Gasteiz - Datorren abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta horren inguruan Euskararen Astea antolatzen ari da. Hainbat talde euskaltzalek oso argi daukate zein den helburua, euskaraz bizitzen saiatu behar dugu, eta kalean euskara gehiago entzun behar da. Gasteizen euskararen erabilerak igoerarik nabarmenena izan du azken bost urteotan. Haurrak (%18,3) dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak; horien ostean, gazteak (%12,3); ondoren, helduak (%11,5); eta, azkenik, adinekoak (%8,1). Euskal Herriko kaleetan euskararen erabilerak gora egiteko helburuarekin, Bai Euskarari Elkarteak kontsumoa euskaraz sustatzeko kanpaina bat abian jarri du Gasteizen, Udalaren babesarekin. Euskaraz dakiten edo-eta ikasten ari diren pertsonak euskaraz kontsumitzera animatzea da erronka, lehen hitza euskaraz eginez.
Zeintzuk izango lirateke merkataritza eta ostalaritzako onurak negozietan euskara txertatzea erabakiko balute?
-Merkatarien edo negozioen jabeen ikuspegitik, euskara baliatu beharreko aldagaia da, markaren posizionamendua hobetzeko, bezeroarekiko konfiantza sortzeko, bezero kopurua handitzeko eta fidelizazioa indartzeko. Gainera, merkatu berrietan sartzeko edo-eta etekinak areagotzeko, talde kohesioa eta motibazioa bizkortzeko, produktu /zerbitzu lehiakorrak eta kalitatekoak izateko, euskaraz bizi eta euskaraz erosi edo euskaraz lan egin nahi duten pertsonei aukera errazteko, lurraldearen eta pertsonen ongizatea euskararekin ere lotzeko... Zerrenda luzea da, zalantzarik gabe.
Abantailak besterik ez dituzte lortuko negozioen jabeek.
-Euskara txertatzearen abantailak oso argiak dira eta ekimen honen bidez hori erakutsi eta prozesura gehitzeko laguntza eta baliabideak eskaini nahi dizkiegu merkatariei: euskaraz lan egiteko jarraibideak, hizkuntzaren egoeraren autodiagnostikoa egiteko aplikazioa, hizkuntza egoera hobetzeko informazio, aholku eta materialak, eta abar.
Zeintzuk dira euskara erabiltzearen onurak kontsumitzaileentzat?
-Kontsumitzailearen ikuspegitik ere, euskara baliatu beharreko aldagaia da: gero eta kontsumitzaile gehiagoren harreman-hizkuntza delako, konfiantza eskaintzen digulako, kalitateko ikur delako, jasangarria delako, gertutasuna eskaintzen digulako... Euskaraz erosi, euskaraz lan egin eta euskaraz bizi nahi dugulako. Bai Euskarari Elkarteak euskara erabiltzearen onurak erakutsi nahi dizkio kontsumitzaileari eta horretarako laguntza eta baliabideak eskaini, esate baterako, Gasteizko euskararen mapa.
Establezimenduetara bezero berriak erakartzea eta bertan kontsumitzea dira helburu nagusiak. Euskarak lor dezake? Euskarak eskain ditzake bide berriak kontsumoa errazagoa izan dadin?
-Bezero berriak erakarri eta fidelizatzerako orduan, faktore asko kontuan hartzen dira, zerbitzu edo-eta produktuari kalitatea eskaintzen diotenak. Kontsumitzaile irizpidedun bat daukagu buruan, kontsumitzeko aukera egiterakoan faktore ugari aintzat hartzen dituena. Gertutasuna, konfiantza, tokikotasuna, komunitatea dira, besteak beste, kontuan hartzen diren ezaugarriak erosketa prozesu batean. Eta euskarak horien guztien bermatzailea da. Beraz, bai, euskarak kontsumo bide berriak irekitzen ditu, balioan eta bezeroarengan oinarriturikoak.
Euskaraz dakiten eta ikasten ari diren pertsonak euskaraz kontsumitzera animatzea da erronka. Elkartearen proposamena da, adibidez, lehen hitza euskaraz egitea. Zeintzuk dira zuen gomendioak kontsumitzaileentzat eta merkatarientzat?
-Euskararen aldagaiari garrantzia ematen dioten kontsumitzaile irizpidedun aktiboak giltzarri dira kanpaina honetan, erronka baita euskaraz dakiten edo-eta ikasten ari diren pertsonak euskaraz kontsumitzera animatzea, lehen hitzetik euskaraz eginez. Horiei zuzendutako kanpaina da. Gomendioei dagokienez, onena da kontsumo harreman horietan eroso aritzea, bai kontsumitzailea baita merkataria ere. Mapan identifikatuta daude euren jardunean euskara txertatzen ari diren negozioak... Bai Euskarari ziurtagiria duten establezimenduetara bezero berriak erakarri eta bertan kontsumitzea erraztuko dugu, eta gainerako establezimenduak euskarak eskaintzen duen balioaz ohartarazi eta urratsak ematera animatu nahi ditugu, euskaraz kontsumitu nahi duten pertsona horiei kalitateko zerbitzua emateko.
Bezeroei euskararen erabilera erraztu nahi diezue Gasteizko establezimenduetan eta, horregatik, horietan lanean ari diren pertsonei bereizgarri bat erabiltzea proposatuko zaie. Nolakoak izango dira bereizgarri horiek?
-Helburu nagusia da kontsumitzaileak eta merkatariak euskaraz aritzea lehenengo hitzetik. Badakigu askotariko egoerak egongo direla, baina beti bilatuko dugu prozesu erosoa izatea. Beldurrak eta lotsak astindu eta euskaraz egiten gozatu dezakegula erakutsi nahi dugu, bakoitzak bere mailan. Merkatariak eta ostalariak, lehenengo hitzetik euskaraz egitera animatu nahi ditugu “egun on” batetik hasita, gutxieneko arreta bermatzeraino. Bezeroei bidea erraztu nahi diegu, euskara erabiltzeko zalantzarik izan ez dezaten. Horretarako, bi bereizgarri sortu ditugu: euskaraz lan egiteko gaitasuna dutenek soinean “Euskaraz?” bereizgarria eramango dute, bezeroak jakin dezan euskaraz aritu daitekeela berarekin. Bigarren eredua,“Euskaraz? Poliki, mesedez” izango da, ikasten ari diren saltzaileentzat edo euskaraz aritzeko erabateko segurtasuna ez duten langileentzat. Bi kasuetan, helburu nagusia izango da kontsumo harremanetan euskara erabiltzeko aukerak areagotzea.
Noiztik izango dira Gasteizko merkataritza eta ostalaritzan bereizgarri horiek?
-Bereizgarri hauek dagoeneko Gasteizen daude jada eta datozen hilabeteetan ikusiko ditugu Gasteizko euskararen mapa osatzen duten establezimenduetan. Bereizgarriak eskuratzeko interesa duen edonor jarri daiteke Bai Euskarari Elkartearekin harremanetan, planora gehitu ondoren, jasoko dituzte euskarri horiek.