klika egitea aukera bat da, hautua egitea, euskararen aukera hartzea. Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, jauzia ematea eta inplikatzea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea eta euskaltegietan matrikulatzea, konpromisoak hartzeko garaia da eta. Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurriak hartzea. Eta Klika da aurtengo Korrikaren leloa. Hilaren 4an hasi zen Garesen (Nafarroan). Ohitura da aurreko Korrika amaitu zen herrialdean hastea hurrengoa -Iruñean amaitu zen 20. Korrika-. Eta gaur bertan amaituko da Gasteizen, Euskal Herri guztia zeharkatu ondoren.

Azken hamar egunotan 21. Korrikaren lekukoak 2.560 kilometro egin ditu Gasteizera iritsi arte. Ttipi-ttapa ibili da Euskal Herriko kaleetan zehar euskararen aldeko lasterketa, korrikalariak beti aurrera begira.

Ttipi-ttapa ttipi-ttapa Korrika, Hemen gaude euskararen alde, Klika, klika, klika, hemen dago Korrika, Gasteizen ere euskararen alde,? eta antzeko leloak errepikatuko dituzte gaur goizetik milaka euskaltzalek hiriko kaleetan zehar. Goizeko zortziak aldera Korrika sartuko da Gasteizen, eta hainbeste auzotan goizean goizetik festa giroa izango da (Salburuan, Zabalganan, Errota Zaharran,?).

Andre Mari Zuriaren plazan bukatuko da Korrikaren edizio honen 2.500 kilometroko ibilbidea, eguerdiko 12.30etan. Arabako hiriburu osoa zeharkatu ondoren, Dato kaletik sartuko da karabana koloretsua plazan, eta amaiera ekitaldia bertan izango da.

Azkenik Arabako hiriburuan jakingo dute euskaltzaleek lekukoaren barruan milaka kilometro egin dituen mezua eta nor den bere egilea. Milaka pertsonaren aurrean mezua irakurriko dute, eta Korrikaren mezu hori mundu osora zabalduko da, mundu osoan barrena baitaude euskararen alde klika egiten duten euskaltzaleak.

milazangoarekin batera Euskararen lekukoa eramateko prest, milaka euskaltzale aterako dira gaur kalera Gasteizen Korrikaren alde, besteak beste GEU, Oihaneder, ALEA, Sarburu Elkartea, Artepan, SEADen Lagunen Elkartea eta Mendia Optikaren langileak.

Tradizioari jarraiki eta hirugarren aldiz, GEU elkartea, Oihaneder Euskararen Etxea eta ALEA aldizkariak elkarrekin egingo dute kilometro bat, aurten Salburuan. Bertan goizeko 10.30etan elkartuko dira, lekukoa hartzeko zain. 2.523. kilometroa egokitu zaie Joan Karlos I eta Stockholm kaleen bidegurutzean.

Edizio honetan milazangoarekin batera egingo dute Korrika, guztion urrats sendoekin euskarari bultzada emango dion milazangoa. Elementu berezi hori auzolanean eraiki dute azken egunotan. Oihaneder Euskararen Etxeko teknikari Ane Pedruzok, GEU elkarteko teknikari Azaitz Unanuek eta ALEA aldizkariaren zuzendari Aritz Martínez de Lunak adierazi dute joku bat egin dutela. “Denok zangoekin eta oinekin emango dugu euskaren aldeko pauso bat, eta pausuekin emango dugu bultzada euskarari; euskara aurrera eramango dugu egun hauetan eta etorkizunean”.

Aritz Martínez de Lunak aipatu duenaren arabera, “milazango batek irudikatzen du zein den gure espiritua, jende asko atzetik dago hiru elkarteetan”. Euskararen erabilera sustatzeko eta euskaltzaleen komunitatea trinkotzeko asmoarekin, GEU, Oihaneder eta ALEA aldizkaria euskararentzako arnasguneak dira Araban. “Hiru elkarte gara, hainbeste jende atzean dago babesa ematen, eta erabaki behar genuen nork eramango zuen lekukoa gure kilometroan, lekukoa eramateko ardura hori nori eman. Horregatik, azken egunotan elementu berezia prestatu dugu, milazangoa. Berak lekukoa eramango du”.

Salburuan hasiko da gaur milazangoa ibilbidea, eta Andre Mari Zuriaren plazara “animalia” eramaten saiatuko dira, Korrikaren amaierara. Gonbidapena irekia da, GEU, Oihaneder eta ALEAren bazkide, irakurle, korabolatzaile eta Gasteizko euskaltzaleek parte hartzeko asmoz.

Arreta beti euskaraz artepanen Artepan eta Mamia okindegietako langileek ere hartuko dute parte gaur euskararen aldeko lasterketan. 2.473. kilometroa egokitu zaie, Barratxi kalean goizeko 8.28etan. “Beste urte batzuetan Salburuan hartu izan dugu lekukoa, baina aurten Korrika Gasteizen sartzen den momentuko kilometroa da”, adierazi du Antxeta Knörr Mamia okindegiko kideak. “Errepikatzaileak gara Korrikan. Gure euskararekiko konpromisoa ez da sekretua eta hau beste ekintza bat besterik ez da. Hori bai, oso ekintza polita. Guk euskararen aldeko mezua egunero ematen dugu gure dendetan. Arreta beti euskaraz hasten dugu, euskaldunek erosketa euskaraz jarraitzeko aukera izan dezaten”, adierazi du Antxeta Knörrek. Gosaria eramateko ideia dute kilometroa hasi baino lehenago gosaltzeko asmoz, “tripa beteta izanik betiere atsegin handiagoz egiten dugu lan”.

