"Espetxean egoteak kolektibo honen isolamendua areagotzen du eta atxilotuta dauden pertsonen ahotsa gizartean entzutea are zailagoa da. Hortaz, interesgarria iruditu zitzaigun talde gutxietsi honi tresna bat ematea, beraiek, lehenengo petsonan, bere egoeraren berri emateko". Horrela adierazi du Saioa Fernández de Aranguizek zer den SelfFOCUS, proiektu berri bat non Zaballako presondegian atxilotuta dauden 25 emakumek parte hartu duten.

25 emakume horiek argazki ikastaro berezi bat egin dute, eta orain, egindako lana ikus daiteke Gasteizko gizarte etxe batzuetan. Argazkia eta kameraren bitartez, jarduera dinamiko eta ludiko batekin artera hurbiltzeak gaitasun pertsonal eta sozialak garatzeko aukera ematen du, disziplina eta ongizate pertsonala hobetuz.

Emakumeek bidali nahi izan dituzten mezuak edo ideiak izan dira, batez ere, emakume hauen indarra eta kemena; zer nolako indarrarekin eta jarrera positiboarekin bizitzen duten isolamendu egoera hori.

Oro har hori izan da beraiek transmititu nahi izan duten mezua. Dena den, bakoitzak bere lan pertsonala egin du eta sentimendu ezberdinak transmititu dituzte: poza, tristura, esperantza?

Saioa Fernández de Aranguizek parte hartzen du Enelu deitzen den elkarte batean (www.enelu.org / enelu.blogspot.com), kultura elkartea da, argazkigintza oinarri duena. Enelu irabazi asmorik gabeko elkartea da eta ikus-entzunezko artearen bidez sormena, hausnarketa, elkarrizketa eta pentsamendu kritikoa sustatzeko ekimen kulturalak sortzen ditu. 2011. urtean sortu zen Gasteizen. Hirian egin diren kultura proiektu ezberdinetan parte hartu du Eneluk. "Argazkigintza gizartea aldatzeko tresna malgua, aberatsa eta eragingarria dela uste dugu, bitarteko eskuragarria, terapeutikoa eta komunikatiboa delakoan", esan du elkarteko kideak.

argazkilariak Nahikari Mora eta Luna Pérez-Visairas argazkilarien interesak aurkitzen dira Eneluren oinarrian eta praktika artistikoaren eta argazkigintza partehartzailearen inguruko ideiak eta ekarpenak elkartrukatzeko, zabaltzeko eta gauzatzeko bide bezala sortu zuten elkartea. "SelfFOCUS proiektua burutu nahian sortu genuen elkartea, beraz Enelu elkartearen abiapuntua SelfFOCUS proiektua izan dela esan genezake", argi du Saioa Fernándezek. Gaur egun, Nahikari Mora eta Luna Pérez-Visairas argazkilariek egiten dute lan elkartean, baina asko dira elkartearen proiektu ezberdinetan parte hartzen duten kolaboratzaileak, hala nola, argazkilariak, artista plastikoak, musikariak, grafiteroak edo kazetariak.

Proiektu honetan (SelfFOCUS) Zaballako presondegian atxilotuta dauden 25 emakumek parte hartu dute. Argazkigintza parte hartzailean oinarritzen diren proiektu hauetan, parte hartzen dutenak dira lana gauzatzen dutenak, hau da, haiek dira argazkilariak eta argazkietan agertzen direnak.

Proiektuaren helburua askatasun ezak sortzen duen mina arintzea da, espetxean elkartzeko, adierazteko eta harreman positiboa areagotzeko gune bat sortuz. Honekin batera, giza garapena sustatzeko aukera eman du lantegiak, jarduera kultural eta artistiko batean modu sortzailean parte hartuz.

"Guk (koordinatzaileak) gure aldetik asko ikasi dugu eta oso esperientzia polita eta aberasgarria izan da. Emakume hauen indarra da gehien harritu gaituena eta bizitzeko dituzten gogoak", adierazten du Saioa Fernándezek.

Apiriletik uztailera Orain dela bi urte hasitako bidaia da. Proiektua Nanclareseko espetxean aurkeztu zuten 2011n. Oso harrera ona izan zuten baina tamalez finantzazioaren arazoarekin topo egin zuten.

