gasteiz - Badator Euskararen Ginkanaren bigarren edizioa, Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatzen duen lehiaketa, Euskaltzaleen Topagunearen laguntzarekin (Euskara elkarteen federazioa). Gasteizko Udalari esker, iaz burutu zen lehen aldiz Gasteizko Euskararen Ginkana. Hala, Euskal Herri mailako lehiaketa hau hiriburu batean antolatu zen lehendabizikoz. Euskara erdigunean izanik, DBH 3, 4 eta Batxilergoko ikasleei zuenduta dago. Iaz hainbat eskolatako gazteek parte hartu zuten (19 taldek/ 76 gaztek): Armentia, Olabide, Marianistas, Egibide Jesus Obrero, San Viator, Paula Montal, Los Herran BHI eta Carmelitas Sagrado Corazon. Bigarren edizioa ate joka da jadanik, aurten ere taldekako lehiaketa izango da eta Internet bidezko probak burutuko dira urriaren 3tik azaroaren 21era bitarte. Gazteek sei proba egin beharko dituzte. Urriaren 10era arte dago izena emateko epea zabalik. Taldearen aurkezpen bideoa bidali beharko da egun horretarako, eta hori izango da burutu beharreko lehen proba. Gainontzeko probek hizkuntza aniztasuna eta sare sozialak izango dituzte gaitzat: argazkiak atera, bideoak grabatu, galdetegiak bete...

Gasteizko Euskararen Ginkanak munduko hizkuntza aniztasuna eta sare sozialak konbinatuko ditu aurten. Horregatik, Hizkuntza aniztasuna eta sare sozialak izango da aurtengo gaia eta gainditu beharreko probak horri lotutakoak izango dira. Final handia abenduaren 1ean burutuko da, Oihaneder Euskararen Etxean eta 2.000 euro banatuko dira saritan. www.euskararenginkana.eus helbidean dago informazio guztia eskuragarri. Asteroko Internet bidezko probetan puntuazio gehien batuko duten taldeak helduko dira finalera.

euskarari hauspoa eman Ginkana dibertigarria da, taldeka parte hartzen da eta sariak ere erakargarriak dira: guztira 2.000 euro daude jokoan. Gasteizko Euskararen Ginkanako parte hartzaileek, munduko kulturak eta hizkuntzak elkarrekin konektatuz, euskarari hauspoa emango diote, modu dibertigarrian. Euskaltzale, kulturazale edo aisialdi-taldeen lehiaketa da.

Euskaltzaleen Topagunearen Leire Lardizabal Azurmendik adierazi du Ginkanak euskara eta hizkuntza aniztasuna lantzea du helburu, eta sare sozialak horretarako bitarteko bikaina izateaz gain, gazteek egunerokotasunean komunikatzeko erabiltzen duten erreminta nagusienetakoa da, nagusiena ez bada. “Garrantzitsua irudi-tzen zaigu gazteei erakustea sare sozialetan euskaraz erabiltzeko dauden tresnak (hiztegiak, aldizkariak, egunkariak, jokoak, aplikazioak...) eta hizkuntza aniztasunari buruz gehiago jakiteko bideak. Hori guztia modu dibertigarrian egitea dugu helburu, Gasteizko Euskararen Ginkanaren bidez”.

Leire Lardizabal Azurmendik dioenaren arabera, munduko hizkuntza aniztasuna galtzen ari den honetan, hizkuntza eta kultura aniztasun handia aurki dezakegu gure herri zein auzoetan. “Hizkuntza aberastasuna erakutsi eta zabaldu nahi dugu sare sozialen bidez. Hizkuntza eta kultura aniztasun hau ezagutarazi, aitortu eta egoki kudeatzeak aukera berriak zabaltzen dizkiolako euskarari”. “Euskaldunok munduko hizkuntza aniztasunari egiten diogun ekarpen handiena euskarari eustea eta euskara besteoi ematea baita”.