, Miren Azkaratek aitortzen zuen Pello Salaburu agintean egon den hamabost urteetan, institutuak baliabide aberatsak garatu dituela: “Horietako batzuk osatu beharko dira; beste batzuk amaitutzat eman daitezke. Eta, batez ere, nahitaezkoa da gogoeta egitea Institutuko kideekin, Zuzendaritzako kideekin batera, ingurune digitalak eskaintzen dituen aukerak hain azkar aldatzen ari diren garaiotan, zein proiektu motari heldu behar diogun hurrengo urteetan”. Azkaratek gehitu zuen: “Gogotsu ekingo diogu guztiok gogoetari, etorkizunean ere gaur duen bikaintasunari euts diezaion Euskara Institutuak”.
Euskara Institutuak euskal hizkuntza aztertzea du xede, besteak beste, gramatika, lexikoa, gizartearen esparruan egiten den erabilera eta terminologia zientifikoa.
Ekimenen artean aipa daitezke Sareko Euskal Gramatika, lehenengo gramatika modernoa eta entziklopedia ere badena, interneten bidez kontsulta daitekeena, eta etengabe gaurkotzen dena. Upv/EHUtik esan duten bezala, “euskararen erabileraren egiazko adibideak, gaur egun argitaratutako liburu eta prentsatik bildutakoak, eta Egungo Euskararen Hiztegia. Bilbon, Bizkaia Aretoan du egoitza Euskara Institutuak”. - E.F.D.