gasteiz - Estereotipoak, klitxeak, etiketak eta aurreiritziak puskatzen saiatzen ari da Jon Maia bertsolaria. Hilabete batzuk daramatza astean gai honen inguruko hainbat hitzaldi ematen, pertsonalki egindako bide luzea, bizipenak eta hausnarketak adierazteko asmoz. Aita Zamoratik eta ama Extremaduratik etorriak, bere jatorria onartzeak lan handia suposatu zion bere euskal nortasunetik.

Pasa den asteartean Santiago Ospitalean hitzaldia eskaini zuen integrazioaz aritzeko asmoz. Bere sustraietara jo zuen eta bere familiaren jatorrietatik bertsolaritzaraino egindako bide luze eta hain intimoa izan zuen aztergai Maiak. Extremaduratik bertsolaritzara. Integrazio istorio bat izenburua zeraman zumaiarraren hitzaldiak, aste honetan Gasteizen Euskaraldia sustatzeko antolatzen dituzten ekimenen barruan.

Jon Maia Soria (Urretxu, 1972) bertsolaria, euskal abeslaria, euskal idazlea, itzultzailea eta dokumentalgilea da, besteak beste. Euskal Filologian lizentziaduna da, eta Zumaian du bizilekua. Maiaren aita Zamoratik etorria zen Euskal Herrira; ama, berriz, Extremaduratik.

Gazte zelarik hasi zen Zumaiako Bertso Eskolan, 1980ko hamarkadan, bertsolaritzaren eraberritze sakon baten hasiera izan ziren garaiak, eskoletako lehen bertsolari gazteak plazetara eta txapelketetara iristen hasi zirelako. Joanito Dorronsoro bertso-doinu biltzaile eta ikertzailea izan zuen irakasle. Bertsolari moduan, lau aldiz iritsi da Euskal Herriko Txapelketa Nagusiaren finalera, azkena 2009an. Eta nola iristen da mantxurriano, koreano, belarrimotz, hezurbeltz, maketo haien ondorengo bat bertsolari izatera? (Espainiatik Euskal Herrira etorri eta euskaraz ez zekiten etorkinak izendatzeko erabiltzen ziren mespretxuzko terminoak dira).

2017. urtean argitaratutako Berriak jaio ginen liburuan kontatzen zuen, hain zuzen, guraso kanpotarrak zituen ikastolako ume eta bertsolariak nola lortu zuen bere jatorriarekin eta bere buruarekin bakeak egitea.

“Gaur egun euskaldunak garen herritar asko etorkin horien seme-alabak edota bilobak gara. Nire abuelaren eta Francoren garaian hona etorritako etorkinen presentzia handia dago, milaka langile beharrezkoak ziren fabrika asko ireki zituztelako”, gogoratu zuen Maiak.

“Zamora”, “Extremadura”, “abuela” eta “abuelo” hitzak Kanpotik etorriak ziren gurasoak eta bertsolaritzaren mundu euskaldunean arazo bat zuen barnean Jon Maiak. Eta errealitate berri hori agerian utzi zuen 1997ko abenduaren 14an Donostiako Belodromoan. Euskal Herriko Txapelketa Nagusiko azken agurrean Extremaduratik eta Zamoratik etorritako guraso eta aitona-amonei kantatu zien Maiak. Jendaurrean oso harro agertu zen bere jatorriaz eta identitateaz, etorkinen familia baten integrazioaren historia luze bat ixteko asmoz. “Puntu intimoa izan zen, armairutik irten nintzen”, gogoratu zuen Maiak.

Barnean zeukan gatazka familiaren jatorriagatik agerian utzi zuen. Jende gehienak ez zekien bera mantxurriano, belarrimotz edo koreano familia batekoa zenik, gazte-gaztetik familiaren jatorria ezkutuan uztea erabaki zuelako Jon Maiak lotsagatik.

Donostiako Belodromoan zeuden 8.000 lagunen eta telebistatik ikusten ari ziren guztien aurrean kontatzea erabaki zuen Gipuzkoako bertsolariak urte luzeetan ezkutuan gorde zuen gatazka hori, bertso hain intimo baten bidez: “Ama Extremadura/ aita Zamoratik/ abuela ta abuelo/ haien aurretik/ herri hontan sustraitzen/ asmatzeagatik/ neuk’e maita dezaket/ guztien gainetik/ euskaraz badakit/ bertsoz darabilkit/ dena zuengatik/ halaxe dagokit/ denek kantatu dute nere ahotik”.

Bere jatorria onartzearen bidean, Jon Maia bertsolariak bere buruari galdetzen zion zergatik utzi zuten euren herria aitona-amonek eta gurasoek, eta zergatik etorri ziren Euskal Herrira. Eta batez ere nola bururatu zitzaien euren seme-alabak ikastolan matrikulatzea txikiak zirenetik.