gasteiz - Ikasturte berriarekin GEU elkartearen egitasmo desberdinek martxa hartuko dute laster. Aurten ere GEUrekin mendira taldekoak izango dira lehenengoak ikasturteari hasiera ematen, eta datorren irailaren 15erako antolatu dute lehenengo mendi irteera. 25 urte pasa dira GEUrekin mendira taldea sortu zutenez geroztik, eta Araba eta Gasteizko ehunka euskaltzale eta mendizalek proiektuaz gozatzeko aukera izan dute azken 25 urteotan. Bi zaletasun uztartzeko asmoz (mendia eta euskara), 1995eko otsailetik hainbeste irteera antolatu dituzte Gasteiztik Euskal Herriko eta inguruetako mendietara aisialdirako esparru euskaldun batean. Ordutik 200 txangotik gora egin ditu GEUrekin mendira taldeak. Mendi apalak eta handiagoak tartekatzen dira hilabetean behin antolatzen dituzten txangoetan, gehienetan, hileko hirugarren igandean (Txindoki, Toloño, Zaldiaran, Kapilduy, Aratz, Aiako harriak, Erlo, eta abar).
Mendizorrotzako aparkalekuan Dagoeneko prest dute 2019/2020 ikasturtean izango diren mendi irteera guztien egutegia, eta euskaldun ororentzat zabalik dago. Ez da ezinbestekoa aurrez izena ematea, aski da egunean bertan irteera-gunean azaltzea, hau da, Mendizorrotzako aparkalekuan (Beti Jai frontoien aurrean), goizeko 8.30ean, hilean behin (normalean hirugarren igandean).
“Gonbidaturik zaudete gurekin etorri eta mendian gora euskaraz egitera, giro polita eta ezin hobea da eta taldea oso atsegina”, aipatu du Begoña Ariznabarreta antolatzaileak (geurekinmendira@geuelkartea.eus da kontaktua informazio gehiago eskatzeko).
Erdi mailako mendi-irteerak dira. “Ibilbideak ez dira zailak, baina ondo prestatuta joatea komenigarria da, adibidez, mendiko botak eta arropa aproposa jantzita, ura eta janaria ahaztu gabe”. Ibilbide batzuk egun erdikoak dira (goizekoak) eta 14.30-15.00ak aldera Gasteizen izatea kalkulatzen dute; beste txangoak egun osokoak dira eta 17.00-17.30ak aldera Gasteizen izan ohi dira.
Kotxeak antolatzeko ez dago arazorik, kide gehienek automobila daukatelako. 4-5 kotxe betetzen direnez, gasolina txango bakoitzean parte hartzen duten guztien artean ordaintzen dute.
gidariak Urtean behin hamar antolatzaile edo gidari (Kike, Gidor, Joserra, Joseba, Xabi, Koldo, Oier, Bego, Reina, Josu) elkartzen dira 11 mendi-irteerak eta egutegia antolatzeko (irailetik ekainera hilean behin, eta abenduaren 31n beste txango bat prestatzen dute). Bat edo bi irteera antolatu behar izango du arduradun bakoitzak. “Ondo ez badakigu nolakoa den bidea (altuera, mendiko ezaugarriak?.), lehenago ibilbide hori egiten saiatzen gara, edo GPS erabiliz prestatzen dugu txango bakoitza”, adierazi du Begoñak.
Antolatzailaren esanetan, parte-hartzaile gehienak federatuta daude beste mendi talde batzuetan. GEUrekin mendira taldea ez da gertatu daitezkeen ezbeharren erantzule, eta horregatik federatua egotea gomendatzen da. Antolatutako ibilbideak betetzen dituzte, nahiz eta salbuespen gutxi izan. Adibidez, eguraldiagatik bideak izoztuta egon badira edo errepideak ez badira aproposak gidatzeko, oinez egin dituzte txango batzuk, adibidez, Mendizorrotzako aparkalekutik Zaldiaran mendira.
