gasteiz - Hamaika eguneko ekimena abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunarekin batera, amaitu zen arren, milaka lagunek espero dute hizkuntza ohiturak aldatze prozesua mantentzea urteko 365 egunetan zehar. Euskal Herri eta Arabako parte-hartzaile askok euskarari eusten jarraituko dute, hizkuntza tinkoz, sendo eta irmo erabiltzeko asmoz.
Euskaraldia bukatu ondoren, zer esan dezakezu ariketa sozialari buruz? Helburuak bete ditu?
-Ariketa masiboa izan da, izugarria izan da euskaldunon artean izandako harrera. Helburuak potoloak ziren, baina asko hurbildu garela esango nuke. Inertzia asko apurtu direla duda gabekoa da. Lagun kuadrilla eta familia askoren bizipenak heldu zaizkigu, elkarren artean orain arte beti gaztelaniaz aritu izan zirela eta hamaika egun hauetan gehienbat euskaraz aritu direla kontatuz. Eta egunerokoan eman dira aldaketa hauek. Izan ere, egun berezietan euskaraz egitea ez da zailena, aldaketa gure egunerokotasunean eragitea baizik. Beste helburu garrantzitsu bat euskararen alde egotetik euskararen alde egitera pasatzea izan da, aldekotasun sinbolikotik urrats praktikoetara pasatzea. Eta hau txapa jantzi eta aldatu dugun hitz bakoitzaren bitartez lortzeaz gain, aurretik herri zein auzoetako batzordeen bitartez egindako lanaren bitartez lortu da ere.
Euskaraz gehiago egin dugu Araban? Hizkuntza ohiturak aldatzen hasi dira?
-Euskaltzale sareak aktibatu eta indartu dira Euskal Herri osoan zehar, eta Araban ere ez gara labur geratu. Añanan, adibidez, orain arte ez zegoen koordinazio gunea sortu dute herri ezberdinetako euskaltzaleen artean. Gasteizen ere auzo guztietan sortu dira Euskaraldia aktibatzeko azpibatzordeak, eta kuadrilla guztietan egon dira sorpresak, bai batzordeak sortzean zein ariketa heltzean. Beraz hizkuntza ohiturak aldatzeko lehenengo urrats txikia eman dugu Euskaraldiarekin, eta urrats txiki honekin bideari ekin diezaiokegula frogatu dugu!
Ahobizi izan da gehien aukeratutako rola. Zure ustez, zergatik gertatu da egoera hori? Ahobiziek ondo bete dute rola?
-Bai, Arabako partehartzaileen %64ak ahobizi izatea erabaki du, eta %36ak, aldiz, belarriprest. Batzorde bakoitzean bertako errealitatearen balorazioa egin beharko da, baina orokorra izan da herritarrek ahobizi eta belarriprest rolak ongi ulertzeko zailtasuna. Hainbat arrazoi direla medio, hizkuntza gaitasunarekin lotzen ditu gizarteak automatikoki: ahobizi euskaraz hitz egiten dakiena, belarriprest ulertu bai baina hitz egiteko gai ez dena. Baina hau ez da horrela. Garrantzitsua da azpimarratzea bakoitzak egingo duen ariketaren araberako hautua dela ahobizi edo belarriprest izatea, eta ez daukala, beraz, hizkuntza gaitasunekin zerikusirik. Nik 11 egunetan ulertzen duten guztiekin euskaraz aritzeko ariketa egingo badut, orduan ahobizi rola aukeratu beharko nuke. Edozein arrazoi dela medio (eta denak dira zilegi), aldiz, beti euskaraz egingo ez dudala aurreikusten badut, belarriprest rola hartuko dut. Honek ez nau mugatuko euskaraz egiterako orduan. Belarriprest txapa eraman dezaket eta %99an aritu euskaraz. Arazoa ahobizi txapa jantzita erderaz aritzen naizenean dator. Hor ariketa osoa desfiguratzen hasten da. Beraz, ahobizi asko egon dira euren rola bete ez dutenak, beste modu batean ulertu dutelako horrela hasiera batetik. Apurka apurka aldaketa hau egiten joango gara ere, pausoz pauso!
Datuen arabera, jakin dezakegu zenbat Arabako lagunek hartu dute parte Euskaraldian? Zenbat txapa banatu ziren Araban?
-20.196 lagun izan gara Araban txapa jantzita ibili garenok hamaika egun hauetan zehar.
Zeintzuk izan dira jasotako zalantzak Euskaraldian zehar? Jendea hurbildu da kontatzera kezkak, bizitako egoerak,??
-Pauso txikiak oso inportanteak izan dira esperientzia honetan. Rolen inguruko zalantzez gain (nahaste handia egon baita hauekin, aurretik esan bezala), beldur txikiak izan dira nagusi Euskaraldia hasi aurretik: eta zer egingo dut egoera hau edo bestea ematekotan? Eta nola egingo diot aurre honi? Baina badakigu gure beldurrek dena errealitatean dena baino handiagoa margotzen dutela... eta esfortzua erraldoia irudikatzen bagenuen ere, ariketa gure egunerokotasunean egin dugunez erosotasunean egin dugu ere, gure gertuekoek babestuta. Bizipen oso politak jaso dira, hainbat arabarrenak lurraldeko hedabideen argitaratu dira eta euskal herritarrenak hurrengo orrian jaso dira: https://euskaraldia.eus/bizipenak/. Besteenak irakurtzeaz gain, gure bizipen propioak ere partekatu ditzakegu honen bitartez!
Zure ustez, beharrezkoa izango litzateke Euskaraldia urtero antolatzea, hizkuntza ohiturak aldatze prozesua ziurtatzeko Euskal Herri osoan?
-Euskaraldia gehiago egongo da, baina noiz eta zenbatero hurrengo hilabeteetan jakingo da. 2019ko proposamena labean dago ere, baina ezberdintasunekin etorriko da oraingoan. Lantzeko asko geratzen zaigu oraindik.
Non izan du eragin handiena Euskaraldiak (herriaren arabera, jendearen adinaren arabera,?)?
-Arabako kuadrilla guztietan izan du eragin handia Euskaraldiak. Batzuetan sorpresak kopuruen bitartez etorri dira, beste batzuetan sortutako batzordeen bitartez, beste batzuek prestakuntza saioen arrakastaren bitartez... Kuadrilla bakoitzeko errealitatea ezberdina eta berezia da, eta hau Euskaraldian ere ikusi dugu. Baina kuadrilla guztietan oso pozik daude herriak izandako erantzunarekin, bai parte hartzaile kopuruarekin zein honek eragindako aldaketa txiki guztiekin.
Zer espero duzu datorren hilabeteotan? Euskara gehiago entzungo dugu Arabako herrietan? (dendetan, tabernetan, kaleetan, etxeen barruan...)
-Euskaraldia bide luze baten pauso bat izan da. Beste asko ditugu aurretik, baina orain emandakoari balorea eman behar diogu. Hamaika egun hauetan ohikoa dena baino euskara askoz gehiago entzun dut nire inguruan, eta horren erdia mantentzen bada ere, emandako pausoak izugarrizko pisua izango du! Ikerketak esango digu hiru hilabete barru orain egindakoaren zenbat mantentzen den, baina lehen esan bezala, urrats honekin bideari ekin diezaiokegula frogatu dugu, euskararen alde egiteko prest gaudela. Eta nik zintzotasunez sentitzen dut euskara pixkat gehiago entzungo dugula honen ostean, bai elkarrizketa motzetan (ogia erostean edo tabernetan zuritoa eskatzean) zein etxeko kontu txikietan, eta hori jada zoragarria da.