vitoria -Mintzalagun izateko euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea, bi baldintza horiek, bete behar dira. Gero eta jende gehiago ari da bihurtzen berbalagun, solaslagun, mintzakide edo mintzalagun, eskatzen duena baino askoz gehiago ematen duelako esperientzia honek. Astero ordubete..

Zer egin behar da mintzalagun sarean parte hartzeko? Zein da gutxieneko euskararen maila talde batean sartzeko?

-Euskaraz mintzatzeko gaitasuna izatea ezinbestekoa da. Gaitasun hori mailakatzea batzutan zaila izan daiteke, baina gehienetan B1.2 perfiletik gorakoek entzuten duten gehiena ulertu eta euskaraz klasetik kanpo hitz egiteko ahalmena dute. Ikasturte honetan matrikulazioa epea urriaren 24an amaituko da, beraz, lehenbailehen www.gasteizkomintzalaguna.eus atarian sartu eta parte hartzeko galdetegia bete beharko lukete.

Nola gogoratzen duzu hasiera? Nola eta non osatu zenituzten lehenengo taldeak?

-2010. urtean hasi nintzen GEU elkartean lanean, eta ordutik mintzalagun sarea kudeatzeko ardura egokitu zait, beste lankide batzuekin batera. Hala ere, aurretik ezagutzen nuen proiektua; urtebete neraman mintzalaguntzaile bezala talde batean. Lehenengo urteetan 200/300 lagunek osatzen zuten sarea, eta gehienen izenak eta aurpegiak gogoratzea ez zen bereziki zaila. Orain hamar urte astero, leku eta ordu berean biltzen hasi ziren batzuek talde berean jarraitzen dute oraindik (horiek ez ditut ahaztuko); baina, berri guztiak ezagutzea ezinezkoa da. Badira batzuk orain hamar urte hasi zirela mintzalagunean, 30 inguru gutxi gorabehera.

Nola jakinarazi zenioten Arabako gizarteari mintzalagun egitasmoa lehenengo urtean?

-Ni ez nintzen lehenengo urte horretan izan, baina GEU elkarteaz gain euskaltegiek, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak eta beste hainbat eragilek lan handia egin zuten proiektua ezagutzera emateko. Hasierako urte horietan euskararekin konpromiso sendoa zuen jende asko sartu zen; Gasteiz euskaldunago batean bizitzeko urratsak emateko prest zegoen (eta dagoen) jendea.

Lehenengo mintzalaguntzaileak lortzeko, norekin hasi zineten harremanetan jartzen?

-GEU elkarteak zuen sarea eta aldizkaria erabili ziren horretarako. Gainera, euskara irakasle batzuek ere mintzalaguntzaile bezala izena eman zuten. Euskaldun aktibo horiek topatzea eta animatzea gaur egungo erronka izaten jarraitzen du.

Helburu berdinak dauzkate lehenengo taldeek eta gaur egungo mintzalagunek? Zeintzuk dira helburu nagusiak?

-Nik baietz uste dut. Euskaraz gehiago hitz egitea da guztion asmoa. Mintzalagunentzat hitz egiteko lotsa galtzea, konfiantzako eremu bat aurkitzea, jariotasuna irabaztea eta euskaraz hitz egiteko lagun berriak topatzea dira helburu nagusiak. Mintzalaguntzaileentzat, aldiz, euskalduntze prozesuan daudenak laguntzea, eragile aktibo sentitzea eta, askorentzat, euskaraz hitz egiteko eremu berri bat izatea.

Nolakoak dira Arabako erakundeekiko harremanak (Foru Aldundia, Udala,...)? Diru laguntzak jasotzen dituzue? Elkarrekin lan egiten duzue egitasmo batzuk prestatzeko?

-Finantziazio bide desberdinak ditu GEU elkarteak proiektuak guztiak garatzeko. Gasteizko Udalarekin, esate baterako, hainbat egitasmo kudeatzeko hitzarmena du GEUk. Arabako Foru Aldundiarekin harremana ere ona da, besteak beste, urriaren 28an ospatuko dugun Egin dezagun kale! Euskaldunon jaia babesten du.