Osakidetzako Bilboko Santa Marina ospitalean %38 murriztu du CO2 aztarna 2023. urtean, erietxean bertan egindako energia eraginkortasuneko jarduketei eta urtean 105 tona CO2 inguru harrapatzen dituen 21 hektareako baso propioari esker.
Modu honetan, Osakidetzako iturriek nabarmendu dutenez, energia eraginkortasuneko neurriak inplementatuz, Bilboko erietxea urratsak egiten ari da energia eredu jasangarriagorako bidean. Jardun hori bat dator Osakidetzak erantzukizun sozial korporatiboaren inguruan hartutako eta 2023-2025 aldirako plan estrategikoaren 4. lerroan jasotako konpromisoarekin.
Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko Euskadiko Legearen testuinguruan egin da hori guztia. Izatez, legearen helburua da gehienez ere 2050ean zero emisio garbiak lortzea, emisioak murriztearen bidetik eta atmosferako berotegi efektuko gas gehiago xurgatzearen bidetik, eta, hala, lurraldeak klima aldaketarekiko duen erresilientzia handitzea.
Bada, orain arte Santa Marina ospitalean egindako jarduketei esker, eta erietxea bera urtean 105 tona inguru CO2 harrapatzen dituen 21 hektareako baso propioan kokatzeari esker, 2023an %38 murriztu du CO2 aztarna.
Hori lortzeko ekintzarik aipagarrienen artean daude energia elektriko berdea erostea, biomasa galdaren erabilera lehenestea, argiteria LED teknologiarekin ordezkatzea, ospitaleko fatxada kanpoko isolamendu termikoarekin berritzea, ibilgailuetarako kargagailu elektrikoak instalatzea, bizikletak eta motozikletak aparkatzeko guneak gordetzea eta langileak kontzientziatzeko lan egitea.