GASTEIZ - Dozenaka herritarrek hartu zuten parte atzo Oihaneder Euskararen Etxean izen-emate ilara erraldoi batean. Irudi indartsu bat eman nahi izan zuten Euskaraldia lau haizetara zabaltzeko asmoz. Euskaraldiaren izen-emate kanpaina hasi da Euskal Herri eta Arabako herritarrentzat. Hemendik aurrera, 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute. Gasteizen izena eman dezekete abenduaren 3ra arte Oihaneder Euskararen Etxean (astelehenetik ostiralera 17.30etatik 20.30etara) eta gizarte etxe guztietan (datorren astelehenetik aurrera), Internetez gain (http://izenematea.euskaraldia.eus/ web orriaren bitartez).

Euskaraldia azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herri osoan egingo den ekimena da, eta hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa soziala izango da.

Ekimenera batu diren hainbat lagun elkartu ziren atzo Oihaneder Euskararen Etxean. Gasteizko udaletxeko ordezkari ezberdinak, Iñaki Prusilla Gazteria eta Euskara zinegotzia, Kike Fernandez de Pinedo EH Bilduko eleduna, GEU elkarte eta Mintzalagun programaren arduradunak, hamaikakoko kide diren Marina Sagastizabal (Mugimendu feministako kidea), Paul Urkijo (zinemagilea), Itziar Azpeitia (kazetaria), Carlos Villalba (erretiratua) eta Natasha Rueda (Goian elkarteko kidea) euskalgintzako kideak, Gasteizko herritar ugarirekin batera ilara egiten egon ziren izena emateko.

Modu pertsonalean eta borondatez, Euskaraldian parte hartzea erabaki dute, Belarriprest eta Ahobizi rolen bitartez. Hala, herritarren izen ematea aktibatzeko lehen deia egin zuten. Iñaki Prusilla Gazteria eta Euskara zinegotziak azpimarratu zuen “ez dela bakarrik euskara sustatzeko ekimena, hizkuntza erabiltzeko ere bai”. “Euskaldunak garenok parte hartu behar dugu, baina euskaldun ez den jendearentzat ere irekita dago. Jendearen artean harrera ona izango du”, esan zuen Iñaki Prusillak.

bi rol aukeran Nola egingo dute herritarrek? Ahobiziak eta belarriprestak izango dira Euskaraldia 11 egun euskaraz ekimeneko ardatz nagusiak. Euskaraldiak iraungo duen 11 egunetan Ahobizi edo Belarriprest identifikazio ikurra edo txapa erabiliko dute parte-hartzaile guztiek (16 urtetik gorako herritarrak izango dira). Beraz, hamaika egunez, bi rol izango dira aukeran herritarrentzat. Alde batetik, Ahobizi (ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet). Eta bestetik, Belarriprest (egidazu euskaraz, nik ulertzen dut. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut).

aRABAKO kuadrillak 11 egun horietara heldu arte bidea oso garrantzitsua izango da, eta euskaldunei bide hori elkarrekin egiteko gonbita luzatu diete. Arabako kuadrilla guztiek eta Gasteizko auzoek Euskaraldiarekin bat egin dute. Dagoeneko Arabako kuadrilla guztietan sortu dira batzordeak Euskaraldia bultzatzeko asmoz: Aiaraldea, Añana, Errioxa, Gasteiz, Gorbeialdea, Lautada, Mendialdea eta Trebiñun. Honek Euskaraldian parte hartu nahi duen arabar orok bere herrian bertan izena eman ahal izango duela bermatzen du. Adibidez, Añanaren kasuan mezu bat bidali dezakete herritarrek (anana@euskaraldia.eus). Ehunka dira Euskaraldian izena eman duten herri eta entitateak. Zehazki, 350 udalerrik hartuko dute parte egitasmo honetan. Hemendik aurrera herritarrak izango dira protagonistak. Izena emateko epea ireki dute herritarrentzat abenduaren 3ra arte.

Euskara kirol arloan Beste aldetik, Arabako kirolaren bitartez euskara sustatzea helburu nagusi dute euskalgintzako kideek. Hainbeste Arabako kirolarik parte hartu zuten atzo Europa Jauregian jardunaldi batean honako helburuarekin: kirol arloan euskararen presentzia indartzea. Arabako Kirol Federakuntzen Elkarteak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak antolatuta Euskara, marka eta erronka II jardunaldia ospatu zuten. Klubek eta federazioek euskararen erabilera sustatzeko zer egin dezaketen aritu ziren parte-hartzaileak, eta dauden aukerak eta baliabideak aztertu zituzten.

Jardunaldi horretan Euskaraldia aurkeztu zuten, eta elkarrekin lanean jardun zuten ekimen hori kirol arloan abiatzeko eta dinamizatzeko estrategiak lantzen.