gasteiz - Badator Korrika eta Arabako hiriburura iritsiko da gaur euskararen aldeko lasterketa. Goizeko zortziak aldera helduko dira euskararen aldeko lasterkariak Gasteizera, eta ondorengo orduetan eskuz esku igaroko da lekukoa bertako auzo eta kaleetatik. Korrikaren petoak jantzita, haurrak eta helduak, jende anonimoa eta ezagunak ibiliko dira korrika euskal musikaz lagundurik. Hiriko erdigunea eta kanpoaldeko auzoak igaroko dituzte korrikalariek.
Dato kaletik sartuko da karabana koloretsua azken kilometroak egiteko. Amaiera ekitaldia Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan izango da 12.30etan. Han, hamaika egunez eskuz esku joan den lekukoak zer mezu gordetzen duen jakingo dugu; eta segidan, Gasteizeraa bertaratutakoei helduko zaie festarako tenorea.
Foru plazan, kontzertuak izango dira 14.00etatik aurrera: Libe, Trikoma, Koban eta Gozo-Gozo erromeria. Buruileriak plazan, Mice, Konpost eta Ene Bada! entzuteko aukera izango da. Enparantza Berrian magia, tailerrak eta akrobazia ikuskizun emozionala izango dira, eta dantza eta bertso saioak, Aihotz plazan.
izugarrizko antolamendua AEK-k antolatzen du Korrika, bi urtetik behin. Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko ekimen erraldoia da. Parte hartzen duen jende-kopuruak gora egiten du etengabe. Euskararen aldeko kontzientzia suspertzea eta euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. 1980an Euskal Herria zeharkatu zuen lehen Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa da. Apirilaren 4an hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Korrikak Euskal Herria zeharkatu du 21. aldiz. Bi mila kilometro baino gehiago euskararen alde. - B.M.