- Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundearen ebaluazio diagnostikoen proben emaitzek baieztatu dutenez, ikasleen euskararen ezagutzak eta kalitateak behera egin du. Egoera horren aurrean, eta ikasle guztien euskalduntzea ziurtatzeko murgiltze eredua ezartzeko eskatu dute ikastolek egungo hizkuntza ereduak albo batera utziz. Eskaera hori Mungian egin zuten atzo, bertan ospatu baitzuten Ikastolen 2021-2022 Ikasturtearen Hasiera ekitaldia, Hezkuntza eraldatzen lelopean. Adierazi zutenez, jakina da murgiltze ereduak bakarrik ez duela euskalduntzea ziurtatuko, baina hura gabe lortuko ez dela ere egite bat da.

Ekitaldian ongietorria egin zioten Xarnegu ikastolari, Ikastolen Elkarteko 112. ikastolari, ikasturte honetan ireki baititu lehenbiziko aldiz ateak, Bardozen. “Euskaraz mintzo ez den eskualdean, euskaraz marrazten hasi gara etorkizuna”, azpimarratu zuen Ikastolen Elkarteko lehendakaria den Koldo Tellituk. Euskara eta euskal kultura izan zituen ardatz Tellituk bere hitzaldiaren zati handi batean. Oroitarazi zuenez, ikasturte honen hasieran D ereduak berak ere ikasle guztiak euskalduntzeko arazoak dituelako erreportaje eta artikulu ugari agertu diren arren, ikastolak duela ia hiru urtetik ari direla ikasleen euskararen ezagutzak eta kalitateak behera egin dutela ohartarazten, eta egoera iraultzeko egungo hizkuntza ereduak albo batera utzi eta benetako murgiltze eredu bat ezarri behar dela aldarrikatzen. “Oso garrantzitsua da diagnostikoarekin asmatzea eta denok bat etortzea horrekin, horren ondorioz jakingo dugulako zer eta nola egin, non eta nola eragin. Erronka handia da, baina orain mehatxu edo arrisku gisa ikusten duguna aukera bihurtu dezakegu”, azaldu zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak.

Hezkuntzari dagokionez, dena den, murgiltze eredua ezinbestekoa dela azpimarratu zuen, eta otsailaren 25ean ikastolek aurkeztutako Euskal Herrirako Hezkuntza Sistemarako oinarrien Endekalogoan honela bildu zutela: “Euskara eta euskal kultura ardatz dituen sistema behar dugu. Benetako murgiltze eredua gauzatuko duena, oraingo Hizkuntza-ereduek ezartzen dituzten desberdintasunak gaindituta. Ikasle guztiei bermatuko diena euskaraz osotasunean bizi ahal izateko maila, duten abiapuntua dutela, eta bizi diren errealitate soziolinguistikoan bizi direla”. Murgiltze ereduari dagokionean, gaineratu zuen berak bakarrik ez duela konponduko egoera, “baina bera gabe bai ez dela konponduko”. Euskarak, gainera, integraziorako ere balio behar duela esan zuen Ikastolen Elkarteko lehendakariak: “Euskarak izan behar du integraziorako bitarteko handietako bat, atzerritar jatorriko ikasleak gurekin har-tzeko orduan, gurekin bat egiteko orduan, haiek ere gu izateko orduan”.

Ekitaldi berean, Jokin Bildarratzek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, hezkuntza eraldaketa “guztiei” dagokien kontua dela azaldu zuen, eta ikastolen “hobetzeko grina” azpimarratu zuen. Era beran, hezkuntzaren eraldaketa “guztion lana” dela iritzi zuen. “Aukera ezin hobea dugu, guztion artean”, adierazi zuen, baina “lortzea ez da erraza izango”. Gainera, ikasturtea hasi eta gero, ikastolek “erronkaz eta gogo biziz” betetako urte bati aurre egin behar diotela azpimarratu du. “Ikasleen mesederako hezkuntza hobe-tzeko nahia, grina”, azpimarratu du. Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kirol diputatua eta Mungiako alkatea, Ager Izagirre, ere presente egon ziren ekitaldian, baita euskararen munduko ordezkari multzo bat.

“Erronka handia da baina orain mehatxu gisa ikusten duguna aukera bihurtu dezakegu”

Ikastolen Elkarteko lehendakaria