rtebete itxaron ostean, badator jada 22. Korrika. Pandemiak atzerarazi zuen edizioak gaur ekingo dio azkenik. Euskararen aldeko ekimenik garrantzitsuenak Amurrio izango du abiapuntu eta Euskal Herri osoa zeharkatuko du, harik eta apirilaren 10ean Donostian amaituko den arte. Aldi berean, munduko 30 hiri baino gehiagotan ere ospatuko da lasterketa.

Jendea gogotsu dabil; 2021eko grina gorde eta hazi egin da 2022rako. Kilometroak inoiz baino lehenago saldu dituzte antolatzaileek eta parte-hartze zabala espero da. Aurtengo leloa, Hitzekin; diskurtso eta iritzietatik harago, ekintza eta jardunetan barneratzeko gonbita. Euskararen alde teorian bakarrik izan ez eta egunerokotasunean erabiltzeko beharra aldarrikatzen duen mezua.

Luix Intxauspe, Gipuzkoako Korrikaren koordinatzailearen esanetan, 1980an ospatutako lehen ediziotik, euskararen ezagutza eta erabilera areagotu badira ere, piztu dira "alarma gorri batzuk" azken arlo honi dagokionez. Beraz, lasterketan parte hartzeaz gain, euskararen aldeko ekintza eta "konpromisoak" beharrezkoak direla adierazi du, "normalizazaioan aurrera egin dezagun".

Musika ere badu 22. edizio honek. Korrikaren leloaren izenburupean, Sustrai Colina bertsolariak konposatutako hitzak eta Nerea Arbizu musikariaren doinuak, Anari, Ane García eta Urbizu bera izango ditu ahots. Melodia honen konpasarekin batera zeharkatuko du ekimenak Euskal Herria.

Bi mila kilometro baino gehiagoko ibilbidea du oraingo honetan, urteak igaron ahala, luzatuz doan korrikaldi berezi honek. Esan bezala, Amurriotik irtengo da arratsalde honetan, 16.30etan, eta Araba iparraldeko eta Bizkaia mendebaldeko hainbat txokotatik igaroko da ostegun arratsalde eta gau partean. Gauerdia iritsi ahala, Bizkaian murgilduko da berriz, Ugao aldetik, hain zuzen ere. Lurralde historiko ugaritatik pasako da bihar, apirilak 1, goizaldean Bizkaiako hegoalde eta ekialdea zeharkatu eta gero, Gipuzkoako mendebaldera gurutzatuko baitu eta, bazkalostean, Arabara buelta berriz ere, ipar-ekialderantz oraingo honetan. Arratsaldean zehar ibiliko da Gasteiztik, 17:00ak eta 21:00ak bitarte.

Lehen asteburuko ibilbidearen etapak nafarrak izango dira. Apirilaren 2an Korrikak Sakana, Iruñerria eta Erdialdea igaroko ditu; Iruñean momentu ezberdinetan izango da parte hartzeko aukera, 09.30etatik eguerdira arte. 3an, berriz, Erriberagoiena, Erribera eta Zangozerria izango ditu lekuko. Astelehenean, hilak 4, Pirinioetako eskualdetik pasa ostean, Zuberoa eta Nafarroa Behera zeharkatuko ditu. Donibane Garazin 17.00etan izango da eta Maulen, 21.30etan.

Apirilaren 5an, asteartea, Korrika Nafarroa Behereako iparralde eta mendebaldean barrena ibiliko da eta, ondoren, Nafarroako iparralde eta mendebaldea gurutzatuko ditu. Asteazkenean, hilak 6, Araban igarotzeke zeuden tokietatik pasa ostean, Bizkaian sartuko da eta eguna amaitu ahala, Bilbon izango da, 1.:30etatik ia gauerdira arte. Ostegun osoa, apirilak 7, lurralde historiko honetako etapa izango da, amaieran Mutrikura iritsiko delarik. Apirilak 8an, ostirala, Gipuzkoako kostako zati bat eta barrualde ia osoa igaroko ditu; Berastegitik Leitzarako tartea larunbata iritsi ahala gauzatuko da eta Korrikaren azken-aurreko egunean, apirilak 9an, Nafarroako iparraldea eta Lapurdiren garaia izango da. Baionan, 17.30an izango da hitzordua.

Eta halaxe iritsiko da azken txanpa, apirilaren 10a. Hendaiatik igaroko da Korrika gauerdian; goizaldean, Bidasoaldea eta Oiartzualdean barrena ibiliko da, eta Astigarraga eta Hernanitik pasa ostean, Donostian izango du amaiera handia. 07.30an iritsiko da Gipuzkoako hiriburura; goiz osoan zehar gurutzatuko ditu bertako kaleak eta eguerdiko kanpai-hotsak pasa berritan, Bulebarra izango da ekitaldi honen azken lekukoa.

Euskal gizartearen nortasunaren isla bihurtu da Korrika, lau hamarkadetan zehar zaindu eta hazi den proiektua. Aurten, hiru urte eta gero, bada garaia berriz ere euskararen alde korrika egitekoa.

Parte-hartze zabala espero da aurtengo edizioan; izan ere, pandemiak lehengo urtean 22. Korrika bertan behera uztera behartu zuen