gasteiz - Ainhoa, Joserra, Loranz, Alain, Kontxi, Amaia eta Mayela. Hauek dira GEUrekin mendira taldean parte hartzen duten mendizale batzuk. Haien iritziz, lagun zoragarriak egin dituzte ibilbideetan. “Taldera joateko gehien erakarri nauena Euskadiko inguruetan dauden mendiak ezagutzea eta euskaraz hitz egitea da. Biak uztartzea”, esan du Ainhoak. Albaitari honek pentsatzen zuen joan aurretik ez zeukala nahiko baliabide lingüistikorik euskaraz elkarrizketa normala egiteko. “Baina joateko gogoa piztu zitzaidan eta behin joanda, berriro joateko gogoa mantendu dut. Batetik, giro euskaldunean murgildu naizelako eta, bestetik, oso gustora izan naizelako”.

GEUrekin mendira taldean parte hartzen duen mendizalea da Joserra. Bere iritziz, abestiak dioen moduan ¿Ez al dakizu euskara dela euskaldun egiten gaituena?. “Eta nire beste zaletasun bat mendia denez, zer hobe bi arloak uztartzea baino ?”.

Loranz, ingeles irakaslea, gero eta berriro itzuli izan da giroagatik eta han ezagutu duen jendeagatik. “Euskaldun giro baten bila nenbilen Gasteizen. Ibiltzea gustuko dut eta inguruko mendia ezagutu nahi nuen”.

Mayelarentzat (28 urteko administraria) mendiko taldea oso importantea da euskaraz hitz egiten praktikatzeko. “Asko guztatzen zait mendira joatea; orduan irteera hauetan bi gauzak batera egin ditzaket”.

Alain 17 urteko ikaslea da. Taldearekin mendira joatea asko gustatzen zait, euskara gehiago praktikatu ahal duelako.

Amaia beste mendizale bat da. Bere esanetan, “Araban eta Euskal Herri osoan gertu ditugun toki ezezagunak jende berriarekin eta lagun-giro atseginean ezagutzeko bidea eman dit taldeak”.

Eta Kontxiren arabera, “gure gidari prestuei esker bazter miregarriekin gozatzeko aukera ezin hobea eman dit”. - B.M.