- Zer suposatzen du honek eta zein mesede egin diezaioke euskarazko hezkuntzari Iparraldean?

-Egia da gauza sinestezina gertatu dela. Jakin behar da Asanblea Nazionalean gehiengoa duen gobernua kontra egonez, lortu dela lege bat onartzea. Hori gutxitan gertatzen da, bai Frantzian eta baita beste estatu guztietan: oposizioak aurkezten duen lege proposamen bat onartua izatea eta gobernuko alderdi nagusiaren iritziaren kontra.

Eta ze ondorio ekar ditzake honek?

-Gu ere ez gara ohartzen horrek izan ditzakeen ondorioetaz. Lege horretan, batetik, legeztatzen da murgiltze eredua. Guk, jadanik, 52 urte daramagu praktikan jartzen, baina orain arte hitzarmen bat besterik ez genuen Hezkuntza Ministerioarekin eta euskararen erakunde publikoarekin. Orain hori Hezkuntza legean agertzen da, murgiltze ereduarena, inmersioa deitzen dena. Eta gure-tzako urrats garrantzitsuena da, ez hainbeste ikastolak ukitzen dituena, baizik eta eskola publiko guztietan behartuak izanen direla euskarazko hezkuntza bat ematera, bai lehen hezkuntzan, zein bigarren hezkun-tzan. Eta bozkatu den lege honek argiki dio haur guztiei eskaini behar dietela euskarazko irakaskuntza. Beraz, hori sekulako iraultza da egun batetik bestera martxan jar-tzeko.

Zenbaitek ikasten dute euskaraz Ipar Euskal Herrian?

-Gaur egun, Ipar Euskal Herrian, hartuz Seaskak egiten duen murgiltze eredua eta eskola publiko eta pribatuetan egiten dena, ikasleen %40ek ikasten du edo B edo D ereduan. Hori, haur hezkuntzan. Gero, lehen hezkuntzan % 30 inguruk eta bigarren hezkuntzan, oso oso gutxi.

% 40 horrek esan nahi du zerbait halere.

-Bai, bai. Azken urteetan sekulako lorpenak egin ditugu, bai ikastola gehiago irekitzeko eta baita ere eskola publikoetan bereziki, eskola gehiagok eskein zezaten bai elebiduna eta bai murgiltze eredua. Joan den urrian bertan behar izan genuen manifestaldi bat antolatu, hiriburuko ikastola publikoan murgiltze eredua ez zutelako ireki nahi. Jakinez, murgiltze eredua orain arte esperimentazio bat izan dela eta haur hezkuntzan bakarrik eraman dela, hau da 3, 4 eta 5 urteko haurrekin. Gaur egun ez dago D eredurik publikoan sei urtetik gora.

Eta hori aldatuko da orain?

-Orain legeak dioena da, murgiltze eredua posible dela eta Hezkuntza Ministerioak esan beharko du nola interpretatzen duen lege hori eta ea gurasoek ere eskatzen duten D eredua garatzea publikoan. Eta gero, lizeo mailan (batxilergoa) ere, edozein ikaslek eska lezake euskarazko eskaintza bat izatea. Gaur egun, uste dut ez dagoela lizeo bakar bat ere ez Ipar Euskal Herrian, Seaskako Etxepare lizeoaz aparte, benetako D ereduko eskaintza ematen duenik. Kolegioak (11-14 urte bitartean) bi dira, bi kolegio publiko dira Ipar Euskal Herri osoan. Eta eskaintza hori eman beharko lukete orain. Guraso batzuek ez badute nahi bere haurrak euskara izan dezan, eskubide guztia dute ez ikasteko, baina legeak esaten du Hezkuntza Ministerioak proposatu behar diela ikasle guztiei.

Aukera mahai gainean jartzera, beraz, derrigortuta daude?

-Hori da. Orain ikusiko dugu. Kontuan izan behar dugu Hezkuntza ministroak mila ahalegin egin dituela lege hori ez zedin pasa, baina bere alderdikoak beraiek, alde bozkatu zuten. Orduan, potentzialki sekulako aldaketa da. Gero, frantsesak ezagutzen ditugu eta badakigu oso trebeak direla gauzak okertzen, baina geldi gaitezen ostegunekoarekin.

