Elhuyarrek Otsailaren 11 erakusleihoak ekimen jarri du martxan aurten ere, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta, eta Abanto-Zierbena, Arrasate, Arrigorriaga, Barakaldo, Bilbo, Durango, Elgoibar eta Irurako 218 saltokik hartuko dute parte, astelehen honetatik hilaren 11ra bitartean.
Ekimenaren sustatzaileek jakinarazi dutenez, establezimendu parte hartzaile bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa, zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko ditu dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko du dendako erakusleihoa. Hala, beraz, "emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile" bihurtuko dira dendariak, eta emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten lagunduko dute.
Azken urteetan bezala, aurten ere, ginkana batean parte hartzeko aukera izango da. Horretarako, gailu mugikorrean Actionbound aplikazioa jaitsi, eta, dendaz denda, omendutako 12 emakumeen kartelak bilatu eta haien QR kodeak eskaneatu beharko dira. Emakumeen kartel bakoitzeko QR kodea eskaneatuta, emakume horren inguruko galdera bati erantzun beharko zaio, eta horrela saltokiz saltoki, 12 emakumeen QR kodeak bilatu eta galdera guztiei erantzun arte.
Horrez gain, Otsailaren 11 erakusleihoak egitasmoan ikusgai egongo diren irudietan oinarriturik, Zientzia-emakumeak argira erakusketa zabalduko da otsailean Azkoitia, Barakaldo, Bilbo, Donostia, Durango, Iruñea eta Ordizian.
BOST URTE
Otsailaren 11 erakusleihoak ekimena duela bost urte sortu zuen Elhuyarrek Bizilabe gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi eskaintzaren barruan.
Gainera, STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia eta teknologia gaietan parte har dezaten bultzatzen, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie gazteei, uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunari lotuta, beste hainbat ekintza ere antolatu ditu Elhuyarrek. Teknopolis telebista saioak Generoaren ajeak izeneko atal berezia eskainiko du otsailaren 8-9ko asteburuan ETB1en eta ETB2n, eta Ana Bernal Chico EHUko ikertzailearekin, arazoaren muinera joko du.
Orobat, Emakume eta Neska Zientzialariaren Nazioarteko Egunerako, Elhuyarrek bat egiten du Emakumeak zientzian ekimenaren 9. edizioarekin, eta, horretarako, elkarlanean dihardu zientzia eta teknologiaren sarearen erakusle garrantzitsu diren beste 34 erakunderekin.