gasteiz - Araban ezagutza maila nabarmen igo dela diote euskararen inguruko azken inkestek, ez ordea erabilera. Euskaldun askok ez daukate hizkuntza praktikatzeko aukerarik bere ingurua erdalduna delako. Zer gertatzen da? Gaur egun, gasteiztar askorentzat gaztelerak segitzen du izaten hizkuntza eta errealitate bakarra: gasteiztarren %93,1ek gaztelania erabiltzen du etxean. Baina Arabako gazteenen euskalduntzea agerikoa da eta erdaldun elebakarren jaitsiera orokorra. Gazteenen artean (16-24 urte), gainera, elebidunak erdaldun elebakarrak baino gehiago dira dagoeneko.
Araba aurrera doa, pausoz pauso, elebitasunerantz. Gasteiztarrak euskaraz bizi dira? Nolakoa izan da euskararen bilakaera Araban azken urteotan?
-Elebidunak hirukoiztu egin dira Araban 1991tik. Datuak oso baikorrak dira. Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azken datuen arabera, Arabako populazio osoa kontuan hartuta, 1991 urtean %92 erdaldun elebakarra zen. Gaur egun, aldiz, %50. Orain dela 25 urte arabarren %8 elebiduna zen. Gaur egun, Arabako populazioaren %24 elebiduna da. Eta elebidun hartzailei buruz hitz egiten badugu,?
Elebidun hartzaileak euskara ulertzeko gai dira, baina ez dira ongi moldatzen euskaraz hitz egiteko edota idazteko orduan.
-Hori da. Elebidun hartzaileak dira euskara ezagutzen dutenak baina erabiltzen ez dutenak. Arabarren kopuru hau %26koa da. Beste aldetik, Arabako 3 eta 15 urte bitarteko umeen %70ek badaki euskaraz hitz egiten. Hau da, ezagutza maila oso altua da. Baina ez du esan nahi ezagutza maila horrek erabilpenera eramaten gaituenik.
Gazte askok ez dute euskara kalean erabiltzen, nahiz eta Arabako ikasle gehienek D ereduan ikasten dute. Zer gertatzen ari da gazteen artean?
-Dudarik gabe, ezagutza maila horrek zerikusi handia dauka eskola sistema osoarekin. Baina beste salto handi bat egin behar dugu: ezagutzetik erabilpenera. Hor dago gure kezka nagusia.
Bai etxean, bai kalean.
-Bai, argi dago. Zergatik ez da euskara erabiltzen? Nire ustez, hiru faktore nabarmen daude. Lehenengoa da euskara ez dela ama-hizkuntza izan Araban. Ama-hizkuntza ez izateak suposatzen du euskaraz mintzatzeak edo euskaraz harremanak izateak esfortzu gehigarri bat eskatzen duela. Eguneroko harremanetan, bai familian, bai lagunen artean, bai eskolatik kanpoko giro horretan. Gaur egun oraindik Arabako familien %7 euskaldunak dira. Hau da, gurasoak euskaldunak dira, eta horren ondorioz, gazteek euskara dute ama-hizkuntza. Abidibez, nire kasuan semeek euskaraz hitz egiten dute oso ondo, familian artean euskaraz mintzatzen dira. Baina Gasteizen ez dute euskara erabiltzen. Hori lehenengo faktorea da, ama-hizkuntzarena. Bigarren faktorea da ezagutza maila. Talde bateko norbaitek euskaraz hitz egiten ez badaki edo euskara ulertzeko arazoak baditu, egoera horrek gazteleraz hitz egitera eramaten gaitu. Eta azkenik, beste faktore bat da euskararekiko jarrera ezkorra daukan jendea, bai gazteen artean, bai helduen artean. Gazte askok lotzen dute euskara haien arlo akademikoarekin, haien ikastolako orduekin, azterketekin, eta abarrekin. Nik uste dut hiru faktore horiek (ama-hizkuntza ez izateak, euskararen ezagutzak eta jarrera ezkorra izateak) eraman gaituztela, euskara jakin arren, euskara erabiltzen ez duten pertsonengana.
