Emakunde Emakumearen Euskal Erakundeak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiek eta Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak azaroaren 25eko Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguneko kanpaina aurkeztu dute, Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko lelopean, eta aurten "herri kanpaina" izaera indartu dute, Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakariaren parte hartzearekin aurkezpenean, Lehendakaritzan gazteekin egindako topaketa baten bidez.
Kanpaina bateratuaren bidez sustatzaileek herritarrei dei egin nahi diete indarkeria matxista denon artean geldiarazteko, gero eta ugariagoak diren indarkeria hori ukatzeko mezuen aurrean. Horrela, 'Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko' leloarekin, herritarrei eskatzen zaie indarkeria matxista hutsaltzen duten diskurtsoei aurre egiteko.
Kanpainaren iragarkiak sareetan aurki daitezkeen indarkeria ukatzen duten esaldi batzuk erakusten ditu, hala nola 'emakumeen aurkako indarkeria asmakizun bat da', 'indarkeriak ez du generorik' edo 'beste herrialde batzuetan matxismoa dago, ez hemen", eta horiei datu batekin erantzuten zaie: 2023an 6.513 salaketa erregistratu ziren EAEn emakumeen aurkako indarkeriagatik.
Aurkezpen ekitaldian iragarkia ikusi ondoren, Pradalesek solasaldia izan du gazte talde batekin, eta haiekin batera gogoeta egin du emakumeen aurkako indarkeriari buruz eta, bereziki, indarkeria matxista ukatzen duten eta berdintasunaren aurkako mezuei buruz, neskek eta mutilek egunero ingurune digitalean jasotzen baitituzte.
Pradalesek bertaratutako neska-mutilei adierazi dienez, "indarkeria matxistarik gabeko gizarte bat eraikitzea lehentasuna da Eusko Jaurlaritzarentzat". "Erne egon behar da, ultraeskuinak Europan eta munduan aurrera egin duelako eta indarkeria matxista ukatzen duten diskurtsoak eta berdintasunaren aurkako erreakzioa sortzen ari direlako", esan die.
Errealitate horren aurrean, Jaurlaritzako lehendakariak nabarmendu du konfiantza duela "emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde beti agertu den" euskal gazteriarengan, eta gazteriarekin elkarrizketarako guneak irekitzeko beharra defendatu du. Adierazi duenez, egin den hausnarketa bateratua Jaurlaritzak herritarrei eta, bereziki, gazteei entzuteko duen borondatearen adibide da. "Asko hitz egiten dugu gazteei buruz, baina ez diegu beti entzuten", gaineratu du.