Gasteiz - Bidaiariek urte amaiera ospatzeko duten aukera gogokoenetako bat bihurtzen ari da landa-turismoa, gero eta gehiago baitira mota honetako ostatuetan jaten dituztenak hamabi mahatsak lagun eta familiako kideen artean. Escapada Rural webguneak jasotako azken datuen arabera, Euskadiko landetxeetan %73koa da Gabon zahar gaueko okupazioa. Horrek esan nahi du Estatu mailan dagoen okupazioa gainditzen duela; izan ere, %70ean kokatzen da. Ostatu mota horretarako erreserbetan dagoen atari nagusienetakoak 9.759 landetxeren egutegiak aztertu ditu datuak emateko.

Euskal Autonomi Erkidegoko zifrak, hala ere, ez dira altuenak. Katalunian kokatzen diren landetxeak dira aukerarik gogokoena bidaiarien artean. Iaz, berriz, Murtzia izan zen lidergoa erakutsi zuen erkidegoa. Horren arabera, Gabon zahar gauean Katalunian kokatzen diren landetxeen okupazioa %86an egongo da. Zifra horretatik gertu, Nafarroa (%84) eta Valentziako Erkidegoa (%82) kokatzen dira, non eguraldi ona egongo den egunotan.

Jarraian, Madril (%82), Aragoi (%80), Murtzia (%75) eta Euskadi daude, Gaztela-Mantxarekin berdinketa teknikoa izanik, %73ko okupazioarekin; dena den, guztiak ere Estatuko batez bestekoaren gainetik (%70) kokatzen dira. Taularen behealdean daude Errioxa (%67), Extremadura (%54), Galizia (%51) eta Asturias (%40).

Escapada Rural enpresaren arabera, azken egunetan bizi izan diren denboraleek azaltzen dute bidaiariek Espainiako hainbat eremutan bidaiatzea nahiago dutela. Datuak probintzien arabera aztertuz gero, Bartzelona (%92), Segovia (%86) eta Toledo (%86) dira urteko azken gaua landetxe batean igaro-tzeko eskari handiena dutenak. Atzetik datoz Alacant eta Girona (%85); Lugo (%45), Asturias (%40) eta Ourense (%34), berriz, 2019ko azken egunerako eskaera gutxien duten probintziak dira.

Gainera, webguneak argitu duenez, bidaiariek nahiago izan dute urteko azken gaua tximinia duten landetxeetan eman (%75); horrela, Nafarroak ia beteta jarraitzen du, %91rekin. Escapada Rural enpresaren komunikatuaren arabera, beste aukera bat animaliak onartzen dituzten etxeetan ostatu hartzea izan da, petfriendly izeneko joera bezala ezagutzen dena jarraituz;, batez ere Katalunian, erreserben %90 osatu baitu.

Bestetik, aurten, jaiegun horretako okupazio nazionalak beherakada txiki bat izan du iazkoarekin alderatuta; izan ere, abenduaren 31 astelehena izan zen, eta bidaiari askok lau egun jarraian atseden hartzeko aukera izan zuten.