Gaur zabalduko ditu bere ateak Gasteizko Montehermoso Jauregian Oihaneder Euskararen Etxeak; Gasteizko Kafe Antzokiaren lehenengo fasea. 2012an eratu zen Gasteizko euskaltzale talde bat Kafe Antzokia eta Euskaren Etxea abian jartzeko asmoz. Proiektua bi adarrez osatua dago: Euskararen Etxea, Montehermoson kokatuko dena, eta Gasteizko Kafe Antzokia, ur biltegian jarriko dena. Bata, Euskararen Etxea, gaur bertan abian ipiniko dute, eta bestea, Kafe Antzokia, datorren urterako utziko dute. Gasteizko Udaleko alderdi guztiek, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Lazarraga Euskara Elkarteko hiritar euskaltzaleek elkarrekin lan egin dute proiektua errealitate bihurtzeko.

Gaurtik aurrera, Alde Zaharrean dagoen Montehermoso kulturgunean kokatuko da Euskararen Etxea euskaraz sortzeko, ikasteko, komunikatzeko,biltzeko, antolatzeko, irakasteko... Azken finean, etorkizunari euskaldun aktiboak gehitzeko.

Montehermosoren alboan Kafe Antzokia izango da, zehatz-mehatz, ur biltegi zaharraren gainean. Aisialdirako gunea izango da, kontzertu gunea eta ostalaritza zerbitzua eskainiko dituena. Baina Kafe Antzokia ez dugu oraingoz ikusiko, hurrengo urtera arte atzeratu dutelako.

Biak, bai Euskararen Etxea, bai Gasteizko Kafe Antzokia, aisialdiari eta kulturgintzari lotutako topagune naturalak izango dira. Hiru ardatz nagusi kontuan hartuko dituzte: sortzaileentzako gunea, bilgune eta kultur espazioa, eta euskararen normalizazioa bultzatzeko egitasmoa. Elkarteak, euskaltegiak, ikastolak, unibertsitatea, kultur taldeak,... hainbat pertsonak parte hartuko dute hainbat ekintzatan. Euskara ardatz duen topagunea izango dira. Gasteizko Udalak eta Lazarraga Kultur Elkarteak (Gasteizko Kafe Antzokiaren -GKAren- aldeko plataformaren elkarte kulturala da, non hiritar euskaltzaleak elkartzen diren) gaur Oihaneder Euskararen Etxearen inaugurazio ofiziala egingo dute eguerdiko hamabietan Montehermoso Jauregian.

Bertan, Gasteizko alkatearen eta plataformaren arteko hitzarmen bat sinatuko dute. Udaleko Euskara Zerbitzuaren eta udalerriko euskaltzale taldeen artean adostutako hitzarmen baten bitartez kudeatuko da proiektua. Ekitaldi horretan programazioa eta webgunea ere aurkeztuko dituzte.

Bihar, arratsaldeko 19.30ean, inaugurazio soziala egingo dute proiektua Gasteizko gizarteari ezagutarazteko, eta Euskararen Etxea Gasteizko euskaltzaleen bilgune gisa aurkezteko. Kafe Antzokiak eta Euskararen Etxeak euskara ardatz izango duen hainbat egitasmoz osatutako kultur gune bat eskainiko diote euskal komunitateari, euskal kultura sarea aberastuz.

Are gehiago, erakuslehio eredugarri bihurtuko da hirian, bai euskaltzaleentzako zein euskal hiztunentzako. Baina ahaztu gabe erreferente izango dela euskaratik urrun bizi direnentzat, euskaldunak ez direnak euskal mundura hurbiltzeko ere asmoa izango duelako.

Beraz, Gasteizko euskaltzaleei eta euskaltzale ez direnei ekarpena egin nahi diete Euskararen Etxeak eta Kafe Antzokiak.

programazioa Dagoeneko, abendura arteko programazioa itxita dago. Zein izango da eskaintza? Gasteizko Alde Zaharreko Montehermoso jauregian euskara, kultura eta sorkuntza izango dira ardatzak. Proposamena zera da: Kafe Antzokian formatu handiko ikuskizunak ematea, eta Euskararen Etxean, txikikoak eskaintzea.