Aurrera pauso ikaragarria da hala ere. Ondare kulturala...

-Hezkuntza ministeritzak berak konparatu ditu frantsez hutsez ikasten duten ikasleak, elebidunean ikasten dutenak eta murgiltzen ikasten dutenak. Eta beraien ikerketaren arabera, agertzen da murgiltzean ari diren ikasleek, elebidun eta elebakarrean ari direnek baina emaitza hobeak dituztela, orohar, eta matematika eta frantsesean ere bai. Beraz, beraiek egindako ikerketa horrek ere frogatzen du haurrentzako gauza ona dela eleanitza izatea. Azkenean, nik uste dut frantses herritarrak Europan bakarrak elebakarrak direnak eta sekulako arazoak dituzte gero komunikatzeko. Beraien ignorantzia nahi izan dute guri inposatu beti eta guk ez dugu onartzen. Eleanizdunak izatea nahi dugu ikasleak.

Hau guztia martxan jartzeko orain baliabideak jarri behar. Noizko?

-Baliabideak jartzeko buruko min batzuk izango dituzte, lege hau nola bete, baina borondatea dagoenean gauzak beti ateratzen dira.

Zer gelditzen da egiteko orain?

-Oraindik oso bide luzea dugu egiteko eta batez ere ikastoletan. Gaur egun, ohartu behar dugu murgiltze eredua behingoz ofizialki onartu bada ere, azterketak pasatzeko garaian, frantsesez egin behar dituztela gure ikasleek eta hori ulertezina da, baina oraindik horrela da eta gure hurrengo bataila hori izango da: azterketak euskaraz lortzea. Eta gero, bestalde, murgiltze eredua onartzen baldin badute ere, momentuz, legeak debekatzen du inbertsio publikoak ikastoletan egitea eta hor izanen dugu oraindik beste borroka bat etorkizunean. Eta besteak beste, diru bilketak egin beharko ditugu, batez ere, aurten bezala, pandemia garaian, adibidez, Herri Urrats egiteko aukera handirik izan ez dugunean.

Zer etorkizun ikusten diezu gaurko egunean ikastolei Ipar Euskal Herrian?

-Kontraesana badirudi ere, azken urte honetan borroka handienak eman ditugu eskola publikoen defentsan, bertan haurrek inmersioa egiteko eskubidea izan dezaten. Baina ikusten duguna da, eskola publikoetan egiten badute, momentuz haur hezkuntzan geldituko dela eta hori ez dela aski haurrak euskaldun-tzeko. Beraz, lehen eta bigarren hezkuntzan murgiltzea hedatu arte, jo eta ke jarraitu beharko dugu hemen, gure haurrak euskalduntzea nahi badugu. Guk jarraituko dugu lanean eta elkarlanean eta eskola publikoetako gurasoak laguntzen, frantziar estatuaren parean, azken finean Ipar Euskal Herriko haur guztiek izan dezaten aukera euskaraz ikateko. Horregatik, ondoko urte luze hauek borroka urteak izango dira.

Iraultza hitza erabili duzu lehen, baina hori ez da bakarrik ematen.

-Bai, eta azken urte honetan ibili gara Parisen konferentziaz diputatuak deitzen. Egin dugu lan ikaragarria, eta hor Seaskako lehendakariak, Peio Jorajuriak, sekulako lana egin du ere beste eskualdeekin. Pentsa, joan den martxoan lortu genuen Korsikan ireki zezaten murgiltze ereduko lehen eskola. Eta hori ere elkarlanaren ondoren lortu dugu. Jakinik, estatu frantziarrean lehen murgiltze eredua ikastolak izan zirela, eta hortik sortu zirela ipar Katalunian, Bretañan, eta baita Alsazian eta Okzitanian ere bai. Eta orain gehitu da beste sare bat Korsikan ere bai.

“Oraindik frantesez egin beharko dituzte azterketak gure ikasleek eta ulertezina da hori; hurrengo bataila euskaraz lortzea izango da”

“Azken urteetan sekulako lorpenak egin ditugu, bai ikastola gehiago irekitzeko, zein eskola publiko gehiagok eskein zezaten euskara”