Gasteiz - Datorren abenduaren 3an Euskararen Eguna ospatuko da, eta horren inguruan Euskaren Astea antolatzen ari da. Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiarekin eta hainbat talde euskaltzalerekin batera, antolatutako hainbat jarduera eskainiko ditu aste osoan zehar. Mintzodromoa, Kantari Gasteiz euskarazko karaokea, kontzertuak, antzerkia, erakusketak, filmak eta kalejira bezalako ekimenak egingo dituzte. Momentuz, asteburuan haurren txanda izan da Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan.

Larunbatean eta igandean haurrentzako ikuskizun berezia eskaini dute Vital Kutxa Fundazioa aretoan (Dendaraba gunean), Kantari Gasteiz euskarazko karaokea. Aurten, hamalau ikastetxeko 300 ume inguruk parte hartu dute Kantarin, 7 eta 11 urte bitarteko gaztetxoek, hain zuzen. Guztira, 72 talde osatu dira, eta hamabi saio grabatu dituzte. Gonbidapenak parte-hartzaileen artean banatu ziren. Bertaratu ez zirenek, ordea, saio guztiak zuzenean ikusteko aukera izan dute alea.eus webgunean. Aurten, hitzordua bikoitza izan da, izan ere, azaroaren 25ean (larunbata) eta 26an (igandea).

Kantari haur eta gazteentzako euskarazko karaokearen bigarren edizioa izan da Gasteizen. Gaztetxoen artean euskarazko kantuak sustatzea helburu du ikuskizunak. Helburua da neska eta mutikoek euskal kantuak abesten eta dantzatzen ondo pasatzea; ez du inolako lehiaketa kutsurik eta, hortaz, ez da irabazle eta galtzailerik izan. Parte hartzea eta ondo pasatzea da garrantzitsuena.

Partaideak taldeetan izan dira banatuta; azken bi egunotan hamabi karaoke saio grabatu dituzte. Zozketa bitartez talde bakoitzari tokatu zaion kantua ikasi behar izan dute azken asteotan. Askotariko abestiak izan dira. Gainera, ikuskizuna prestatu ahal izateko materiala jaso dute haurrek: hain zuzen, kantuaren audioa, ikasi behar dituzten letrak eta baita koreografia behar bezala egin ahal izateko bideoak ere.

Euskararen Astearen inguruko ekimena da Kantari Gasteiz euskarazko karaokea. Ekimen hori eragile euskaltzaleekin batera antolatu dute. Gasteizko Udalak eta Vital Kutxa Fundazioak diruz lagundutako egitasmoa da.

eragile euskaltzaleak Datorren abenduaren 3an izango da, urtero bezala, Euskararen Nazioarteko Eguna. Egun bakar batean ezinezkoa izango litzateke antolatutako ekintza guztiak biltzea. Hortaz, Euskararen Asterako diseinatutako ekitaldi-egitaraua prestatu du Udalak, Arabako Foru Aldundiarekin eta talde euskaltzale ugarirekin batera.

Abenduaren 3ra arte iraungo dute ekitaldi horiek adin guztietako jendearentzat, Euskarak 365 egun lemarekin. Euskal Herriko herrietan burutu nahi duten proiektua da, euskaraz ulertzen duten herritarren aktibazioa bilatzeko, bakoitzaren gaitasunaren arabera. Gasteizen eta Araban euskaldunon kopuruak gora egin du nabarmen azken urteotan. Gero eta jende gehiagok du euskaraz hitz egiteko gaitasuna. Kalean erdaraz hitz egiten duten euskaldunen kopurua adierazgarria bada ere, apurka-apurka gora doa euskararen erabilera Arabako kaleetan.

Euskararen Astea hasi zen ostegunean Gasteizen Kike Amonarrizen hitzaldiarekin (soziolinguista, umorista eta telebista aurkezlea), Arabako euskaldunak aktibatzeko 365 arrazoi. Egun horretan, eta Euskarak 365 egun dinamikaren baitan, 11 egun euskaraz ekimena aurkeztu zuen Euskaltzaleen Topaguneak Oihaneder Euskararen Etxean. Ekimen hori 2018ko Euskararen Egunaren bueltan gauzatuko da, baina aurretik lanketa asko izango du eta honako hau aurkezpen fasea da.