Gasteiz - Milaka lagun espero dira gaur Gasteizen Araba Euskaraz ospatzeko asmoz, Arabako ikastolen aldeko jaia, Piztu Euskara lelopean. Urte osoko beharra izan da Araba Euskaraz antolatzea. Aurtengo antolatzailea Oiongo San Bizente ikastola da. Alabaina, ez dute Oionen ospatuko, Gasteizen baizik. Ez da erraza izan festa Oiondik hiriburura eramateko erabakia hartzea, baina ikastolak behar handiak dituela eta Gasteizek jende gehiago erakartzeko aukera eskaintzen diela uste dute. Festan bildutako dirua Oiongo San Bizente ikastolak jasoko du. 30 urte luze daramatza Arabako Errioxan jo eta ke lanean euskararen berreskuratze prozesuan. 1978an Oiongo San Bizente ikastola sortu zuten, eskualdeko lehena, dozena bat ikaslerekin. Egun, ordea, 260 ikasle daude 0 urtetik 16 urtera bitarteko. Oion bertako ikasleez gain, jasotzen ditu eskualdeko hainbat herritatik ere: hain zuzen ere, Moreda, Kripan, Ekora, Labraza eta Barriobustotik; Nafarroako Viana eta Bargotatik, eta Errioxako Logroñotik. 1984an lehenengo Araba Euskaraz jaialdia ospatu zuten Oion herrian. Arabar Errioxan esfortzu handia egiten dute beti euskaraz lantzeko eta bideratzeko inguru erdaldun batean. Arabarrek 1982tik geroztik urtero antolatzen dute Araba Euskaraz, eta txandaka ikastola bakoitza arduratzen da haren prestaketaz. Koordinatzaile bat egoten da, baina, batez ere, gurasoak eta ikastolako langileak ibiltzen dira buru-belarri lanean.
Nolakoak izan dira azken hilabeteak? Lanez gainezka? Araba Euskaraz 2015eko koordinatzaileak hainbat erabaki hartu behar du, eta hainbeste pertsonarekin lan egin behar du. Gainera, uste dut urtebete aurretik hasten zaretela lan egiten.
-Badira atal onak, nabarmen-tzekoak. Urtetik urtera ikastola ezberdina, jende ezberdina baita beharrei erantzuteko modua ere aldakorra izaten da, baina Araba Euskaraz bezalako jai hauek duten izaeragatik, urtero errepikatzen dena eta errotik sustraitua dagoen berezitasuna ilusioa, gogoa eta kemena da. Koordinatzailea lagun-tzeko dago, benetako lana ikastola aurrera ateratzen laguntzen dutenek egiten dute eta horiek gabe ez dago Araba Euskaraz aurrera ateratzerik. Denbora librean egiten den guztia, ikastolan bertan hasi eta laguntzera etortzen diren beste herrietakoak, norbanakoak, erakunde eta talde ugari hurbiltzen dira urtero, eta hori da aurrera egiteko indarra ematen duena. Ikastola antolatzaileak aurreko urteko jaia ospatu baino lehen hasten dira lanean, erabakia hartzen denean lema, logotipoa, zirkuituaren nondik norakoak eta abarrekoen inguruan proposamenak landu, eztabaidatu eta erabaki egiten da. Prozesua partehartzailea izaten da eta horri esker Araba Euskaraz norberarena dela sentitzen dugu denok.
2003. urtean hasi zinen Araba Euskaraz jaialdiaren koordinatzaile. Zure ustez, euskarak aldatu du bere egoera Araban? Adibidez, euskarari dagokionez, gurasoen eta seme-alaben arteko harremana aldatzen ari da azken urteotan Araban?
-Ukaezina da urrats nabarmenak eman ditugula arlo guztietan baina oraindik ez da nahikoa. Nabaria da oso Araban ezagutza arloan izan dugun gorakada, euskalduntze prozesuan izan dugun aurrerakada baina oraindik erabileran ez dugu lortu behar dugun maila. Euskara ezin dugu utzi gelatan eta horretarako denon konpromisoa beharrezkoa da. Ikasleek sentitu behar dute euskara komunikazio hizkuntza bezala eta kalean lortu behar dugu euskara normaltasunez erabiltzea. Atal honi dagokionez helduok dugun ardura ere ezin dugu ahaztu eta erabili behar dugu; hori egin ezean umeek senti dezakete euskara umeen hizkuntza gisa eta, horretarako, helduok erabiltzen dugun hizkuntza euskara izatea beharrezkoa da. Dakigunok erabili behar dugu baina ikasten ari direnak, euskaltegietan egon direnak edo daudenak praktikatu behar dute dakiten guztia. Mezuak zabalduta daude, “euskahaldunak” erabili dezagun. Araba Euskaraz 2015 edizioak zabaldu duen mezua Piztu Euskara erabat heltzen dio gai honi. Norberak piztu behar du euskara erabileran falta zaigun urratsa eman dezagun.
