BIDASOA - Bi urte zeramaten eskualdean, Euskal Herri osoan bezala, Korrikaren zain eta azkenean, atzo, ailegatu zen Baztan-Bidasoan Klika egiteko tenorea. Bortziriak, Xareta, Baztan, Bertizarana eta Malerrekako errepideetan barrena ia 100 kilometro egin zituen euskararen aldeko tropel erraldoiak, eta batzuetan gehiago, bertzeetan gutxiago, jende aunitzek parte hartu zuen han edo hemen.
Goizaldeko 2.45ean, atzerapen pixka batekin heldu zen Korrika Gipuzkoatik Nafarroara, Endarlatsako zubia igarota. Ika, Ika, Ika, hemen dago Korrika! izan ohi da Korrikaren baitan lelo oihukatuenetako bat, eta horri ohore eginez, hain justu, Bortziritako Ika euskaltegiko kideak izan ziren Nafarroako lurretan korrikak egin zuen lehenbiziko kilometroan lekukoa eramateko ardura izan zutenak. Batzuk iratzarri berriak, bertze batzuk lo egin gabe, gogotsu ekin zioten lasterkaldiari. Hortik aitzinera, bortziriko herritarren artetik igaro zen Juan Gorritik egindako makila, N-121-A errepide arriskutsuan barrena, kamioi aunitz ondotik pasatu bidenabar. Berako Udalak, Berako tabernak eta, mendi, lasterketa eta kultur talde desberdinen artean, Korrika Bera herriraino eraman zuten, bertan, ikastetxe desberdinek jendetzaren ekarpena egin zioten tropelari eta mantso-mantso, etenik gabe, Lesakaruntz abiatu zen. Bertan ere elkarte, erakunde eta ikastetxe desberdinek ez zioten hutsik egin bi urtetik behingo hi-tzorduari, eta goizaldeko ordu ttikiak izan arren, adin guztietako lasterkariek parte hartu zuten, Igantzi eta Etxalarren barrena. Tartean aranztarrak ere ez ziren falta izan, herritik pasa ez arren. Lizaietan utzi zuen Korrikak eskualdea, goizaldeko 6.00etan, tartean, pozarren hartu zuten etxalartarrek beren herritik lehenbiziko aldiz Korrikaren igaroaldia. Lapurdin barrena hainbat ordu eman ondotik, 11.00etan Dantxarinetik berriz ere eskualderatu zen Korrika, Zugarramurdi eta Urdazubiarren parte hartze zabalarekin. Otsondon goiti Baztandarrek hartu zuten lekukoa eta Oronozeraino ehunka lagun elkartu ziren kilometro desberdinetan barrena. Bereziki jendetsua izan zen Elizondoko parte hartzea, ikastetxeetatik hurbildutako haurrek kolore berezia eman ziotelarik.
Bertizaranatik Malerrekara pasata, gibelat kontaketa hasi zen, Ezkurrarainoko tartean oraindik kilometro andana bat falta zen arren. Donezteben ere izugarrizko jendetza bildu zen lasterkaldira, ikastetxeetako, udaleko, kirol talde desberdinetako eta oro har, herritarren presentzia handiarekin.
Elgorriagatik pasata, Iturendik igarotzerakoan bertako hartza eta joaldunak agertu ziren, nola ez, korrikari joare soinuekin harrera eginez, eta Zubieta ezkerrean utzita, maldan goiti abiatu zen gero, Beintza-Labaien, Saldisas, Eratsun eta Ezkurrako biztanleek egin zituztelarik eskuadleko azken kilometroak. Ezkurran, eskualdea utzi zuen, 17.00etan, Leitzaruntz. Tarte horretan Araitz eta Beteluko ordezkariek hartu zuten geldiezina den Korrikaren martxaren gidaritza. - F.A.