Síguenos en redes sociales:

Monitorizazioaren arloko Europako adituak bildu ditu Neikerrek lurzoruen narriadura geldiarazteaz aritzeko

Monitorizazioaren arloko Europako adituak bildu ditu Neikerrek lurzoruen narriadura geldiarazteaz aritzekoUtzitakoa

Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko Neiker teknologia zentroak prestakuntza topaketa bat egiten ari da aste honetan Arkautiko (Araba) egoitzan, eta monitorizazioaren arloko Europako adituak bildu ditu lurzoruen narriadura geldiarazteaz eztabaidatzeko eta esperientziak trukatzeko.

Neikerreko adituen arabera, lurzoruak ezinbestekoak dira elikagai ekoizpenean, karbono biltegiratzean eta ur erregulazioan, eta, gainera, lurreko biodibertsitatearen zati handi bat dute. Lurzoruen narriadurak zerbitzu horien %60 konprometitzen ditu Europan eta arriskuan jar dezake gizarteak klima aldaketara egokitzeko duen gaitasuna.

Hori saihesteko, Europar Batasunak A Soil Deal for Europe ekimena abiatu du Horizon Europe programaren barruan; 2023erako Europako lurzoruen gutxienez %75 egoera onean egotea da helburua.

Europar Batasunaren misio horrek oinarri du 'living lab' eta 'lighthouse' delakoak sortzea. Espazio horietan, nekazariek, zientzialariek eta enpresek irtenbide berritzaileak proba ditzakete lurzoruaren osasuna hobetu eta beste eragile batzuk inspiratzeko jardunbide egokiak erakusteko.

Ehun bat living lab aurreikusi dira Europan (batzuk abian dira eta beste batzuk hasierako fasean daude), eta, horiei esker, modu koordinatuan egin ahal izango da aurrera lurzoruak lehengoratu eta monitorizatzeko lanean.

Ildo horretan antolatu du Neikerrek prestakuntza topaketa Arkautiko (Araba) egoitzan, astelehenetik asteazkenera, irailaren 15etik 17ra. Europako adituak eta espazio horien kudeatzaileak bildu dira eztabaidatu eta esperientziak trukatzeko.