Zein izango da aurtengo festaren mezu nagusia?
-Esan dudan bezala Piztu Euskara leloa ez da agindu bat, gonbidapen bat baizik. Bonbilla bat pizterakoan gure inguruan dagoena beste modu batean ikusten dugu, gure perspektiba, gure ikuspuntua, gure pertzepzioa aldatu egiten da. Eman diezaiogun aukera gure bonbillari pizteko. Barruan daramaguna “piztu” behar da. Hau da, behin eta berriro erabiliko dugun mezua piztu, piztu, piztu besterik ez duzu egin behar, barruan daukazu eta. Logoa bonbilla bat da. Bonbilla bi modutan egon daiteke, piztuta edo itzalita. Itzalita dagoenean argitzeko aukera izan arren ez du argirik ematen. Zerbait inertea da, itzalia, hilda. Baina guk nahi izanez gero, eta nahi izan behar dugu horretarako, bonbilla hau piztu egin dezakegu. Itzalita dagoen argia piztea, akzioa eskatzen du, nahia, argia ez baita bakarrik piztuko. Norberak piztu egin behar du, horregatik gure bonbillatxoa eskuarekin piztu egiten da. Norberak erabakitzen baitu piztuta egotea.
-Zer esango zenioke jendeari ekainaren 14an parte hartzeko? Bai euskaldunei, bai euskara ez dakitenei. Nola adieraziko zenieke euskaldunak ez direnenei zer den Araba Euskaraz eta zergatik hain garrantzitsua den parte hartzea?
-Araba Euskaraz denona dela azpimarratu nahi dut eta, bide honetan, Oiongo San Bizente ikastola beharrezkoa da. Arabako Errioxan egiten ari den lan izugarria onartu behar dugu. Egoera soziolinguistikoa ez da nolanahikoa eta euskararen herrian bizi garen honetan egiten diren esfortzu guztiak aintzat hartuta denon laguntza beharrezkoa da, eta horregatik hartu behar da parte Araba Euskaraz egunean. Bertan bizi direnak egiten ari diren lanaren errekonozimendua da, bultzada ederra izan daiteke gaur euskaraz bizi eta hizkuntzak ematen digun mundu berria ezagutzeko aukeraz baliatuz denon artean aldarrika dezagun euskara geurea dela. Euskara ere denona da eta euskaldunak ez direnei dei egiten diegu bide honetan parte izan dezaten, anima daitezen eta San Bizente ikastolak duen hezkuntza proiektua aurrera ateratzeko laguntza ederra eman dezaketela senti daitezen. Euskal kultura anitza da eta haiek ere antolatutako ikuskizunen bitartez nabarituko dute aniztasuna eta dugun altxorra paregabea.
-Zenbat boluntariok lan egingo dute festa antolatzeko? Nahitaezkoa da haien lana, ziur.
-Lehen esan dugun bezala boluntario horien guztien lanari esker ateratzen da Araba Euskaraz aurrera. Urtean zehar aritu direnak, gogotsu ibili direnak, aurretik lan egin dutenak, egunean bertan arituko direnak eta, nola ez, jasoketan parte hartuko dutenak ere dira garrantzi-tsuak. 600 bat lagun era batera edo bestera guztiz inplikaturik egun horretan hurbilduko duen orok egun ederra pasa dezan. Anonimoak dira, bai, baina garrantzitsuenak beraiek dira. Esan gabe doa gure esker onak horiei guztiei.
Nolakoa izango da ibilaldia? Zein hiriko gunetan izango dira hainbat txoko?
-Aurtengo ibilbidea oso urbanoa da, ezaguna eta ekitaldiz betea. Prado parkea, Mendizorrotzako aparkalekua, Mineral ingurua eta Armentiako landak dira ekitaldi nagusiak kokatzeko erabili ditugun guneak, halere zirkuituan ibilbidean zehar bestelakoak aurkituko ditugu eta, euskaraz, egun ederra pasatzeko aukera izango dugu.
-Eta bukatzeko, instituzioei zer eskatuko zenieke?
-Euskara hizkuntza minorizatua da eta euskararen alde egiten diren esfortzu guztiak aintzat hartu behar dira. Komunikazio tresna izugarria dugu eta bide horretan lehentasunezko trataera behar du gure hizkuntza zonalde guztietan, beraz, inplikazioa behar beharrezkoa da euskararen lurralde osoan.