Gazte gehienek euskara ulertzen dute. Baina askok ikasgelan besterik ez dute erabiltzen euskara. Batez ere non gertatzen da egoera hori, Gasteizen edo Araba osoan?
-Euskara normalizatuta ez dagoen toki guztietan gertatzen dira fenomeno hauek. Adibidez, EiTBn ikusi nuen saio batean agertzen ziren Berriatuako mutiko batzuk, han zeuden bi mutil bertakoak, beste bat Angolakoa zena eta beste bat Ekuadorrekoa zena, denak banku batean eserita. Hamar urteko mutil hauek kontatzen zuten beti euskaraz hitz egiten zutela, ia-ia ez zuten gaztelania erabiltzen. Bizkaiko herri horretan euskara normalizatuta dagoenez eta harremanen %100 euskaraz egiten dituztenez, kanpotik etortzen direnentzat hasieratik eguneroko harremanak euskaraz garatzen dira. Hala ere, zer gertatzen da Gasteizen? Hemen ez dago normalizatuta egoera hori. Egoera bera hona eramaten bada, talde bateko neska-mutikoek (bai bertakoek, bai kanpotik etorritakoek) euskaraz hitz egiten dakite eskolaren ondorioz. Baina haien harremanak ez dira euskaraz izango, gaztelaniaz baizik. Zergatik gertatzen da? Haien ama-hizkuntza gaztelania delako.
Gazteen arteko aisialdirako hainbat ekintza antolatzen dituzte Gasteizen. Baina zure ustez, gazteek gehiago landu behar dute euskara aisialdian?
-Hizkuntzan inbertitu behar dute. Nire ustez, bi inbertsio mota daude. Alde batetik erankundeek egindakoak, hau da, Udaletxeak, Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak,? Haiek dira inbertitu behar dutenak euskara pasa dadin eskolatik aisialdi mundura, eta hizkuntzak bere guneak edo bere esparruak irabazteko. Arabako neska-mutikoei dagokienez, haientzat oso garrantzitsua da haien harremanak euskaraz izan daitezen. Adibidez, gaur egungo neska-mutikoek euskaraz ligatu beharko lukete, hizkuntza normalizatzeko. Baina nola egiten da? Zaila da. Argi dago euskaldun egiten gaituna euskara dela. Mezu hori merezi baldin badu, goazen helburua egi bihurtzera.
Nola lor dezakegu helburu hori?
-Nola lortu? Helburua lortzeko inbertsioak ezinbestekoak dira. Baina ez bakarrik erakundeek egindako inbertsioak. Beste alde batetik, giza eragileek hainbat proiektu eta alternatiba antolatu behar dituzte. Eta ezin dugu ahaztu bakoitzaren kontzientziak garrantzi handia daukala. Adibidez, euskaldunberriak esfortzu handia egiten ari dira euskara ikasteko. Konpromiso pertsonala ere oso inportantea da hizkuntza bultzatzeko. Baina horretarako beharrezkoak dira erakundeen diru-laguntza eta eragileen ekintzak, adibidez, mintzalagun proiektua, Korrika, Araba Euskaraz, zinema edo antzerki-lanak euskaraz, eta abar.
Leku eta ekintza aproposak ireki behar dituzte euskara bultzatzeko. Bilbon Korrika bukatu ondoren, lekukoaren mezua irakurri zuten:
“euskara ez da etxeko kontua bakarrik; hots, plaza publikoan ere egon behar da”. “Egiten duguna gara. Izatea egitea da”.
