gasteiz - Dozenaka lagun eta familia elkartu ziren atzo Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan euskarari eusteko giro ezinhobean eta irrikitan, eta batez ere, hizkuntzari hauspoa emateko urteko 365 egunetan. Arratsaldeko 18.30etan, azken urteotan bezala, kandelak pizten hasi ziren bertaratzen zirenen laguntzarekin. Kandelen mosaiko erraldoia egin zuten dozenaka hiritarrek Andre Maria Zuriaren plazan Euskaraldia hitza osatuz, Euskararen Nazioarteko Eguna eta Euskaraldiaren azken eguna ospatzeko asmoz, Alea aldizkariak eta Geu elkarteak elkarlanean. Ondoren, kalejira animatuan Oihaneder Euskararen Etxera abiatu ziren. Bertan, argiak itzali eta Euskararen Izarren Argiztatze Koloretsuaren unea izan zen.

“Euskara gehiago entzun dugu hamaika egun hauetan Gasteizko kaleetan, gehien bat ikastolako gurasoeen artean. Gaztelaniaz hitz egiteko ohitura geneukan, baina egun hauetan euskaraz egin dugu, txipa aldatu dugu eta”, esan du Taniak. Aritz lagunarekin plazara hurbildu zen, Julen, Intza eta Lore umeek mosaikoan parte har zezaten. “Txapak eraman dugunez, oso deigarria izan da, eta errazagoa izan da jakitea nor dagoen euskaraz egiteko prest, ezezagunekin ere bai”, adierazi du Aritzek. Bere kasuan, jendeari begira lan egiten du, eta euskaraz gehiago mintzatzen lagundu dute ahobizi eta belarriprest txapek.

“Umeekin euskaraz moldatzen gara egunero, eta eskolan adierazi diete zer den Euskaraldia, gaia landu dute eta haien txapak egin dituzte”, aipatu du Aritzek.

euskaraz egiteko ohitura Oihu semearekin Andre Maria Zuriaren plazara joan zen Ibon. “Gure inguruan nabaritu da jendeak parte hartu duela Euskaraldian. Horrelako ekimenarekin espero dut euskararen erabilera sustatzea guztion artean”, esan du Ibonek. “Oso arrakastatsua eta ezaguna izan da Euskaraldia Gasteizen, eta uste dut ekimenak txipa aldatzea lortu duela”. “Semeak bere txapa berezia egin du eskolan, nahiz eta umeentzat ohikoa izan, euskaldunak direlako goitik behera, ez daukate arazorik hizkuntzarekin”. Bere ustetan, euskaraz egiteko ohitura mantentzea urte osoan oso garrantzitsua da.

Pirritx eta Porrotx panpinak eraman zituzten Alain eta Janirek Eusraken Eguna ospatzeko Andre Maria Zuriaren plazan, Ainara eta Jose gurasoek lagunduta. “Belarriprest rola aukeratu du. Hitz egiteko orduan, jendea gehiago animatu da. Gurasoen artean erderaz egiten dugu, baina egun hauetan euskaraz egiten ari gara”, aipatu du Ainarak. Alain eta Janire umeek badakite zer den Euskaraldia, Arantzabela ikastolan ahobizi eta belarriprest rolak landu dituztelako.

Itziar hiriko erdigunera bertaratu zen Josu Jon, Amara eta Izarok euskal jaian parte har zezaten. “Proiektu oso polita da Euskaraldia, txapak ikusteak asko lagundu du. Baina lehendabiziko urtea izana, uste dut indartu behar zaiola eta lan asko dagoela egiteko”, aipatu du Itziarrek. Seme-alaben ikastolan landu dute Euskaraldia azken egunotan, eta lehenengo momentutik ahobizi rola hartu dute umeek.