Alerta sanitaria

Erasmus ikasleek covidaren aurkako txertoa jasotzea eskatu dute berriz

Bigarren aldiz mobilizatu ziren atzo erakundeen ekintzarik ezarengatik

05.07.2021 | 00:10
Erasmus ikasleak EAEko hiru hiriburuetan bildu ziren atzo txertoa eskatzeko. Argazkia: Oskar González

Bilbao – EHUko eta Deustuko Unibertsitateko Erasmus ikasleek EAEko hiru hiriburuetan covid-19aren aurkako txertoa jasotzeko beharra aldarrikatu zuten beste behin atzo. Duela 15 egun ere mobilizatu egin ziren, baina harrezkeroztik egoera ez da aldatu, eta beste autonomia erkidego batzuetan ikasleek txertoa dagoeneko jaso duten horretan, Euskadin ez dago horren inguruko berririk une honetan.

Bilbon, adibidez, dozenaka ikaslek parte hartu dute elkarretaratzean. "Egoera gero eta premiazkoagoa da, datorren ikasturtea laster hasiko da eta ikasleak euren jomugetara mugituko dira gainkostu handiak hartuz, une horretarako txetoa jartzen ez bazaie", salatu zuten atzo ikasleek.

Ohar baten bidez jakinarazi dutenez, "Eusko Jaurlaritzak 20 eta 29 urte bitarteko biztanleei txertoa jartzeko atea zabaldu dienez, Erasmus ikasleen lehentasuna euskal unibertsitateen esku dago". Ikasleek azaltzen duten hori Katalunian eta Andaluzian gertatutakoaren adibide bat da. Izan ere, bi autonomia erkidego hauetan, unibertsitateek eskatu diete gobernuei Erasmus ikasleak lehentasuna izatea.

Hartara, UPV/EHUren eta Deustuko Unibertsitatearen ekintzarik ezak Erasmus bekadunak beste behin mobilizatzeara eraman ditu, azken hauen helburua argia izanik. "Bi erakundeak Eusko Jaurlaritzarekin kudeaketa lanak egiten hastea da eman beharreko urratsa, lehenago atzerrira joango direnen ikasleen zerrenda jarraituz", adierazi zuten ere ikasleek oharrean.

Gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoan txertoak jartzeko indarrean dagoen sistemari so eginez gero, ikasleen adin tarteko biztanleak aste batzuk barru hasiko dira txertoak hartzen, aldez aurretik hi-tzordua eskatzeko sistema baten bidez. Alabaina, sistema horrek Erasmus ikasle askori txertoa jarri ahal izatea eragotziko du.

Ikasleek gogorarazi dutenez, zenbait unibertsitatek txertaketa osoa eskatzen diete Erasmus bekadunei (bi dosiak). Hala ez izatekotan, pertsona horien Erasmusa bertan behera geratu daiteke, eta dagoeneko askok dute joaneko hegazkin txartela ordainduta edota hurrengo hilabeteetan euren etxea izango litzatekeenaren alokairua hitzartuta.

covid-19A EUSKADIN Erasmus ikasleak txertoa jasotzeko borrokatzen ari diren bitartean, pandemiak okerrera egiten jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan. Joan den larunbatean 351 kasu berri erregistratu ziren, aurreko egunean baino 147 gutxiago. Hala ere, positiboen tasa %6,6ra igo da proba gutxiago eginda.

Osasun Sailak emandako azken datuen arabera, larunbatean 5.331 proba diagnostiko egin ziren, ostiraleko 8.417 proben azpitik. Horietatik, Bizkaian 152 kutsatu berri atzeman zituzten (aurreko egunean baino 41 gutxiago), Gipuzkoan 148 (ostiralean baino 100 kutsatu gutxiago), eta Araban 38 kutsatu gehiago aurreko egunean baino 13 gutxiago).

Uztailak 7, LABIren bilera. Azken egunetako kutsatzeen kopuruak goera egitearen ondorioz, uztailaren 7an LABI batzorde instituzionala bilduko da Iñigo Urkullu lehendakariak deituta. Ekainaren 18an egindako azken bileran ostalaritza goizaldeko ordu biak arte irekita egotea izan zen hartutako erabaki nagusia. Oraingoan, egoera epidemiologikoa aztertuko dute berriro, adituek burututako txostena erabiliz euskarri gisa. Hori egindakoan, erabakiak hartuko dituzte.

noticias de noticiasdealava