Azken urteotan irteera bakoitzean batez besteko mendizale kopurua 20koa izan da. Begoñak gogoratu duenez, salbuespenak ere egon dira. “Behin bi lagun bakarrik agertu ziren, eta beste ibilbide batean 65 pertsona bildu ginen Txindoki mendira joateko”.
“Talde irekia da gurea, euskara maila guztietako lagunak elkartzen gara. Beti gogoz hartzen dugu jende berria etortzea. Adiskide onak egin ditugu mendi txangoetan”, adierazi du Begoñak. Eta proposamen desberdinak ere ongi etorriak dira.
Era askotako jendeak parte hartzen du, guztiek mendian gozatzen dute eta giro polita sortzen da haien artean. Adin guztietakoak joan dira txangoetara. Behin 80 urteko emakume batek hartu zuen parte, eta urte gutxiko umeak ere izan dituzte. Mendizaleen adina kontuan hartuta, gehienak 40tik gorakoak dira. “40-60 urte bitartekoak gara, baina jende gazteago etortzen da noizbehinka, eta horiek bizia ematen diote taldeari. Generoaren arabera, Begoñak aipatu du “nahiz eta orain dela 25 urte taldean emakume gutxi izan, gaur egun gero eta emakume gehiago txangoetara etortzen direla, aldaketa handia da”.
hasiera, Ezkibelgo mendian Euskaraz jardungo zuen mendi talde bat sortzeko asmoz Gasteizen, orain dela 25 urte bi emakume hasi ziren mendi talde euskalduna martxan jartzen, Maite Mendiburu eta Begoña Ariznabarreta. Mendia maite dute, eta euskara ere bai. Biak gaztetan mendian ibiltzen ziren. Orain dela 25 urte pentsatu zuten polita zitekeela euskaraz jardungo zukeen mendi taldetxoa sortzea Gasteizen. GEU sortuta zegoenez, bi emakume hauek iragarki bat argitaratzea erabaki zuten elkartearen aldizkarian, Ezkibel mendira joateko asmoz.
“Lehenengo irteeran 37 lagun elkartu ginen Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan ibilbidea hasteko oinez”, gogoratu du Begoña Ariznabarretak. Arrakasta handia izan zutenez, Maite eta Begok hurrengo irteera antolatu zuten, eta 30 lagunek izena eman zuten, GEU elkarteak babestuta.
Begoñak gogorarazi duenez, euskara hitz egitea eta oso ondo pasatzea garrantzitsuena da. Mendia maite dute, eta euskara ere bai.
Irailaren 15ean hasiko dira txangoak. GEUrekin mendira taldekoek datorren irailaren 15erako antolatu dute lehenengo mendi irteera (kontaktua: geurekinmendira@geuelkartea.eus).
Irteera-gunea. Hilean behin (normalean hirugarren igandean) Mendizorrotzako aparkalekuan (Beti Jai frontoien aurrean) biltzen dira mendizaleak goizeko 8.30ean.
Gastuak. Gasolina txango bakoitzean parte hartzen duten guztien artean ordaintzen dute.
Denbora. Irteeraren denbora kalkulatzeko, kontuan izan ibilbidearen iraupenaz gain abiapuntura iritsi beharra. “Goiza” idazten dutenean, 14.30-15.00ak aldera Gasteizen izatea kalkulatzen dute; eta “Egun osoa” agertzen denean, 17.00-17.30ak aldera Gasteizen izan ohi dira.
Federatua egon. Taldeko parte-hartzaile gehienak federatuta daude beste mendi talde batzuetan. GEUrekin mendira taldea ez da gertatu daitezkeen ezbeharren erantzule, eta federatua egotea gomendatzen dute.
Era askotako jendea. Taldea euskaldun ororentzat zabalik dago, adin guztietako eta era askotako jendea biltzen da. Eta ez da inporta euskara maila. Euskaldunzaharrak, euskaldunberriak, gazteak, helduagoak, euskara ikasten ari direnak, eta abar. Adin eta ideia ezberdinetako pertsonak elkartzen dira.