Gasteizko jende euskalduna izango da publiko garrantzitsuena, mundu guztira zabalik egon arren. “Gazteen artean dago euskaldun kopururik handiena, beraz haiek izango dira helburu nagusi”, adierazi dute Iñaki Lazkano eta Iker Durana Gasteizko Lazarraga Euskara Elkarteko kideek. Gasteizko hogei urtetik beherako gazteen artean %70ak daki euskaraz hitz egiten. Oro har, gaur egun Gasteizen 50.000 euskaldun daude, eta beste hainbat pertsona dira euskara ulertzen dutenak.

Ia-ia Gasteizko populazioaren erdia euskara komunikatzeko eta ulertzeko gai da. “Datuak kontuan hartuta, zera nahi dugu: sare bat edo ekintza sorta bat sortu jende guztia euskaraz bizitzeko eta hizkuntza erabiltzeko”, aldarrikatu du Iñaki Lazkanok. Hainbat ekintza antolatuko dituzte urritik urte bukaerara arte: mintzodromoak, eskoletako eta unibertsitateko gazteengana hurbiltzeko asmoz euskarazko sorkuntza bultzatzeko hainbat tailer (musika, antzerkia, idazmena, teknologia berriak,...), euskara ikasten ari diren gurasoen artean ekintzak euskara normalizatzeko, eta abar.

“Sortu, ikasi, komunikatu, ikusi, erakutsi, jolastu eta antolatu. Horiek dira landu nahi ditugun funtzio nagusiak”, esan du Iñaki Lazkanok.

Lazkanok adierazi duenaren arabera, momentuz eta ekainera arte bi proiektu batera jarriko dira abian, Euskaren Etxea egitasmoa eta orain arteko Montehermoso kulturuneak edo udalaren beste sail batzuek prestatutako beste proiektu batzuk, adibidez erakusketak edo Emakumeen Jabekuntza Eskola.

Beste alde batetik, Udalaren Euskara Zerbitzua bera ere Montehermoso Jauregian kokatuko da. Orain arte, Etxanobe dorrean ari ziren lanean. Izan ere, bada urtebete Udalaren Euskara Zerbitzuaren langileak eta Lazarraga Euskara Elkarteko kideak elkarrekin lanean ari direla Gasteizko Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea zehazteko eta bultzatzeko.

kudeaketa partekatua Euskararen Etxea kogestio formula baten bitartez kudeatuko dute, Udaleko Euskara Zerbitzuak batetik, eta euskaltzaleak biltzen dituen elkarteak bestetik. Beraz, kudeaketa partekatua izango da: GKAren aldeko plataformatik sortutako Lazarraga kultur elkartearen eta Gasteizko Udalaren artekoa. Euskaldunon topagunea izatea helburu duen proiektua 2008an jaio zen Eusko Alkartasunari esker. Sei urte daramatzate Gasteizko Kafe Antzokiari buruz hitz egiten Gasteizko Udalak eta hiriko euskaltzaleek.

Iñaki Lazkanok eta Iker Duranak adierazi dutenaren arabera, Euskal Herrian sortzen diren kultur ekitaldi asko ez dira Gasteizera iristen. Horregatik, Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia beharrezkoak dira, eta aldarrikatzen jarraituko dute.

Eta lortutakoan, Kafe Antzokian ostalaritza zerbitzuarekin batera, programazio dinamikoa antolatuko dute ikuskizun handiak eskaintzeko, besteak beste, musika, antzerkia, dantza, bertso saioak, literatura, eta abar. Urritik urte bukaerarako programazioa finantzatzeko, 30.000 euro emango dituela Udalak iragarri du Javier Maroto alkateak.