-Euskara bultzatzeko ekimenak babestu eta bultzatu behar dituzte. Eta noski, erakundeek daukate haien erantzukizuna. Baina guk, herritarrok, ere daukagu erantzukizuna. Baina kontuan hartu behar dugu euskara ezin dela mugarik izan. Zer gertatzen da Gasteizen? Askotan fokalizatzen dugu hizkuntza zenbait gune edo inguru jakin batzutan. Euskara zabaldu egin behar dugu. Hau da, euskarekiko atxikimendurik ez daukaten erakundeekin edo pertsonekin lan handia egin behar dugu. Jarrera baikor eta ikuspegi irekia beharrezkoak dira euskara zabaltzeko. Adibidez, leku jakin bat sortzen badugu euskaraz lantzeko, eta gune horretan bakarrik gu elkartzen gara eta bakarrik guregana zuzenduta dago, hori ez da aproposa izango hizkuntza babesteko eta bultzatzeko. Ez da elkarte gastronomiko bat. Edozein pertsona joan edo sar daiteke, nahiz eta euskaraz hitz egiten jakin ez. Beste alde batetik, euskara jakiteak ez du esan nahi beste gauza batzuk ez dugula jakingo. Alderantziz. Entzuten dudanean “Ingelesa ikasi nahiago dut euskara baino”, beti pentsatzen dut gauza batek ez duela beste gauza kentzen.
Korrikaren inguruan milaka lagun elkartu ziren Gasteizen martxoaren 28an. Esaldi bat entzun genuen egun osoa kalean: “Hemen gaude, euskararen alde”.
-Ekimenak oso inportanteak dira. Aspaldi entzun nuen gaur egun Araba Euskaraz edo Korrika ekintzak ez direla beharrezkoak. Nire ustez, guztiz alderantziz. Euskarekiko dagoen konpromiso sendoa baieztatzeko aukera dugu. Egun horretan jendeak hartzen du euskararekiko konpromiso sendoa. Horretarako, egun horiek inportanteak dira euskaldunontzat eta euskaldunak ez direnentzat konpromisoa bultzatzeko eta hartzeko.
Euskararen etorkizunari begira, zein da zure iritzia?
-Epe laburrean salto garrantzitsua ikusiko dugu. Gurasoak euskaldunak izango dira, eta seme-alabak ere bai. Gaur egungo 18 urteko neska-mutikoak urte batzuk barru gurasoak izango dira. Eta haien seme-alaben ikuspegia guztiz desberdina izango da euskara lantzeko eta harremanak izateko euskaraz. Datozen urteotan salto handia izango da. Ziur nago. Ikasketak bukatzen ari diren neska-mutikoek (gaur egun euskaraz ikasten dute) hizkuntza ezagutzen jarraituko dute urte batzuk barru, txikitatik ikasi dutelako. Abiapuntu hobeagoa izango da. Euskara ama-hizkuntza izatea pauso handia da.
Oihaneder euskararen etxea, Mintzalagun taldeak, Alea aldizkaria,... Araban hainbat ekintza daude aisialdia euskaraz bizitzeko.
-Mintzalagun ekintza, Alea aldizkaria, hedabideak, sare sozialak? Jendeak konturatu behar du Araban hainbat aukera daukagula euskaraz bizitzeko eta disfrutatzeko. Euskara ez dago bakarrik eskolan. Ahaztu gabe norberaren interesa. Ez dago barita magikorik. Ezagutza maila oso ona da, datuen arabera. Baina aisialdian euskara gehiago landu behar dugu. Euskara irabazi behar dugu kalean.
Oiongo San Bizente ikastolak antolatuko du ekainaren 14an euskararen aldeko festa, baina Gasteizen ospatzea erabaki dute euskaldun eta euskaltzale gehien parte har dezaten. Zer moduz antolaketak?
-Aurten Gasteizen egingo dugu. Azken urteotan Arabar errioxa aldera asko ibili gara, Lapueblan, Bastidan, Oionen,? Gainera, Gasteizen antolatzeak ematen digu antolaketari dagokionez erraztasun handiagoa. Armentiaren inguruan izango da. Antolatzen ari gara dena.
“Piztu Euskara” izango da Araba Euskaraz honen leloa. “Piztu Euskara” ez da agindua, gonbidapena baizik. Euskararen bonbilla piztuko bagenuke, zer gertatuko litzateke?
-Logotipoa Kukuxumusuk egin digu. Agertzen da bonbilla bat. Zergatik? Esan nahi du Arabar errioxan beti esfortzu handia egiten dutela euskaraz lantzeko eta bideratzeko inguru erdaldun batean. Euskara argi bat da. Horregatik, “piztu euskara” erabiliko dugu harremana euskaraz izan dadila.