Ez dakite zenbat lagunek hartuko duten parte Artepanen kilometroan. “Auskalo! Kontuan izan guk igandeetan lan egiten dugula, horregatik faktore asko eman behar dira joan ahal izateko: igande goiza libre izatea, eguna libre izatekotan goiz jaikitzeko gogoa, euskaltzalea izatea eta Korrika zalea izatea?. Ikusiko dugu gaur zein den gure jendearen erantzuna, ona espero dugu”, dio Mamiako kideak. “Euskara beti dugu presente gurean. Korrikari buruz gure barne aldizkarian berri eman genuen, euskara klaseetan ere Korrikari buruz mintzatu ginen, eta barne komunikazio bat bidali diegu gure lankideei parte hartzera anima daitezen”.

Salburuan KLIKA egin nahi dute Salburua-Burdinbide auzo elkartearekin batera, Sarburu Kultur Elkarteko kideek ere euskararen lekukoa eramango dute gaur goizean. “Korrikak sekulako ilusioa pizten du euskaldunon artean eta horregatik, argi eta garbi genuen Sarburu Kultur Elkarteko kideok lekukoa eraman nahi genuela. Gure mezua argia izango da: Salburuan Klika egin nahi dugu, hau da, auzoan euskaraz bizi nahi dugu”, adierazi du Iñaki Iratzoki Sarburu Kultur Elkateko kideak. 2.521. kilometroa egokitu zaie, Erroma eta Estrasburgo kaleen artekoa, 10.41ean. “Sarburu Elkartea gaztea da, duela bi urteko edizioa izan zen guretzat lehena Batzuk leloarekin egin zenean. Esan beharra dago Sarburu auzoko Korrika Batzordetik sortu zela”, aipatu du Iñaki Iratzokik.

Goizean auzo mailako txokolatadan parte hartuko dute Salburua ikastetxeko patioan, hainbat elkartek elkarlanean antolatuta. Indarrak hartu eta gero Korrikako une zoragarri eta hunkigarri hori biziko dute... eta eguerdi aldera Gasteizko erdialdera joango dira. Horiek dira gaurko planak. Txandaren bat edo beste eginda, egitarau oparoa antolatu dute euskararen festa borobiltzeko. Azken egunotan Sarburuko kideek auzoa girotzeko hainbat ekintza antolatu dituzte beste eragilekin batera: Klika Salburua bideoa, bizikleta martxa, saskibaloi txapelketa eta patinaia, Ane Gebararen txotxongilo ikuskizuna, eta abar.

optikaKO LANGILEAK Euskararen aldeko apustua egin dute beti Gasteizko Mendia Optikako langileek, adibidez bezeroekin harremanean. Hirugarren aldiz, Korrikan parte hartuko dute optika moduan. “Edizio honetan kilometro bat babestuko dugu, alde batetik euskararen aldeko lasterketa Gasteizen bukatuko delako, eta bestaldetik Txillardegi omendua delako, euskara batua sortzearen bultzatzaile eta eragile nagusietako bat izan zena. Gainera, AEK ekonomikoki laguntzeko asmoa dugu”, adierazi du optikako arduradun Kepa Mendiak.

2.513. kilometroa egokitu zaie, eta Zumaquera plazan hartuko dute lekukoa optikako sei langilek, goizeko hamarrak eta laurdenetan.

Euskararen alde egindako lanagatik eta euskal kultura zabaltzen laguntzeagatik hainbeste sari jaso dute urteetan zehar. “Zerbitzua euskaraz ematen saiatzen gara. Eta Korrikan parte hartzea oso aukera ona da guretzat, Klika leloak esaten duenez, klika egitea inportantea da gure lanaren fruitua edo uzta sinbolizatzeko”, aipatu du Kepa Mendiak.

sahara eta euskal herria batuz Betidanik Arabako Saharako Lagunen Elkartean herrien askatasunaren alde eta hizkuntza minorizatuen indartzearen alde egon dira. “Korrikan bazkideok askotan parte hartu egin dugunez, aurten animatu gara kilometro bat babestera. Aukera ezin hobea da Sahara eta Euskal Herria batzeko, beraien hizkuntzen sustapenaren bidez”, adierazi du Marta Ponce Arabako SEAD-en Lagunen Elkartearen kideak.

2.490. kilometroa egingo dute, Gasteizko Baiona eta Girona kaleen bidegurutzean. Emakume saharar eta euskalduna batek, Nayua, lekukoa eramateko ardura hartuko du. Hogei eta berrogeita hamar arteko kidek parte hartzea espero dute. “Gure sare sozialetan zabaldu egin dugu deialdia, eta bai Sahararen aldeko Elkarteak, bai Euskadirako Saharar Ordezkaritzak gure bazkide, laguntzaile, adizkide eta kontaktuak parte hartzera animatu ditugu”, aipatu du Martak.