Gasteiz - Udan ere praktikatzen jarraitzeko asmorik baldin badute Arabako euskaltzaleek, Gasteizko Mintzalagunak eta GEU elkarteak aukera paregabea emango diete hitz egiteko eta hainbat euskaldun ezagutzeko. Gasteiz giro euskaldunean murgilduko da udan lagunarteko giroaz disfrutatzeko. Hiriko txoko desberdinetan antolatutako lau proposamen eskainiko dituzte Mintzalagunak eta GEU elkarteak aurten. Eguraldi ona eta egun luzeak iritsi dira, eta haiekin batera baita udako ekintza osagarrien garaia ere.
Ekainean eta uztailean egingo dituzte udako ekintza osagarriak: bi bisita gidatu, tailerra eta ibilbide gidatua. Natura disfrutatu eta ezagutzeko ekintzak egiteko aukera izango dute euskaldunek, baita Gasteiz ikuspuntu desberdin batetik ezagutzeko eta irudikatzeko aukera ere.
Alde Zaharreko Fauna izango da udako lehen ekintza osagarria, Azaitz Unanue biologo eta txorizalearen eskutik. Hiritik irten gabe gauza berriak ezagutzeko edota ezagunak berrikusteko gonbidapena luzatuko du Unanuek. Bihar, ekainaren 26an, izango da bisita gidatua (18.00-19.30) Gasteizko Alde Zaharrean zehar.
Pasa den edizioetan Gasteizko ekosistema urbanoak ingurumenari, faunari bereziki, sortzen dizkion aukera eta eragozpenei buruz hitz egiteko aukera izan zuten. Hegaztiak izan ziren batez ere haien ikusmiraren xedea, txitxi-burruntzi, saguzar, landare zein narrastiez hitz egin bazuten ere. Ikusi zituzten hegazti espezieak hurrengoak izan ziren: sorbeltz arrunta, amiamoko zuria edo zikoina, belatxikia, etxe-txolarrea, etxe-usoa, buztangorri argia, lertxuntxo txikia, txirriskila eta belatz gorria.
Betoñotik Otazura bizikletaz TRENICO bizikletan ibilbide gidatua izango da hurrengo udako ekintza osagarria. Uztailaren 10ean antolatuko dute Gasteizko Mintzalagunak eta GEU elkarteak (18.00-20.00), eta Sancho El Sabio Fundaziotik aterako da. Ibilbide honetan Ibon Guillen trenzaleak egingo ditu gidari lanak eta Betoñotik Otazura bitartean antzinako Anglo Vasco trenbideak egiten duen bidea jarraituko dute parte-hartzaileek, bizikletaz. Hirian trenbideak utzi zituen aztarnak ikusi, bitxikeri batzuk ezagutu eta euskaraz arratsalde polita pasatuko dute. Bizikleta eramatea beharrezkoa da.
Kamerarik gabeko argazkigintza tailerra izango da hirugarren ekintza osagarria. Datorren uztailaren 18an (18.00-20.00) Luz Roja elkartean antolatuko dute (Bueno Monreal, 11). Argazkigintzaren oinarriak ezagutzea izango da tailerraren helburua, modu praktiko eta dibertigarrian, Luz Roja elkartearen eskutik. Horretarako, argazkiak egingo dituzte parte-hartzaileek, baina kamerarik gabe. Ondoren, laborategian sartu, kimikoak erabili eta argazkigintzaren magiaren bitartez, irudi polit eta ikusgarriak lortuko dituzte. Ez da beharrekoa argazkigintzan ezagutzarik izatea.
Bukatzeko, Ibilbide ez muralistikoa izango da laugarren udako ekintza osagarria. Arana eta Judimendi auzoetan antolatuko dute datorren uztailaren 26an (18.00-20.00). Fill in Culture elkarteko lagunek Arana eta Judimendi auzoetako graffitien ibilbidea egingo diete parte-hartzaileei. Besteak beste, hiriko graffiti zaharrenetarikoak ikusteko parada izango dute. Horrez gain, artelan hauen inguruko historiari buruz arituko dira.
Nahi baduzue parte hartu, idatzi mezu bat zgil@gasteizkomintzalaguna.eus helbidera honako datuok zehaztuz: izen-abizenak, helbide elektronikoa, telefono zenbakia eta zein ekintzatan eman nahi duzuen izena. Bisita bakoitzak 5 euro balio du, eta bisita guztiak 15 euro.
Bisita gidatua: Alde Zaharreko Fauna.
Noiz: Ekainak 26, 18.00-19.30.
Non: Gasteizko Alde Zaharrean.
Deskribapena: Alde Zaharreko fauna ezagutzeko aukera eskainiko du Azaitz Unanue biologoak.
Ibilbide gidatua: TRENICO bizikletan.
Noiz: Uztailak 10, 18.00-20.00.
Nondik: Sancho El Sabio Fundaziotik aterako da.
Deskribapena: Ibon Guillen trenzaleak egingo ditu gidari lanak, eta Betoñotik Otazura bitartean antzinako Anglo Vasco trenbideak egiten duen bidea jarraituko dute, bizikletaz.
Tailerra: Kamerarik gabeko argazkigintza.
Noiz: Uztailak 18, 18.00-20.00.
Non: Luz Roja elkartean.
Deskribapena: Argazkigintzaren oinarriak ezagutzea izango da helburua. Argazkiak egingo dituzte baina kamerarik gabe.
Bisita gidatua: Ibilbide ez muralistikoa.
Noiz: Uztailak 26, 18.00-20.00.
Non: Arana eta Judimendin.
Deskribapena: Fill in Culture elkarteko lagunek Arana eta Judimendi auzoetako graffitien ibilbidea egingo dute.