"Momentu horretan, bidaiaren bigarren etapari ekin genion. La Caixaren Gizarte-ekintzaren Gizartea Hobetzeko Artea deialdia ezagutu genuen eta honen laguntza lortu genuen proiektua aurrera ateratzeko", adierazi du Saioa Fernández de Aranguiz.

Azkenik, 2013an gauzatu zuten proiektua Zaballako espetxe berrian. Apiriletik uztailera bitartean, astero lau orduz, elkartzen ziren espetxe gela batean lantegia burutzeko. Hilabete hauetan egindako lanaren emaitza egunotan ikusgai dago erakusketa ibiltari batean. Gasteizko Ibaiondo eta Hegoalde gizarte etxeetan izan da abenduaren 30era arte. Ibiltaria denez, erakusketa Bilbon ere izango da. Hauek dira datak: C.M.D Begoña (urtarrilaren 2tik 15era, Bilbon) eta Pilar gizarte etxea (otsailaren 15etik 30era, Gasteizen).

Erakusketaz aparte, bideo dokumental bat egin dute, emakumeen testigantzak jasotzen dituena, proiektuaren prozesua erakusteko eta hobeto ulertzeko xedez.

Argazkigintza ikasteak eta objektiboa norberaren bizitzara eta ikuspegira jiratzeak komunitatearen auziak modu sortzailean ikertzeko eta komunikatzeko aukerak sortzen ditu, are gehiago, gabeziak edo arazoak dituzten gizarte-taldeak direnean.

Aldi berean, prozesu honen bitartez lortzen diren irudiak aldaketa positiboak eragiteko tresna izan daitezke. Gainera, oso garrantzitsua izan da emakumeentzat beren lana kalean ikustea. Kartzelan egotearen lehenengo arazoa hauxe da, jendeak ez duela ezagutzen euren egoera, eta erakusketa honek horren berri ematen du. Euren auto-estimarako oso onuragarria izan dela esan dute, horrelako lan txukuna egiteko gai izan direlako.

lantegi praktikoa Lantegia erabat praktikoa izan zen, ez zuten teoriarik landu, koordinatzaileek uste zutelako argazkigintzaren artea ikasteko modurik errazena praktikatzea dela. Astero kameraren erabilera eta argazkigintza-lengoaia lantzen zituzten eta ondoren praktikan jartzen zituzten dinamika ezberdinekin.

Argazkiak egin ez ezik, hauek aztertzen zituzten aurrerago beren proiektu pertsonalak garatzeko baliabideak izan zitzaten. Bigarren hilabetetik aurrera, euren lan pertsonalak garatzen hasi ziren eta horretarako, tutoriak egiten zituzten banan-banan.

"Hasiera batean emakumeak agertzen ziren oso dotere jantzita, argazkiak familiari bidaltzeko nahi zutelako, baina pixkanaka ulertu zuten zer nolako lantegia zen eta zein zen helburu nagusia", esan du Fernández de Aranguizek. Horrela, lan pertsonalak eta kolektiboak egiten hasi ziren, euren ideietatik abiatuz. Proposamen asko ekartzen zituzten gelara argazkigintzaren bitartez ideia ezberdinak lantzeko. Hasieran batzuei kostatu zitzaien kameraren aurrean jartzea baina azkenean gehienak animatu ziren eta erretratuak egin zizkioten elkarri. Emakume gehienek ez dute arazorik izan eta kameraren aurrean jarri dira.

Zaballako espetxean emakumeen bi modulu ezberdin daude. Lehenengo modulua errespetu-modulua da eta bertan dauden emakumeen erantzunkizun maila handiagoa da. Beste moduluan, gainontzeko emakumeak daude.

"Guri funtsezkoa iruditu zitzaigun bi moduluetan dauden emakumeekin elkarrekin lan egitea. Bestelako lantegiak eskaintzen diren moduan iragarri zen lantegia eta nahi izan zuenak eman zuen izena. Lantegian parte hartzeko ez genuen baldintzarik ezarri, garrantzitsua iruditzen baitzaigu artearekin harremanik ez duen jendearekin lan egitea".

Eneluk beste talde batzuekin lan egiten du, hala nola alde zaharrean dagoen auzoko hezitzaileen neska-mutil taldeekin, agureekin, ASPACE elkarteko jendearekin?

Aurten Down Araba elkartearekin lantzeko proiektu berri bat prestatzen ari dira. "Beti bezala, finantzazioaren arazoak gainditzen ditugunean burutzeko aukera izango dugu", adierazi du Saioa Fernández de Aranguizek.