gasteiz - “Hobetu nahi badugu -eta badugu zer hobeturik euskararen erabilera lan munduan indartsuago izan dadin- ezinbesteko baldintza da egiten duguna eta gure lan egiteko moduak berritzea”. Hauek dira urrian Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak esandako hitzak. Eusko Jaurlaritzaren helburua garbia da: enpresetan lana gero eta gehiago euskaraz egitea, barrura begira nahiz kanpora begira. Gainera, Patxi Baztarrikak honakoa adierazi zuen prentsaurrekoan: “oro har, egindako ahaleginaren tamaina kontuan harturik, batez beste lortutakoarekin, ez gaude konforme. Ahalegin handia egin dugu denon artean, baina apalegiak dira batez besteko emaitzak, emaitzak oro har ez dira ahaleginaren pareko”.

Baztarrika sailburuordeak gehitu zuen: “bi azpimarra egin nahi ditut. Batetik, azpimarratu nahi dut lan hizkuntzan ari garela jartzen fokua. Eta bestetik, lan eta enpresaren munduan euskararen erabilera modu iraunkorrean areagotzeak zuzenean erantzuten diola gaur euskarak aurrean duen erronka nagusiari: bizi-indarraren erronkari, hain zuzen ere. Lan eta enpresaren munduan ere arnasa behar du euskarak”.

ARABAN ere euskaraz Gaur egun, lan munduan euskararen alde lanean ari diren zenbait erakunde, elkarte eta enpresa daude Euskal Herrian. Araban, zehazki, alor sozioekonomikoan zeresana duten enpresen eta entitateen sarea ehuntzen joan nahi dute. Helburua da enpresekin euskarak lanean duen egoeraren azterketa partekatzea, eta euskaraz lanean ari diren erakundeen praktikak, premiak eta balorazioak jasotzea.

Araban Euskara Lanean izeneko world kafearen ondorio-txosteneko proposamenak lan-mahaian bildutako eragileen arteko adostasunez egingarriak direla eta, Arabako alor sozioekonomikoan euskararen presentzia txertatzea eta handitzea helburu izango duen plan bat egitea adostu dute, hurrengo lau urtetan edo garatu ahal izateko. Plan hori 2016ko urtarrilarako egongo da prest. - B.M.