Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Debako (Gipuzkoa) Itziarko trenbidea bikoizteko obren lizitazioa egin du, ETS Euskal Trenbide Sarearen bitartez, 3,8 milioi euroko aurrekontuarekin eta 14 hilabeteko egikaritze epearekin.
Lanek ekarriko dute trenbide azpiegituraren ahalmena handitzea, eta, kasu honetan, gaur egun gauez egiten diren merkantzia trenen zirkulazioak egunez egiteko aukera ematea, Eusko Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.
Trenbidea bikoizteko obrak Itziarren egingo dira, Zumaia eta Deba artean, Bilbo-Donostia lineako 72+509 eta 73+181 kilometro puntuen artean.
Mugikortasun Jasangarriaren Sailak "inbertsio ahalegin handia" egin du azken urteotan ETSk kudeatutako egungo trenbide azpiegituraren ahalmena eta trazadura hobetzeko, trenbidea bikoizteko eta sareko geltokiak berritzeko hainbat jarduketaren bidez.
MERKANTZIA TRENAK
Jarduketa horien artean daude merkantzia trenak eta bidaiarien trenen sarea ezartzea ahalbidetzen duten bikoizketa edo gurutzatze eremuak. Horrela, metro bateko zabalerako sarean merkantzien trafikoa bultzatu nahi da, eskari handieneko inguruneetan bidaiarien trafikoa maiztasun handiagoz egiteko sarearen gaitasuna handitzeko estrategiarekin bat etorriz.
Testuinguru horretan, gaur egun Bilbo-Donostia linean gaueko ordutegian egiten diren merkantzia trenen zirkulazioak egunez eta bidaiarien trafikoan zirkulazio gutxiago dagoen orduetan egin ahal izango dira.
Jarduketa horren bidez, mugatu egingo da merkantzien gaueko zirkulazioek eta ETSk gauez egiten dituen mantentze lanek dakarten eragina. Gainera, merkantzia trenak gauez herrigune garrantzitsuetatik igarotzea saihestuko da.
Debako bikoizketarekin batera, ETS 2023ko udatik ari da Altzolako mozketa lanak egiten, 500 metroko trenbide bikoitzeko tunela eraikitzen, ibilbidea laburtzeko eta zerbitzua hobetzeko. Bi jarduketa horiek funtsezkoak dira Zumaia-Deba-Elgoibar eremuan zerbitzu hobea bermatzeko.